Pauline Texier eta Kattin Xilibolost

«Neska andana bat bagara azkenean artaldeekin eta gasna egiten ari garenak»

Biziaren harat-honaten eraginez abiatu dira Texier eta Xilibolost artzaintzan; lehen urtaroa bururatzen ari dira. Beren ibilbideaz eta artzain gisa egin lehen urratsez mintzatu dira.

jarraia218243.jpg
Iñaki Etxeleku.
2022ko irailaren 16a
12:42
Entzun

Elkarrekin ziren lizeoan, eta biek literatura baxoa egin zuten, Donibane Garaziko Nafarroako ikastetxean. Pauline Texier arkitektura ikasketetan ibili zen (Tauste, Espainia, 1992), eta Kattin Xilibolost zientzia politikoetan (Uhartehiri, 1992). Ibilbide ezberdina izanik ere, biak artzain bilakatu dira, eta lehen artzain urtaroa bukatzen ari dira. Texierrek, Aldudeko bikote baten segida hartzeko; Xilibolostek etxondoko segida hartu du, Uhartehiri Etxeberrian.

Zer oroitzapen duzue lizeoaz?

PAULINE TEXIER: Onak. Lizeo ttipi bat, jende izarikoa.

KATTIN XILIBOLOST: Ontsa aditzen genuen elkar; aski motibatuak ginen. Irakasle on batzuk bagenituen. Giro ona ekartzen zuen.

Orduan irudikatzen zenuten laborantzan ariko zinetela?

TEXIER: Batere ez!

XILIBOLOST: Tttipitan laborantza ezagutu dut; orduan banekien kabalekin-eta kanpoan ibiltzea maite nuela. Baina banekien ez nintzela prest. Beste zerbait nahi nuela ezagutu, mundua ikusi.

Zer ikasketa egin dituzue?

TEXIER: Arkitektura eskola egin nuen, Parisen. Arte horretan, bidaiatu dut, eta ohartu ez nintzela Parisen egonen; Euskal Herrirat sartu nahi nuen. Ustez arkitektura egiteko izanen zela. Laborantzan hasi nintzen ordezkapen bat eginez, hilabete batez. Gero bi, hiru hilabete…; bost urtez segitu dut.

Eta zuk, Kattin?

XILIBOLOST: Bilborat joan nintzen politika zientzietako eta administrazioko lizentzia lortzera. Biziki urte ederrak izan dira. Hortik landa, bidaiatzeko enbeia nuen. Gogoa nuen Askapenarekin zerbait egiteko, eta Boliviara joan nintzen. Itzuli, eta lana atzeman nuen segidan Mediabask-en; lau urte pasa egon naiz.

TEXIER: Irrigarri da, zeren eta ni ere Bolivian egon nintzen.

XILIBOLOST: Egon gara La Pazen, biak, ber momentuan, eta ez genuen elkar gurutzatu.

Pauline, arkitekturan bazenuen gogo berezirik?

TEXIER: Diziplina bera maite dut, baina ez nuen ikusten ofizioan zer eginen nuen. Gauza biziki konkretuak egin nahi nituen —lur-lasto eraikuntzak edo—; ez bostehun bizitegi sozialeko egitasmoak. Laborantzan eskas nituen egintza konkretu horiek aurkitu ditut. Arkitektura maite dut: gauzak pentsatzea, marraztea, eraikin aztertzea, baina ofizio gisa horretan loratzeko, ez nuen ikusten. Eta ez nuen hirian egon nahi.

Kattin, politika zientziek zer ekarri dizute?

XILIBOLOST: Munduaren ibiltzeko eran zerbait ulertzea xerkatzen nuen. Ekarri dit Euskal Herria hobeki ezagutzea; sistema politiko batzuen, hemengo historia hobeki ulertzea. Azken urteetan plantan eman ziren dinamikak hurbiletik aztertzea: Gure Esku, bake prozesua. Ikasleon artean eztabaida interesgarriak genituen. Bilbon egin harremanek anitz ekarri didate.

Kazetaritzatik zer atxiki duzu?

XILIBOLOST: Ezin da eneatu kazetaritzan; ikasten duzu egun guziz, eta behar duzu biziki fite ikasi. Beharbada ikasketek eman didate sintesia, analisia egiteko gaitasun hori; dinamika batzuk ulertzeko: instituzioenak, indar harremanen funtzionamenduak… Lurralde baten ezagutza ez da sekula fini. Beti aldakorra da, baina, aldi berean, gauza berdinak errepikatzen dira, ber problematikak. Aspertzen du ikustean ez direla konpontzen. Xantza ukan dut konfiantza egin digutelako; utzi digute gauza sakon batzuei buruz idazten: elkargoaren sortzea, ETAren bukaera, eta hainbat borroka sindikal eta sozial.

Noiz hazi da zuen baitan laborantzan instalatzeko ideia?

XILIBOLOST: Hasiera eta bukaera nozio horiek ez ditut barneratuak. Uste dut beti elikatu dela bizian. Bilbon nintzelarik, gustura nintzen, baina banekien ezingo nuela bizi osoa pasatu hirian. Euskaldun gisa, edo Etxeberriko gisa, bazen pisu hori: «Zer bilakatuko da etxaldea?». Kezka hori beti hor izan dut. Joan da bere bidea egiten, ohartu arte kezka sakona zela; orduan, pertsona batzuen ezagutzeak ahalbidetu du pentsatzea instala nintekeela bakarrik.

TEXIER: Ordezkari gisa hasi nintzen, beraz. Ontsa sentitzen nintzen, eta ttipitik ezagutzen nuen etxaldea zen. Arkitektura diploma pasatu, eta egin nuen: «Orain zer eginen dut? Hirugarren sasoi bat edo arkitekturan hasi?». Ohartu nintzen sekula Baionan lan egiten banuen arkitektura tailer batean, ez nituela bildotsak sortzen ikusiko. Pena egin zidan bihotzean. Hirugarren sasoia egin nuen, gero eta gehiago ontsa aditzen ginen enplegatzaileekin, eta agertu zen ez zutela segidarik izanen. Pentsatu nuen: «Uzten baditut, nola eginen dute?». Joan den neguan serioski mintzatu ginen segida har nezan.

XILIBOLOST: Ene instalazioa aukerak egin du; Ttele Leizagoienen [Amendüze Mantenunian] etxean egin nuen ikastaldia. Ongi sentitzen nintzen. Ttelek artaldea saltzekoa zuenean, ikusten nuen jendea etortzen etxaldera eta bihotzeko ximikoa sentitu nuen: «Uzten badut pasatzen, ez dut jasanen! Damutuko zait». Gau batez erabaki nuen artaldea hartzea. Eta gure amaren jakintza joaten uztea zaila izanen zitzaidan, ama hasi baitzen amatxiren errezetekin gasnatzen; entseatzen, ikasten. Aberastasun hori uztea…

TEXIER: Nik ere banekien artzain bikoteak ardiak salduko zituela. Ardi horiek ene haurrak bezala zitzaizkidan; beste nehork ez zitzakeen eros. Bizi baten eraikuntza galtzea izanen zen. Hainbeste maitasunekin egina delarik, ez dituzu utzi nahi.

XILIBOLOST: Ezagutu ditugu artalde hori utzi behar zutenak; ikusi dugu zer erran nahi duen artalde horrek haientzat. Zerbait humanoa bada gibelean; ardura bat sentitzen duzu.

TEXIER: Gauzak ez dira halabeharrez egiten; bada une bat lerrokatzen baitira, eta zentzua dute. Begi bistakoa bilakatzen zaizu.

XILIBOLOST: Hori ulertu dudanean, lasaitu nau, arrunt. Zentzuzko zerbait egiten ari nintzen, inork behartu gabe. Historiaren pisu hori ez da gehiago pisu bat, baina indar bat.

Berezko artzain gisa lehen urtaro osoa eginik, nola joan da?

XILIBOLOST: Biziki kontent naiz. Ontsa pasatu da. Ez dut ukan halako arazo berezirik. Ontsa inguratua izan naiz, eta biziki inportantea izan da bai moralki, bai praktikoki. Gero, dena berria izan da. Bada ikasteko, beti.

TEXIER: Bortuaren deskubritzea izan da. Neguko eta udaberriko arditegi lana ezagutzen nuen. Bortuan, kanpoan: aroa, lakastak…; hori guzia, ez. Egia erran, biziki ontsa pasatu da. Leku polita da, handia, eta bazen bazka; ehun ardi ditudalako, lehen laurehun bazirelarik. Beste artzainak ezagutu ditut, eta ontsa joan da.

Segidarako zer gogo duzue?

XILIBOLOST: Hasi naiz, baina ez dut deus ikusi oraino. Pentzeen kudeaketaz guti dakit; behar dut barneratu. Gasnatzea, berdin; beharbada, beste gasna mota bat egin. Egiten dudana ahal bezain ontsa egitea izanen da ene erronka, ahal bezain gustura: biologikoan lan egitea eta autonomiara buruz tiratzea. Eskala ahal bezain ttipi eta humanoan, denbora hartuz enetako.

TEXIER: [Etxalde] Transmisioa ontsa egitea. Ontsa begiratu eta ulertzea duten sistema, gero nihaurrena sortzeko: ardi kopurua beheitituko dut, mailegu sisteman sartu gabe. Pentzeko lanetan ez dakit deus, eta ikasi beharko dut. Ene ideia da maiatzean igotzea, gasna egitea bortuan. Mendiarekin gehiago lan egitea. Zuhain gutiago erosiz. Salmenta zuzena lantzea. Biologikoa, beharbada egun batez. Berdin, partaideak bilatu?

Etxaldeko?

TEXIER: Anaiarekin eta ahizparekin asmoa genuen elkarrekin plantatzea. Buru izkina batean gelditu da. Anaiak gaztainak, sagarrondoak eta beste lantzen ditu. Ahizpak naturopatia ikasten du; etxalde pedagogiko baten ideia bazuen.

Batak besteari zerbait errateko?

XILIBOLOST: Zoriondu! Pozten naiz. Kuraia eta konfiantza ematen du beste norbait instalatzen ikusteak; adineko lagun bat. Bagara neska andana bat azkenean artaldeekin, gasnatzen dugunak.

ETXALDEAK

Pauline Texierena.

Artzain soil eta lurrik gabe da, oraingoz, Pauline Texier, etxaldearen segida hartu artean.

Alokatuko duen etxaldea: Enautenea (15 Ha).

Bortua: Beraskoainen (Nafarroa), Sorogain ondoan.

Ehun bat ardi. Manex buru beltzak.

Kattin Xilibolostena.

Etxaldea: Etxeberria (25 Ha lur eta 5 Ha oihan).

Bortua: Soihartze.

Ehun bat ardi. Manex buru gorriak nagusiki; buru beltz bakar batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.