HEZKUNTZA

0-3 zikloan eginiko «urratsak» nabarmendu ditu Gimenok; «langileekin negoziatzera» premiatu dute beste taldeek

Haur eskoletako lan baldintzak hobetzeko lege proposamena aurkeztu du Navarra Sumak. «Oportunistatzat» jo dute gobernuari eusten dioten taldeek

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria parlamentuan, aurreko saio batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 15a
12:52
Entzun

0-3 zikloko haur eskoletan eginiko hobekuntzak nabarmendu ditu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok. Haren esanetan, «aurreko gobernuen urteetako immobilismoa» eten du Maria Txibiteren exekutiboak, hezkuntza ziklo horretarako aurrekontuak handituta. Zehazki, esan du gobernuak %31 igo duela 0-3 haur eskolentzako aurrekontua legealdi honetan, 13 milioi euroraino. Bestalde, azpimarratu du %14 handitu dituztela hezitzaileen soldatak, «administrazioko C mailako funtzionarioekin parekatzeraino»; eta garbitzaileenak, aldiz, %19, «D mailako funtzionarioen pare». Horrez gain, Hezkuntza kontseilariak esan du matrikula tasak murriztu egin dituztela, eta doakoak direla 20.000 euroko errenta baino txikiagoak dituzten familientzat.

PSNk eginiko galdera parlamentario bati erantzunez egin ditu adierazpen hauek Gimenok. Gainerako taldeek, ordea, ikuspegi kritikoagoa eman dute gaur goizeko osoko bilkuran.

Navarra Sumako eledun Pedro Gonzalezek gogorarazi du bere koalizioak lege proposamen bat aurkeztua duela parlamentuan, «0-3 ikastetxeetako langileen lan baldintzak hobetzeko». Iragan astelehenean, proposamena tramiterako onartu zuen parlamentuko mahaiak, eta datorren astean hasiko dute tramitazioa.

Geroa Bai: «Entzungor egin diezu langileei»

Geroa Baiko Maria Solanak Gimenori eta Hezkuntza Departamentuari leporatu die 0-3 Plataformako langileei «entzungor» egitea. «Ez daitezela irizpide ekonomizistak gailendu. Atera zaitez aurrez markatutako bide horretatik, Gimeno jauna. Bildu zaitez langileekin, aztertu proposamenak eta negoziatu». Navarra Sumaren lege proposamenari buruz, Solanak esan du ez dela beharrezkoa lege bat, «baina behar da zerbait: itun bat, adostua, sinatua eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua».

EH Bilduren izenean, Bakartxo Ruiz legebiltzarkideak esan du haur hezkuntzaren auzia zurrunbiloaren erdian izan dela «azken hiru legealdietan», eta ezinbestekoa dela «urrats gehiago egitea». Navarra Sumari egotzi dio «katastrofismoan» labaintzea eta «salbatzaile rola« beretzat nahi izatea, «nork eta hainbat urtez sektorea hondoratu duten horiexek». Gimenori eta PSNri, berriz, egotzi die «autokonplazentzia erabatekoaz» hitz egin izana. «Egin dira urratsak, jakina. Tarifak jaistea eta aurrekontuak handitzea egokia da, baina hori nahikoa da? Horrela asetzen al dira langileen aldarrikapenak?», galdetu du. Urrats horiek, gainera, aurrekontu akordioa sinatu zutenei esker egin dituztela gogorarazi dio kontseilariari: «Hobekuntza horiek ez dira zerutik erori. PSN, Geroa Bai, Ezkerra, Ahal Dugu eta EH Bilduren sinadura daramate». Horregatik, harago joatera premiatu du Gimeno: «Gobernua arrastaka eraman behar izan dugu 0-3 plataformako ordezkariekin batzartzera; eta ziurrenik, urrats gehiago eman beharko dira».

Ahal Dugu-ko bozeramaile Ainhoa Aznarezek ere «interlokuzio falta» sumatu du gobernuaren eta 0-3 zikloko langileen artean, eta lan eskaera horiei jaramon egiteko galdegin dio Hezkuntza Departamentuari.

Azkenik, Ezkerrako Marisa de Simonek azaldu du 0-3 eskoletako langileak «oso egoera zailean» direla: «0-3 zikloak egon beharko luke Hezkuntza Departamentuaren menpe, beste edozein hezkuntza ziklo bezala, baina, oraingoz, ez da halakorik gertatzen. Udalen menpe daude asko eta asko, eta, egoera horren ondorioz, langileek ez dute ordezkaritza sindikal orokor bat. Horrek zaildu egiten du negoziazio kolektiboa». Hori aintzat hartuta, «baldintza duinak» aldarrikatu ditu langile guztientzat.

Haur eskolen eskaintza «herritar guztiei» zabaldu beharko litzaiekeela gaineratu du De Simonek, eta doakotasuneranzko urratsak eskatu ditu. Eta Navarra Sumaren lege proposamenaz, esan du «oportunismo hutsa» dela, baina Ezkerrak «edukiei erreparatuko diela», alde edo kontra egin aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.