Eusko Legebiltzarra

Urkulluk «lankidetzan oinarritutako gobernantzaren» alde egingo du Eusko Legebiltzarrean

Nazioarteko «ziurgabetasun egoerari» aurre egiteko «agenda propioa» defendatuko du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ostegunean, politika orokorreko eztabaidan. Autogobernuari dagokionez, 1979ko estatutua osorik betetzeko eskatuko du.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 19a
10:35
Entzun

Ikasturte politikoari hasiera emango dio ostegunean Eusko Legebiltzarrak, eta Iñigo Urkullu lehendakariak hitzaldia eskainiko du goizeko saioan. Lehendakaritzak hitzaldiaren ardatz nagusiak igorri dizkie gaur legebiltzar taldeei eta komunikabideei. Igorritako laburpenak jasotzen duenez, munduak bizi duen «ziurgabetasun» egoera izango du hizpide Urkulluk: azken bi urte eta erdian pandemiak eragin duen osasun krisiak eta gaur egun Ukraniako gerrak sortutakoak ziurgabetasuna ekarri dutela azalduko du, eta, testuinguru horretan, «lankidetzan oinarritutako gobernantzaren» alde egingo du. «Diferentzia ideologiko bistakoak gorabehera [...] egonkortasuna eta akordioaren eta lankidetzaren kultura gure herriaren aktibo inportante bat dira», dio hitzaldiaren laburpenak.

Gobernantza eraginkor baterako ibilbide orria proposatuko du lehendakariak, hiru mugarri dituena: aurrekontuak, legegintza programa eta herri akordioak. Ziurgabetasunak eta zalantzak nagusi dira egun, eta horiei aurre egiteko «agenda propio bat» izatearen alde egingo du lehendakariak ostegunean. «Euskadiren agenda propioak» bost estrategiaren gainean ardaztuta egon beharko luke, haren ustez. Hauek dira bost estrategia horiek: «gizarte-kohesioaren arloko ekintzak»; enplegurako, industriarako, inbertsio publikorako eta hazkunde jasangarrirako ekintzak; klima aldaketari erantzutea; erronka demografikoa eta gazteen aldeko apustua; eta Euskadi-Basque Country deritzon ildoa, hau da, nazioartekotzea.

Estatutua
Autogobernuari ere atal bat eskainiko dio lehendakariak legebiltzarreko eztabaidan. Adieraziko du autogobernuaren kontzeptuak bere horretan eusten diola eta «sinesgarritasuna eta ospea» irabazi dituela, urteak joan eta urteak etorri. «Gizartearen gehiengoaren elkargune bihurtu da, ongizatean eta bizikidetzan aurrera egiteko modu bat islatzen du, komunitate politiko bat eraikitzeko bide bat». 1979ko estatutuari helduko dio, besteak beste, gogora ekartzeko itun hori onartu zenetik Espainiako Konstituzioa bi aldiz aldatu dela, baina estatutua ez dela behin ere eguneratu. Hori hala, lehendakariak azpimarratuko du Jaurlaritzak lanean jarraituko duela estatutua osorik bete arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.