FUTBOLA

Realak irabazi egin du, eta Alavesek, galdu

Gipuzkoarrak nagusi izan dira, eta 2-0 hartu dute mendean Vila-real. Arabarrak ezinean aritu dira Madrilen kontra: 1-2

Realeko jokalariak, Synne Jensen zoriontzen, hark partidako lehen gola sartu eta gero. MANIX DIAZ DE RADA
Julen Etxeberria.
2022ko irailaren 17a
18:21
Entzun

Denetarik izan du gaur Espainiako Lehen Mailako estreinakoak euskal taldeentzat. Onetik, Realak 2-0 irabazi baitio Vila-reali. Eta txarretik, Alavesek 1-2 galdu baitu Madrilen aurka.

Reala nagusi izan da, hasi eta buka. Hasi eta gutxira bideratu du garaipena, Synne Jensenek seigarren minutuan sartu baitu lehen gola. Gehiago izanagatik ere, kosta egin zaie txuri-urdinei partida erabakita uztea. 59. minutuan lortu dute bigarrena; Lara Matak sartu du bere atean. Garaipenak indarra emango die asteartean Anoetan jokatuko duten Txapeldunen Ligako partidari begira.

Alaves, ordea, ezinean aritu da. Mikel Crespo entrenatzaileak berak aitortu du Madril nagusi izan dela. Koska bat gorago daude espainiarrak, eta agerian geratu da. 33. minutuan sartu dute lehen gola bisitariek, Lucia Pardok, eta, 82.ean bigarrena, Florencia Bonsegundok. Carla Morerak sartu du etxekoen gola, 92.ean.

Athleticek bihar jokatuko du lehen partida, Lezaman, Sporting Huelvaren aurka (12:00, Dazn). Iraia Iturregik entrenatutako taldeak irabaziz ekin nahi dio lehiari, konfiantza hartzeko. Aurreko denboraldian zazpigarren izan zen talde zuri-gorria, eta, gutxienez, postu hori hobetu nahi du.

Osasunak eta Realak ere bihar jokatuko dute. Etxean ariko dira biak: gorritxoek Getafe hartuko dute Sadarren (14:00, Dazn), eta txuri-urdinek Espanyol Anoetan (18:30, Movistar La Liga).

Osasunak segida eman nahi dio egiten ari den hasiera bikainari: hamabi puntu lortu ditu aurreneko bost jardunaldietan, inoiz baino gehiago. Gaur, itxuraz, aukera ona du uzta gehiago biltzeko: batetik, oso sendo ari da etxean, jokatu dituen hiru partidak irabazi baititu. Bestetik, Getafe eskas ari da: lau puntu bakarrik lortu ditu. Halere, irabazi egin zion Realari azken jardunaldian; beraz, gorritxoak ezin dira deskuidatu.

Hain zuzen, Realak berriz irabazi nahi du ligan. Puntu bakarra lortu du azken bi jardunaldietan: berdinketa Atletico Madrilen aurka. Irabazi egin zuen duela hiru egun, Europa ligan, baina ez zuen ondo jokatu. Biak egin nahi ditu gaur: irabazi, eta itxura ona eman. Lehen garaipena luke ligan etxean. Gainditzeko moduko aurkaria da Espanyol: lau puntu soilik ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.