Sail Ofiziala

Itsaso zailetan nabigatzen

Maskulinitate ereduez mintzo da Jaime Rosales Girasoles silvestres-en. Bazterreko auzoetan literatura irakasten du Diego Lermanen El suplente-ko protagonistak. Eta ‘Runner’ filmean, pertsonaien bakardadea ez ezik, paisaiena ere lehen planora eraman du Marian Mathias zinemagileak.

‘Girasoles silvestres’ filmeko zuzendari Jaime Rosales, aktore taldea eta ekoizleak, Donostian. JON URBE / FOKU
Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola
2022ko irailaren 17a
21:15
Entzun

Bartzelonako bazterreko auzo batean bizi da Julia, bi haurren ama gaztea. Erizaina izan nahi du, baina garbiketa lanekin ateratzen dituen sosekin egiten du aurrera. Halako batean Oscar ezagutuko du, eta harekin hasiko da bizitzen, zoriontasuna bilatu nahian. Jaime Rosales zinemagile katalanak 2008an aurkeztu zuen Sail Ofizialean Tiro en la cabeza, eta hamalau urte geroago, maskulinitate eredu ezberdinak aletzen dituen drama batekin itzuli da lehiara: Girasoles silvestres.

Filmeko ardatza, hasieratik amaierara planoaren erdian edo alboan izango dena, Julia da (Anna Castillo). Haren inguruan, berriz, hiru gizonezko agertuko dira (Oscar, Marcos eta Alex), filma bera beste horrenbeste pasartetan egituratuta. Rosalesek berak azaldu duenez, hiru maskulinitate ereduren ordezkari izan litezke: «Bat makarra bat da, gizon primitibo eta bortitza [Oriol Pla]; bestea garatuagoa da, baina une batetik aurrera ez du jakin ardurak bere gain hartzen [Quim Avila]; eta azkena, berriz, gizon aurreratuagoa da, gaur egungo gizartearekin bat datorrena [Lluis Marques]».

Pla aurretik Rosalesekin lan egindakoa da (Petra, 2018), eta azaldu duenez, beste zinemagile batzuekin alderatuta, «ezberdin» egiten du lan: «Aktorea ez da pertsonaiara hurbiltzen; pertsonaia da aktorera hurbiltzen dena. Oso begi kritikoa du». Nolanahi ere, zuzendariak aitortu du filmaren prestaketa lanetan, entseguetan, Plarekin beldurtzera iritsi zirela, hain zegoen Oscarren rol bortitzean sartuta. «Erabat haserre zegoen, bere onetik kanpo». Eta azken puntua Marquesek: «Oso heavy-a izan zen. Baina eszena bukatu, eta besarkatu egin ninduen, eta ‘sentitzen dut’ esan zidan. Pertsonaian erabat sartuta zegoen».

Juliaren pertsonaia «oso gertukoa» egin zaio Castillori. «Nire auzoan filmatu genuen, [Bartzelonako] Nou Barrisen, eta han beti ikusi dut hori: lan egin, haurrak hazi eta ahal dutena egiten duten amak». Castilloren iritziz, «aldirietako» emakume gazte horiek «buruko zama handia» daramate gainean. «Beren beharrak eta nahiak baztertzen dituzten amak dira, bakarrik daudelako. Borrokalariak dira, inguruan maskulinitate oso toxikoak dituen sistema patriarkal batean bizi diren ama oso gazteak. Ahal duten moduan nabigatzen dute itsaso zail horietan».

Zertarako literatura?

Diego Lerman zinemagile argentinarrak, berriz, Buenos Airesko aldirietako auzo txiro bateko institutura ordezko gisa iritsi den literatura irakaslea jarri du protagonista El suplente-n, lehian erakutsi duen filmean. Luciok (Juan Minujin) ikasle nerabeei galdetuko die ea zertarako balio ote duen literaturak, eta ezer gutxirako balio duela erantzungo diote haiek. Izan ere, poemak sortzen saiatzea baino kezka handiagoak dituzte gehienek ikasgelatik kanpo. Auzokoen bizitzak hobetzeko lanean buru-belarri dabilen bere aitarekin batera (Alfredo Castro), narkotrafikatzaileek jazartzen duten ikasle bati laguntzen saiatuko da, irakasle jardunetik harago joanez.

Hain zuzen, zuzendariak azaldu duenez, filmaren gaia hautatu zutenean ikerketa bat egin zuten, eta bazterreko auzoetan lan egiten duten irakasleekin asko mintzatu ziren —auzo horietako ikasle eta irakasleek hartu dute parte lanean—. «Ikusi genuen bazegoela marra nahiko markatu bat gelatik kanpo ikasleen errealitatearekin inplikatzen ziren eta inplikatzen ez ziren hezitzaileen artean. Eta hori da Lucioren pertsonaiak zeharkatzen duen marra, inplikatzeko beharra sentitzen duelako». Haren aitak inguru horretan lan egiten duela, baina Lucio beste inguru batekoa dela ere zehaztu du Lermanek. «Badago aitarengandik jasotzen duen zerbait, badago agur bat, eta badago ordezko izatetik nolabait titular izatera igarotzearen ideia ere».

Hezkuntzaren eta auzo txiroetako bizitzaren auziek gai ugari ukitzen dituzte. Eta horiek «ertz asko» dituen protagonista baten ikuspegitik lantzea hautatu zuen zuzendariak. «Lucioren pertsonaiatik, eta bere bizitzako momentu horretako ertzetatik heldu genion gaiari; bere aitarekin, alabarekin, bikotekide ohiarekin eta ikastetxean sartzean ikasle zein irakasleekin dituen harremanen bitartez». Gidoiaren idazketan, ikasgelaren eta handik kanpoko istorioen artean «oreka bilatzen» saiatu zen.

Filma ontzea ez dela erraza izan aitortu du zuzendariak, baina irakasle horien lana ikusgarri egiteko nahiak, eta istorioan «fedea» izateak eraman zuen aurrera egitera; azkenean, haren hitzetan, lantalde osoa kutsatu zuen motibazio horrek, «istorio hau kontatzeak merezi zuela pentsatzeak».

Gidoia hasieratik oso gustukoa izan zutela adierazi dute bai Minujinek bai Castrok. Aktoreak zuzentzeko Lermanek duen modua eta ematen dien askatasuna nabarmendu dute biek, eta, Castrok gehitu du bereziki interesgarria zaiola zuzendariak bere lanetan dokumentala eta fikzioa uztartzeko erakutsi izan duen manera.

Paisaia bera protagonista

Marian Mathias estatubatuarrak, berriz, Runner bere lehen film luzea erakutsi du Urrezko Maskorrerako lehian. Aita hil berri zaion emakume gazte bat du protagonista, Haas (Hannah Schiller). Bakarrik dago paisaia huts baten erdian dagoen etxalde zaharrean, zorrak direla eta, banketxeak laster kenduko diona. Aitaren sorterrira joango da hura lurperatzera, eta bera bezain bakarrik dagoen gizon gazte bat ezagutuko du. Istorioa kontatzeko, elkarrizketa urriak, erritmo pausatua eta AEBetako Mendebalde Ertaineko paisaia zabalen protagonismoa hautatu ditu Mathiasek.

Hain zuzen, paisaiak «eginkizun handia» betetzen duela adierazi du zuzendariak. «Mendebalde Ertaineko landa eremua bezalako leku batean, ezin duzu paisaia alde batera utzi. Filmeko pertsonaia bat izatea nahi nuen, eta beste pertsonaiei adina arreta jarri nion». Planoen irudiak buruan zituela, eta horien diseinuan erreferentzia gisa margolanak eta argazkiak izan zituela ere esplikatu du zinemagileak —Jomo Fray izan da filmeko argazki zuzendaria—, baina baita poesia ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.