Gazteluetako irakasle ohiak esan du prest dagoela Elizaren ikerketan parte hartzeko

2009 eta 2011 artean, Gaztelueta ikastetxeko (Leioa) ikasleetako bati sexu abusuak egin zizkion. Irakasle ohiak berretsi du «errugabea» dela. Biktimaren sendiak BERRIAri esan dio espero duela «justizia» egitea.

Gaztelueta ikastetxeko maisuaren aurkako epaiketa, 2018an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 15a
21:40
Entzun

Jose Maria Martinez Sanz Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohiak adierazi du prest dagoela Frantzisko aita santuak agindutako prozesu kanonikoan «laguntzeko» , baina azpimarratu du bera «errugabea» dela. Atzo jakin zen Opus Deiren Leioako (Bizkaia) Gaztelueta ikastetxeko sexu abusuen auzia ikertzeko agindu duela Frantzisko aita santuak. Teruelgo (Espainia) gotzain Jose Antonio Satueri eman dio prozesu kanonikoa gidatzeko ardura, eta helburu izango du ikastetxeak Gaztelueta auzian izandako jarrera ikertzea. Jakinarazi dutenez, biktimaren familiarekin adostuta hartu dute erabakia.

Irakasle ohiak ohar bat argitaratu du gaur, non esaten duen ez duela ulertzen nola has diezaiokeen Elizak prozesu kanoniko bat «laiko bati», baina ziurtatu du prozesuan laguntzeko prest dagoela. «Nire errugabetasuna errepikatuko dut, entzun nahi badidate», azpimarratu du. Elizaren prozesuaren eta haren «bermeen» berri emango dion jakinarazpen ofizialen bat noiz jasoko duen zain dela erantsi du. Azkenik, oharrean adierazi du hamar urte daramatzala «larritasuna eta sufrimendu bidegabea pairatzen», eta denbora horretan guztian hainbat ikerketa egin direla, baita Elizaren aldetik ere, «mediatikoki oso baldintzatuta eta desitxuratuta dagoen kasu baten inguruan».

Familia, pozik
Elizak auzia ikertzeko hartutako erabakiarekin pozik dago sendia. «Justizia egitea espero dugu», adierazi dio BERRIAri Juan Cuatrecasasek, biktimaren aitak. Uste du Vatikanoaren erabakia «berandu» iritsi dela, baina pauso garrantzitsua dela. Elizak 2015ean itxitzat eman zuen zabalduta zeukan ikerketa, eta Cuatrecasasek iritzi dio orduko ikerketa «lardaskeria hutsa» izan zela, «tranpez» betetakoa. Orduko akatsa zuzenduko du orain Vatikanoak, biktimaren aitaren ustez: «Jabetu dira orduko hartan gezurrezko ikerketa iruzurtia egin zutela, eta orain prozedura kanonikoa zabaltzea erabakiko dute, egindako akatsa zuzentzeko». Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohiak zigorra jasotzea espero du sendiak, eta biktimari egindako sexu abusuak «aitortzea».

Familiaren defentsa abokatuak ere pozik hartu du albistea. Leticia de la Hoz abokatuak BERRIAri esan dio «egoera bidegabe» bat zuzentzea espero dutela. «Gorenaren zigorra bagenuen, baina ez Elizarena. Espero dugu biktimari egindakoa gaitzestea».

Gorenaren epaia

Espainiako Auzitegi Gorenak bi urteko espetxe zigorra ezarri zion Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohiari, ikasleetako bati sexu abusuak egitea leporatuta. 2009 eta 2011 artean gertatu zen hori, biktima adingabea zela. Udan, baina, biktimari bidalitako gutun batean, aita santuak adierazi zuen aferaren inguruko txostenak gainbegiratu zituztela, eta prozesua irekitzeko beharra ikusi zutela: «Gero, epaiketa egiteko epaimahai bat izendatuko dut». Hori izango da Satuek gidatuko duena. Religión digital hedabidearen arabera, litekeena da Satuek berak edo Joseba Segura Bilboko gotzainak komunikatu bat egitea laster, prozesua hasi dutela jakinarazteko.

Orain arte, Opus Deik eta ikastetxeak uko egin diote biktimari barkamena eskatzeari eta edozein erantzukizun beren gain hartzeari. Are gehiago, zenbait hedabideren arabera, Vatikanoaren esku hartzea galarazi nahi izan dute.

Hau da Vatikanoak afera honetan esku hartzen duen lehen aldia. Halere, Infancia Robada elkartearen arabera, 2018an ere onartu zuen Gaztelueta auzian irregulartasunak izan zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.