Arte urbanoa

Paretek pintura nahi dute

Margoek hartu dute Uharte, berriz ere: Cantamañanas arte urbanoko jaialdia egin dute, hemeretzigarrenez. Herri osoa bilakatu da grafiti eta mural egileen euskarri, jaialdia lehenengoz egin zutenetik. Artiston lanak 65 mural inguruko ibilbidea osatu du herrian.

Sergio grafiti egilea mural bat egiten Cantamañanas arte urbanoko jaialdiaren barruan. IñIGO URIZ, FOKU
edurne elizondo
2022ko irailaren 16a
12:51
Entzun

Garabiak, hesiak eta pintura usaina. Uharteko karriketan sumatzen da Cantamañanas arte urbanoko jaialdia martxan dela. Herrian gutxi dira margoaren arrastorik gabeko paretak; Cantamañanas jaialdiak hemeretzigarren aldia izan du aurtengoa, eta ia hogei urtez egindako bidean anitz dira herritarrentzat utzitako obrak: 65 inguru, denera.

Jabi Landa mural egile uhartearra da Cantamañanas jaialdiaren oinarri. Grafitiaren esparruan egin zituen lehendabiziko marrazkiak, eta orain kaleko artea du lanbide. Ez du galdu, halere, lagunekin paretara joan eta margotzeko grina, eta gogo hori asetzeko asmoz hasi zen jaialdia antolatzen. «Doan aritzen gara denok; lagun arteko jaialdi bat da; neurri handi batean, elkarren ondoan pintatu nahi duten artistak etortzen direlako; filosofia horrek bilakatzen du gure jaialdia berezi». Euskal Herriko zaharrena da. «Munduko zaharrenetakoa», zehaztu du Landak.

Jabi Landa, Cantamañanas jaialdiko antolatzailea. HITZA.

Pandemiak ere ez zuen bertan behera uztea lortu.

Landak Uharten aurkitu du bere grina mural bilakatzeko behar zuen babesa. Izan ere, jaialdia egin duten aldi guztietan herriko udala izan dute laguntzaile, eta herritarrek ere kontent hartu dituzte euren karriketako paretak mihise handi bilakatu izana. «Uste dut Uharten Arte Garaikidearen Zentroa egoteak eta Patxi Buldainen gisako erreferente bat izateak lagundu duela aldeko giro hori sortzen», nabarmendu du Jabi Landak.

Buldainek 1980ko hamarkadan San Joan plazan egindako mural bat da, hain zuzen, oraingo Cantamañanas jaialdiaren nolabaiteko hazi. «Buldainek bere tailerrean ari ziren bertze herritar anitzekin egin zuen mural hori; nire aita ere aritu zen margotzen, eta nik neuk ezagutu nuen, desagertu zen arte». Murala zegoen eraikina eraitsi egin zuten, eta, ondorioz, obra galdu zen.

Arte garaikidearen zentroan

Patxi Buldainen murala suntsitu zen, baina indarrean segitzen du artista hori, Landa eta Arte Garaikidearen Zentroa lotzen dituen artearekiko zaletasunak. 2019an, adibidez, Buldain omendu zuten arte garaikidearen zentroan, eta Cantamañanas jaialdiko antolatzaileak aritu ziren mural bat margotzen, ekinaldiak iraun bitartean. Zentroarekin ere elkarlanean aritu dira Landa eta bertze zenbait artista urbano: inguruko paretetako muralak dira harreman horren emaitzarik ikusgarriena.

Aurtengo Cantamañanas jaialdia hilaren 8tik 11ra egin dute, eta igandetik, ondorioz, bertze zortzi mural daude Uharteko karriketan. «Herriko hegoaldean aritu gara aurten, 11 artista denera; guztiak nafarrak. Hemendik aurrera, aurretik egindako muralak berritzea da gure asmoa», azaldu du Landak.

Obra berrien artean, Saokak, Sergiok eta Imsak elkarrekin egindako murala dago. Hiru egileon lanak ederki islatzen du jaialdiaren filosofia, aurrenekoz egin baitute bat murala elkarrekin sortzeko. «Elkarren lanaren berri bagenuen, baina ez genuen elkar ezagutzen; Jabik [Landa] hiruren artean mural bat egiteko aukera proposatu zigunean berehala erran genuen baietz», kontatu du Saokak.

Saoka Ameriketako Estatu Batuetatik etorri da, Imsarekin batera, Cantamañanas jaialdian parte hartzera. Iruñekoa da Saoka, eta Antsoaingoak, berriz, Imsa eta Sergio. Hirurak dira grafiti egileak. Imsa lehengusu baten eskutik hasi zen. «Bartzelonatik ekartzen zituen poteak; baten bat kendu, eta margotzera joaten nintzen». Orain, muralak margotzea du lanbide, AEBetan. «Han harro dira grafitia sortu izanaz, eta balioa ematen diote karrikan egiten dugun lanari».

Malmo artista mural bat egiten Cantamañanas arte urbanoko jaialdiaren barruan. Iñigo Uriz / Foku

Saokak txikitatik maite izan du margotzea; etxean paper zurian egindako marrazkiak bazter utzi zituen pareta baliatzen zuten artista batzuen lana ezagutu zuenean. «Gure gizartean bada joera dena sailkatzeko; barruan duguna adierazteko moduek, baina, muga oro gainditzen dute anitzetan. Sormenari bide bat emateko modu bat da arte urbanoa», kontatu du Saokak.

Sergiorekin eta Imsarekin batera egindako lanari buruz, pareta margotzen hasi aurreko prozesua nabarmendu du artistak. Sergiok ere balio handia eman dio bide horri. Uharteko muralak garrantzi handia du beretzat: «Saokaren eta Imsaren lanari so hasi nintzen ni margotzen, bertzeak bertze».

Sergiok ere grafitia du oinarrizko lan tresna. Ez du lanbide, halere. «Ez nuke nahi; uste dut ematen didana galduko lukeela. Niri margotzea gustatzen zait lagunekin elkartzeko, aukera ematen didalako gauzak ikusteko nire modu bera duen jendea ezagutzeko».

Garabiak, hesiak eta pintura usaina. Herritarrak paretei so aritu dira Cantamañanas jaialdiko artistak hormak margotu bitartean. Uharten, halere, zaila da muralik gabeko paretak aurkitzea. Herri osoko karrikak bilakatu dira artisten euskarri, eta herri osoko karrikak dira, ondorioz, Cantamañanas jaialdiko aldi guztien maparik onena. Herrian ibili bertzerik ez dute egin behar arteaz gozatu nahi dutenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.