Albistea entzun

Ingurumena

Patagonia konpainiaren jabeak enpresa oparitu du, «natura zaintzeko»

«Lurra gure akziodun bakarra» izango dela, esan du Yvon Chouinardek, eta enpresak lortzen dituen etekin guztiak «planeta zaintzen» gastatuko direla iragarri du.

Patagoniaren logoa, haren produktu batean.
Patagoniaren logoa, haren produktu batean. Ajay Suresh Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2022ko irailak 15

Ekokapitalismoak badu santu berria: Yvon Chouinard.

Mundu osoan mendiko arropa eta bestelako tramankuluak saltzen dituen Patagonia konpainiako burua da Chouinard. Milioi askoren jabeak berriki iragarri du enpresaren jabetza «oparitu» duela, horren irabaziak klima larrialdiaren kontra erabiltzen direla ziurtatzeko.

«Naturatik balioa atera eta hori aberastasun bihurtu beharrean, Patagoniak sortzen duen aberastasuna iturria babesteko erabiltzen ari gara. Lurra bihurtzen ari gara geure akziodun bakarra», esan du Chouinardek erabakia azaltzeko, konpainiaren 3.000 langileri baino gehiagori eginiko hitzaldian. «Planeta hau salbatzearena oso serio hartu nahi dut».

Patagonia konpainiaren jabeak gaineratu duenez, mende erdia daramate «negozio arduratsuaren inguruko esperimentua» egiten. «Beste 50 urtez ere planeta oparo bat eduki nahi badugu, denok egin beharko dugu ahal duguna, ditugun baliabideekin. Nik inoiz enpresaburu izan nahi ez banuen ere, neure partea egiten ari naiz».

Bi fideikomiso

Baina zer egin du zehazki Chouinarden familiak Patagoniarekin? Konpainiaren jabegoa bi fideikomisori eman die: Patagonia Purpose Trust delakoari, eta Holdfast Collectiveri. Lehengoa, orain, botoa emateko eskubidea duten akzioen jabea da (%2). Horren bidez, familiak ziurtatuko du Patagonia inoiz ez dela Chouinardek ezarritako helburuetatik desbideratuko. Bigarrenak bozkatzeko eskubiderik ez duten akzioen jabe da orain (%98), eta horrek ziurtatuko du konpainiak irabazitako euro bakoitza «natura eta bioaniztasuna» zaintzera bideratuko direla. Konpainiak urtero irabazitako dirutik, enpresan bertan berriz inbertitzen dena kenduta, gainerako guztia ingurumen larrialdiaren kontra erabiliko da. Horren bidez, urtero 100 milioi euro baino gehiago erabiltzea espero dute.

Izan ere, 1.300 milioi euro inguru fakturatzen ditu konpainiak urtero. Kaliforniako Ventura hirian du egoitza.

Yvon Chouinard, 1970eko hamarkadan / Tom Frost

Zergak eta zergatiak

Baina zergatik ez du Chouinardek enpresa saldu, besterik gabe, eta lorturiko dirua ingurumenaren alde lanean ari diren taldeei eman? Berak esan duenez, hala eginda ezingo zuten ziurtatu jabe berriek «geure balioei eustea, edo geure langileei lana ematen jarraitzea».

Baina erabakiak badu beste aurpegi bat: enpresa beste konpainia saldu izan balio, milioi asko ordaindu beharko zituen zergetan. Zerga ingeniaritza erabili dute hori saihesteko. Kalkulatu dutenez, konpainia 3.000 milioi euro inguru balio ditu; akzio guztiak Patagonia Purpose Trusti oparituz gero, 1.000 milioi inguru ordaindu beharko lukete zergetan. Baina %98 irabazi asmorik gabeko talde bati eman dizkiotenez, bakarrik, 17 milioi pasatxo ordaindu beharko dituzte. Dena den, jokaldi horrekin familiak ez du zerga kenkaririk erabili ahalko.

Maniobrak beste eztabaida bat piztu du: zilegi al da halako opariak egitea, ziurtatzeko dirua zeure ideologiatik gertuko egitasmoetarako erabiliko dela, ogasun publikoei zergetan ordaindu beharrean, gobernuek gero erabakitzeko nola gastatu? Beste batzuek joka dezakete berdin, beste interes batzuk bultzatzeko.

Izan ere, hori gertatu da dagoeneko AEBetan. Barre Seid elektronikako munduko milioidunak bere Tripp Lite enpresa oparitu zion iaz Leonard Leo eskuineko militanteak zuzenduriko funts bati. Besteak beste, AEBetako Auzitegi Nagusia eskuineko epaileen esku geratzen dela ziurtatzeko kanpainak bultzatu ditu Leok, abortu eskubideak murrizteko neurriak bultzatzeko, eta klima babesteko politikak oztopatzeko.

Beraz, badirudi Chouinardek Seid eskuindarrak erakutsitako bideari jarraitu diola, gero eta sakonago zatikaturiko AEBetako gizartean eragiteko.

Kontraesanak

Izan ere, Patagoniak beti eduki du kontraesan handi bat bere filosofiaren eta praktiken artean. Chouinard eskalatzaile sutsua izan zen gaztetan, eta bere buruarentzat eginiko eskalatzeko gailuak saltzen hasi zuen negozioa, 1970eko hamarkadan. Eskalatzeko iltzeek mendiko harrietan egiten zuten kaltearekin kezkaturik, zulorik behar ez zuten gakoak asmatu zituen. 2012ko abenduan mundua harritu zuen publizitate kanpaina itxuraz kontraesanezko batekin: Ez erosi jaka hau leloa erabili zuen, bere produktu baten argazki baten gainean. Horrekin kontsumismoaren kontrako mezua zabaldu nahi izan zuen, jendea ohartarazteko horrek naturan eragiten duen kalteaz.

Horri esker, konpainiak komunitate bat eraikitzea lortu du, bere balioekin bat egingo lukeena, eta bezeroak fidelizatzea. Beraz, azkenean, bere onurarako izan da jendeari bakarrik behar duena erosteko esatea, ziurtatu duelako askok berari erosiko diotela, filosofiarekin bat egin dutelako.

Planetak pairatzen duen larrialdi dela eta, konpainia asko ari dira azken urteotan eredu kontsumistaren inguruko hausnarketa egiten. 2016an mundua aho bete hortz utzi zuen Ikea konpainiako Steve Howardek, honako hau esan baitzuen: «Globalki begiratzen badugu, Mendebaldean, ziurrenera, goia jo dugu gauzekin, besteak beste, etxerako altzari eta apaingarriekin».

Lortuko al dute kapitalismotik etekinik handiena atera duten konpainia askok beste eredu bat topatzea, kapitalismoa, planeta eta euren buruak salbatzeko? «Gaurko sistema kapitalistak sekulako kostua ordainduta eskuratu ditu lorturikoak: hazten ari den desberdinkeria, eta ingurumen kalte izugarria, tartean. Mundua sutan dago, hitzez hitz», esan du Patagoniako administrazio kontseiluko buru Charles Connek. «Kapitalismoarentzat hurrengo eredua» sortuko duten enpresak dira negozioen etorkizuna, «eta etorkizun hori Yvon [Chouinard] orain egiten ari denarekin hasi da».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Metaleko langileen mobilizazioetako bat, gaur goizaldean. ©Foku

Bizkaiko metalgintzako grebak %85eko erantzuna izan du goizean, antolatzaileen arabera

Imanol Magro - Iker Aranburu

Piketeen goiza Trapagaranen hasi da, Productos Tubularesen, eta ez da langilerik sartu lantegira. Ondoren, bat egin dute Amazoneko logistika zentroko langileen grebarekin

Protesta, gaur goizean Amazonek Trapagaranen duen banaketa zentroen atarian. ©BERRIA

20.000 pakete baino gehiago banatu gabe Trapagarango Amazonen

Olatz Silva Rodrigo

Langileek salatu dute enpresak edozein negoziazio motari uko egiten diola. Langile talde osoak egin du greba cyber monday egunean

ELAk Bilbon egin duen manifestazioa. / ©ELA

Langileak pobretzen ari dela leporatu dio ELAk patronalari

Irune Lasa

Grebaren lehen egunean, Bilbon manifestazioa egin dute metalgintzako langileek ELA sindikatuak deituta

Iñaki Zabaleta, Saioa Urriza eta imanol Pascual, ELAren Iruñeko egoitzan ©ELA sindikatua

ELA: «Nafarroako 2023ko aurrekontuak legealdiko okerrenak dira»

Joxerra Senar

Sindikatuaren arabera, ez diote egungo egoera ekonomiko zailari aurre egiten eta behar sozialei erantzuten: Europako funtsak kenduta, %1,6 baizik ez dira handitu, «KPIaren eta BPGaren oso azpitik»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...