Eszena

Saseta eta Monzon kantatzea

Irati Jimenez idazlea da emanaldiaren zuzendari artistikoa, eta musika, dantza eta literatura uztartuko ditu saioak. Bihar estreinatuko dute, Hondarribian, eta Bergaran ere izango dira, hilaren 27an.

Tomas Mitxelena, Kandido Saseta, Lino Lazkano eta Rufino Rezola gudariak, Asturiasen (Espainia). EUSKO JAURLARITZA/ EUSKADIKO ARTXIBOA
Inigo Astiz
2022ko irailaren 16a
14:40
Entzun

«Kontatuko ditugun historiak ezagunak dira, baina komeni da tarteka horiek ere geure buruari kontatzea». Kandido Saseta 1936an Eusko Gudarosteko sortzaile izandakoa eta Telesforo Monzon lehen Eusko Jaurlaritzako Herri Zaintza sailburu, politikari eta idazlea omentzeko diziplinarteko ikuskizun bat sortu dute Olaso Dorrea fundazioak eta Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, eta bi figura historiko horien gaurkotasuna defendatu du Irati Jimenez idazleak. Hura da Saseta, Monzon eta Gudarien eginak izeneko emanaldiaren zuzendari artistikoa, eta hura izango da emanaldiko gidaria ere, baina Jimenez ez ezik, Kemen dantza taldea, txalapartariak, Josu Txapartegik gidatutako abesbatza eta Estitxu Pinatxo abeslaria ere bilduko ditu oholtzan ikuskizunak. Bihar egingo dute estreinaldia, Hondarribian (Gipuzkoa), Itsas Etxeko auditoriumean, 11:30ean. Eta ondoren, Bergaran ere (Gipuzkoa) emango dute, hilaren 27an.

«Iraganera begiratuko dugu, eta apur bat gora ere bai, izpirituak apur bat zabaltzeko», azaldu du Jimenezek. «Gauza tristeak kontatuko ditugu: galdu behar ez zen gerra bat kontatuko dugu, eta haren ostean heldu zen 40 urteko gau luze bat, eta Monzonek ere nola erbesteratu behar izan zuen. Baina egin beharreko borroka bat egin zuten, eta historia oso boteretsuak ere badaude hor kontatzeko. Irlandar kantuak bezala, erdi tristeak eta erdi pozgarriak direnak».

HandItuz joan den proiektua

Bi urteurrenek eman diete lanean hasteko aitzakia. 85 urte bete dira aurten Saseta hil zutenetik, eta 75 Telesforo Monzonek Gudarien eginak liburua argitaratu zuenetik, eta bi data horiek izan dira emanaldiaren abiapuntua. Hasieran, omenaldi xume bat egitea izan zen ideia, baina, Jimenezen hitzetan, «handituz» joan da proiektua pixkanaka.

Saseta eta Monzon ez dituzte apeta hutsez batu. «Historiak ematen digu Saseta eta Monzonen arteko lotura egiteko oinarria», azaldu du Jimenezek. «37an hil zen Saseta gudari batailoi baten buru zela, eta handik hamar urtera eman zuen argitara Monzonek, Gudarien eginak liburua, erbestean idatzia, 1947an, hain justu, Sasetaren moduko gizonei omenaldia egiteko».

Eta liburu hori izango da emanaldiaren muina.

Monzonen zubi lana

Euskal literaturaren historian Monzonek egindako zubi lana nabarmendu du Jimenezek. «Nazio liriko bat gara, eta ez da gure poeta bikainenetako bat, baina zubi lan garrantzitsua egiten du. Lauaxeta eta Lizardi buru zituen belaunaldi hori sortu zen gerra aurrean, eta, gero, desertu bat etorri zen. Eta hor agertzen da Monzon. Hari zor diogu, esaterako, Urrundik liburua, Mexikon argitaratu zena, eta gerraosteko euskarazko lehen liburua izan zena, eta, gero, urte batzuen buruan etorri zen Gudarien eginak».
Kantatzeko idatzitako poemak dira denak, eta halaxe emango dituzte emanaldian ere.

Pisuzko izena da Sasetarena 36ko gerrari buruzko kontakizunetan. Abertzale sutsua izanik, hura izan zen Eusko Jaurlaritzaren alde aritu ziren ikasketadun militar bakarretako bat.

Gasteizko intendentzia kapitaina zela harrapatu zuen 1936ko altxamenduak Kandido Saseta. Gudarien indar boluntarioak eta Euzko Gudarostea antolatzen jardun zen Loiolako santutegian, eta hark diseinatutakoak dira gerrako babes lerro ez gutxi. 1937an Asturiasko frontera bidali zuten, eta han hil zen, otsailaren 24an. Han erori, eta, han egon ziren haren gorpuzkiak, harik eta 2008an haren gorpua topatu, eta, azkenik, Hondarribira eraman ahal izan zituzten arte.

Saseta eta Sasetaren hurrena

Monzonek eredugarritzat zeukan Saseta, eta, horregatik eskaini zion Saseta’ren ekiñaldiak izeneko poema Gudarien eginak bilduman. «Saseta da Gudarien Buru./ Txiki, bizkor, alai, argi, sutsu./ Apala da. Beldur ez ezagun./ Kementsuenak dira aren lagun./ Adiz otza, odolez bero,/ aurrera! arek esan ezkero,/ euskaldun mutil guziak nai,/ il edo bizi, berari yarrai!».

Baina ez hor bakarrik. Poliziak tiroz hildako Eustakio Mendizabal Benito Txikia ETAko kideari eskainitako Txikia abesti ezagunean ere, lehen estrofan bertan aipatu zuen Monzonek Sasetaren izena, eta ordu hartan frankismoaren aurka ari ziren ekintzaile haien arbasotzat aurkeztu. «Txikia zuen guda-izena/ bera gizon osoa izan arren,/ Mendizabal, Sasetaren hurrena,/ biak txiki, bizkor eta lerden./ Saseta hil zen gudarien aurrean,/ Mendizabal hil zaigu bakarrik,/ baina biok daukate Herri osoa/ atzo ta gaur euren atzetik/ Euskadi'rentzat hil dire-ta/ gorputzak arantzaz beterik».

Eta abesti hori ere entzungo da emanaldian.

Arbasoen gelan

Euskal Herri osoa izan dute buruan, Kepa Ordoki elkarte memorialistako kideek azaldu duenez. Peli Lekuona: «Orain arte, eskualdean jardun izan dugu, eta uste dugu, bai Monzonen bai Sasetaren figurengatik, honek zerbait nazionala izan behar duela».

Solemnea izango da emanaldiaren giroa, Jimenezek onartu duenez. Eta azaldu du horren zergatia: «Joxe Azurmendik erabiltzen duen esamolde bat erabiltzearren, esango nuke arbasoen gelan sartzen garenean oinutsik sartu behar genukeela, zarata gutxi egiteko, eta begiramenez, hor asko dagoelako ikasteko». Baina solemnea ez ezik «suspergarria» ere izango dela espero du. «Arimak apurtxu bat zabalago ateratzea izan da nire asmoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.