'Zorionak zuri' abestuta zabaldu dute 70. Zinemaldia

Fipresci Sari Handia Ryusuke Hamaguchiren 'Drive my car' filmak irabazi duela iragarri dute Zinemaldia hasteko ekitaldian, eta, besteak beste, aste honetan bertan hildako Jean-Luc Godard zuzendaria gogoratu dute.

Zinemaldia zabaltzeko ekitaldiko une bat. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko irailaren 16a
21:35
Entzun

Loreto Mauleon eta Paco Leon aktoreek aurkeztuko dute aurtengo 70. Zinemaldia zabaltzeko ekitaldia. Leonek euskaraz egin ditu hitz batzuk hasieran, eta entzuleen barreak eta txaloak eragin ditu.

Mauleonek poza adierazi du, entzuleak, aspaldiko partez, maskarik gabe ikusi dituelako.

Lehenengo Zinemaldiko irudiak berreskuratu dituzte, frankismoko NoDo albistegi batetik. Orduan, galdetu dute ikusleen artean ba ote dagoen orduko hartan parte hartu zuen inor. Eta, bai, bi emakume agertu dira. Agertokira atera dituzte orduan Mauleonek eta Leonek, eta txalo zaparrada jo diete ikusleek orduan adineko emakumeoi. Kontatu dute dantzari atera zirela Zinemaldian. «Ez ziguten ordaintzen», azaldu dute, baina, dantza egitearen truke film guztiak doan ikusteko aukera zutela argitu dute.

Halere, kontatu dutenez, film bat ez zieten ikusten utzi, «titi bat agertzen zelako, eta norbaitek titi hura ukitzen zuelako». Suediako film bat zela azaldu dute.

Ondoren, Edurne Ormazabal deitu dute agertokira, ekitaldiko aurkezlea izan zelako urte luzez. Euskaraz animatu ditu ikusleak «zinema imajinatzen jarraitzera». Donostiako Tabakalera gunea zuzentzen du gaur Ormazabalek, eta han Zinemaldiaren inguruan dagoen erakusketaren inguruko irudiak erakutsi dituzte orduan.

Cayetana Guillen-Cuervo aktorea Zinemaldian emango dituzten gaztelerazko filmen inguruan mintzatu da. «Zinema espainiar» gisa aurkeztu dute, besteak beste, Black is Beltza: Ainhoa euskarazko animazio filma.

Mikel Erentxun musikariak kanta bat abestu du, gitarraz eta harmonikaz lagunduta.

Horren ostean, Belen Cuestak Fipresci Saria aurkeztu du. Horren ordezkari Andoni Iturbek iragarri du zinema kazeten nazioarteko federazioaren aurtengo Sari Handia, Ryusuke Hamaguchiren Drive my car filmak irabazi duela. Zuzendariak ezin izan du Donostiara joan, baina bideo baten bidez eman ditu eskerrak. Adierazi duenez, «beldurra» zuen filma estreinatu aurretik, lanak hiru ordu irauten duelako. Baina, ostean, lasaitua hartu zuen ikusita ikusleek nola hartu zuten, mundu osoan.

Aste honetan bertan hildako Jean-Luc Godard zuzendaria gogoratu dute horren ostean.

Aurtengo epai-mahaia aurkeztu dute ekitaldian, eta epaileak banan bana agertu dira. Horien izenean hitz egin du Matias Moisterin ekoizle argentinarrak. Gogoratu du nazioartean dagoen indarkeria giroa, eta adierazi du zinemak intolerantziaren kontra egiteko duen ahalmena erabili behar dela. «Zinema ahots mordo hori da». Aniztasun hori ordezkatuko lukeen film aukeraketa bat erakutsi dute orduan.

Rocío Marquez flamenko-kantari andaluziarrak ere kantu bat jo du, Bronquio musikariak lagunduta.

Zinemaldia zabaltzeko aukeratu duten Modelo 77 filmeko taldea jendaurrera agertu da orduan. Izan ere, film hori eman behar zuten Zinemaldia zabaltzeko ekitaldiaren ostean. Ikusleak zinema aretoetara joatera animatu dituzte.

Ekitaldia amaitzeko, Zorionak zuri, abestu diote Zinemaldiari, 70. urte bete dituelako, eta horrekin hasi da ofizialki jaialdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.