Tenisa

Roger Federerrek erretiratu egingo dela iragarri du

41 urteko tenislari suitzarrak Rod Laver kopan jokatuko du azkenekoz, hamar egun barru, Londresen. Sekulako garaipen zerrenda osatu du: hogei Grand Slam torneo irabazi ditu, eta 310 astez izan da ATPko Zirkuituko lehen sailkatua.

Roger Federer, partida batean. EFE
Julen Etxeberria.
2022ko irailaren 15a
15:57
Entzun

Urtebete pasatxo darama Roger Federerrek (Basilea, Suitza, 1981) jokatu gabe, iazko uztailean Wimbledonen, bere torneorik kutunenean galdu zuenetik. Saiatu da lehiara itzultzen, baina belauneko lesioek ezinezkoa egin dute. «Azken hiru urteak erronka bat izan dira niretzat, lesioengatik. Gogor egin dut lan sasoi betean jartzeko, baina nire gorputzaren mugak ezagutzen ditut, baita bidaltzen dizkidan mezuak ere. Nire kirol ibilbidea bukatzeko garaia iritsi da». Halaxe iragarri du gaur 41 urteko tenislari suitzarrak erretiroa hartuko duela Rod Laver kopa amaitzean. Hilaren 23tik 25era jokatuko da, Londresen.

Inoizko tenislaririk onenetakoa izan da Federer, kalitatearen eta dotoreziaren ikur. Ikusgarria da 24 urtean osatu duen garaipen zerrenda: batetik, hogei Grand Slam irabazi ditu —zortzitan Wimbledon, seitan Australiako Irekia, bostetan AEBetakoa eta behin Roland Garros—; seitan nagusitu da ATPko Maisuen Kopan; urrezko domina bat eta zilarrezko bat eskuratu ditu Olinpiar Jokoetan; eta 310 astez izan da ATPko Zirkuituko aurreneko sailkatua.

Federerren erretiroak Serena Williamsenari hartuko dio lekukoa. AEBetako tenislariak bukatutzat eman berri du bere kirol ibilbidea, 41 urte betetzear, eta 27 urtez profesional izan eta gero. Federerren garaipen zerrenda ikusgarria baldin bada, are hobeagoa da Williamsena. Izan ere, 23 Grand Slam irabazi ditu —Margaret Court australiarra bakarrik du aurretik—: zazpi aldiz Australiako Irekia eta Wimbledon, seitan AEBetako Irekia, eta hirutan Roland Garros. Horrez gain, zazpi aldiz nagusitu da WTA kopan, eta urrezko domina bat eskuratu du Olinpiar Jokoetan. 319 astez izan da WTAko zirkuituko lehen sailkatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.