Energia nuklearra

Garoñako zentrala berriz martxan jartzea aztertuko dute

Gaztela eta Leongo presidenteordeak egin du jakinarazpena; 2030erako martxan nahi lukete, bi erreaktore berrirekin

arantxa iraola
2022ko irailaren 14a
23:01
Entzun

Gaztela eta Leongo Juntak (Espainia) berriz Garoñako zentral nuklearra martxan jar daitekeen aztertzeko asmoa du. Arabatik hurbil dago zentrala, Burgosen, eta haren gaineko albisteei gertutik erreparatu zaie beti. Juntako presidenteorde Juan Garcia-Gallardok jakinarazi du berria, gaur; aditzera eman duenez, azterketa bat egiteko asmoa dute oraingoz.

Bi erreaktore berrirekin ireki nahi lukete zentrala, 2030erako. 2012an utzi zion energia sortzeari azpiegitura horrek, baina 2017an itxi zuten. Orain, desegiteko lanak hastekoak dira berez, eta onetsita dago horretarako plan bat.

Garcia-Gallardo Vox alderdi ultraeskuindarreko ordezkaria da Gaztela eta Leongo Juntan. Aditzera eman duenez, ipini nahi lituzketen bi erreaktoreak «azken belaunaldikoak» dira: «Suedian, Finlandian, Frantzian eta Japonian darabilten teknologia da». Onartu du zentralean lanean ari diren teknikariek adierazi diotela erabili gabe urteak daramatzanez hondatuta dagoela azpiegitura, baina uste du hori ez dela arazo izango berriz martxan jartzeko. Bisitan izan da gaur zentralean, eta han egin du jakinarazpena, asmoak izan dezakeen garapenarekin itxaropentsu.

Izan ere, nabarmendu du zentrala ez zutela itxi «funtzionamendu arazoak» zituelako, gobernuak ezarritako zergek «ito» egin zutelako baizik. Zentralaren matxuren gaineko albisteak, hala ere, ugariak izan ziren urte askoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.