Arrauna

Urdaibaik irabazi du Eusko Label liga ere

Azken estropada irabazi egin dute bermeotarrek, eta ez diote aukerarik eman Hondarribiari. Koroa altxatu duten zortzigarren aldia da. Lekittarra eta Samertolameu Eusko Label ligan izango dira datorren urtean. Tolosaldea, Euskotren ligan.

Urdaibaiko arraunlariak garaipena ospatzen, gaur, Portugaleten (Bizkaia). LUIS TEJIDO / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko irailaren 18a
14:16
Entzun

Joan den asteburuan Kontxako Bandera, eta oraingoan Caixabank koroa. Biak irabazi ditu Urdaibaik, denboraldi amaiera zoragarri bati esker. Kosta zitzaion martxa hartzea Iker Zabalaren taldeari, baina geldiezinak izan dira azken estropadetan: Bou Bizkaia da kantauri itsasoko trainerurik azkarrena.

Bermeotarrek, ordea, azken estropadara arte itxaron behar izan dute koroa altxatzeko. Bi punturen aldea soilik ateratzen zioten Hondarribiari, eta gaurko estropada, Portugaleten (Bizkaia), bien arteko buruz burukoa izan da.

Urdinek, ordea, txapeldunen gisara irabazi dute liga: azken bandera ere astinduz. Eurek ezarri dute denborarik onena: 19:22,64. Lanak amaitzeko 8 segundo gehiago behar izan ditu Hondarribiak, eta hamahiru gehiago Oriok, hirugarren sailkatuak.

Lehen ziabogan amesteko parada izan dute hondarribitarrek: denbora bera egin dute Urdaibaik, Hondarribiak, Oriok eta Kaikuk. Segundo bat gehiago behar izan du Getariak, eta bi Donostiarrak. Estu ziren, beraz, kontuak.

Bigarren luzean, ordea, liga erabakita utzi du Urdaibaik: bigarren ziabogarako bost segundoren aldea ateratzen zion Hondarribiarri, eta zortzirena Oriori. Hortik amaierara arte hortzak estutu dituzte arraunlariek, baina ondo kudeatu du abantaila Bou Bizkaia-k. Kontxan bezala, azken metroetan disfrutatzeko aukera izan dute.

Gauzak hala, Urdaibaik irabazi du liga, 218 puntu eskuratuta (7 bandera), eta Hondarribia izan da bigarren 215ekin (8 bandera). 200 lortu ditu Donostiarrak (3 bandera), taldearen hobekuntza baieztatuz, eta 184 Oriok (bandera 1). Lau horiek izan dira, ezbairik gabe, denboraldiko trainerurik indartsuenak; handia izan da haien eta gainontzekoen arteko tartea.

Bosgarren izan da denboraldiko ezusteko handia, Getaria; seigarren Kaiku, zazpigarren Zierbena, zortzigarren Cabo da Cruz, bederatzigarren Ondarroa (bandera 1) eta hamargarren Santurtzi.

Lekittarra, Samertolameu eta Tolosaldea

Bestetik, datorren urtean lehen mailan zein talde izango diren erabakitzeko kanporaketak ere jokatu dituzte gaur. Gizonezkoetan, Lekittarrak mailari eustea lortu du, eta igotzea Galiziako Samertolameuk. Saririk gabe geratu dira Bueu, PedreƱa eta San Pedro.

Ondorioz, lehen mailan jarraituko du Isuntzak, eta bi talde galiziar izaten jarraituko du ligak; Samertolameuk hartuko du Aresek utzitako tokia.

Emakumezkoetan, berriz, Tolosaldeak eta Deustuk buruz buru jokatu dute datorren urtean zortzi traineruk osatuko duten Euskotren Ligan jokatzeko txartela. Gaur atzo erakutsitako nagusitasuna berretsi du Tolosaldeak, eta aise amaitu du Deusturen aurretik: 25 segundu atera dizkio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.