Futbola

Glasgowko Celticen zaleek txaloka egin dute protesta errege familiaren aurka

Eskoziako Federazioak, protestak eragozteko asmoz, minutu bateko txalo zaparrada egitea erabaki zuen isilunea egin beharrean. Celticeko zaleek orduan pankarta bat zabaldu zuten harmailetan: «Errege familia gorroto baduzu, txalo egin». 

Celticeko zaleek St. Mirrenen aurkako neurketan erakutsi zuten pankarta, txaloka aritu ziren minutuan. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2022ko irailaren 19a
17:23
Entzun

Elizabeth II.aren heriotzak zeresana ematen jarraitzen du futbolaren munduan: Realak Manchesterren jokatu beharreko neurketa ia-ia bertan behera geratu zen, Premier Leagueko jardunaldi bat atzeratu zuten, James McCleanen keinuak ere zeresana eman zuen... eta, orain, Glasgowko Celticeko zaleak bilakatu dira protagonistak.

Eskoziako Premiership ligako neurketa bat jokatu zuen Celticek atzo Paisleyn (Eskozia), St. Mirren etxeko taldearen aurka. Joan den astelehenean, Eskoziako Futbol Federazioak, ligaren antolatzaileak, ohar bat plazaratu zuen, liga osatzen duten taldeei minutu bateko isilunea egiteko aukera emanez. Klub bakoitzak erabaki zezakeen egin edo ez, eta St. Mirreneko arduradunek baiezkoa erabaki zuten.

Celticeko zaleak, ordea, historikoki Irlandako etorkinen seme-alabak dira, errepublikanoak eta katolikoak hain zuzen, eta, ondorioz, Erresuma Batuko errege familiaren aurkakoak. Federazioak badaki hori, noski, eta, gerta zitekeena saihestu nahian-edo, minutu bateko isilunea egin beharrean minutu bateko txalo zaparrada egitea erabaki zuen. Celticeko zaleek, ordea, asmatu zuten boikota nola egin.

Lehenik eta behin, txalo zaparrada hastear zela, bi pankarta beltz atera zituzten lelo honekin: «Errege familia gorroto baduzu, txalo egin» (If you hate the royal family, clap your hands). Minutua hasi zenean, lelo bera abestu zuten, estadio osoa txaloka ari zela. Gisa horretara, erreginaren heriotza ospatzen ari zirela zirudien.

Telebista bidez Sky kateak egin zuen neurketaren emisioa (2-0 galdu zuen Celticek). Haiek CNNri aitortu diotenez, mikrofonoen bolumena jaitsi egin zuten txaloen minutuan, eta, amaitzean, horri buruz jardun zuen Ian Crocker esatariak: «Barkatu entzun duzuen zerbaitek mindu bazaituzte. Gehienek errespetua erakutsi dute, batzuek ez», esan zuen.

Atzokoa, gainera, ez da aste honetan Celticeko zaleek errege familiaren aurka egin duten ekintza bakarra. Izan ere, UEFA, Europako Futbol Elkarteen Batasuna, taldea ikertzen ari da asteazkenean Txapeldunen Ligako Shaktar Donetseken aurkako neurketan erakutsi zuten pankarta bat dela eta: «Izorra dadila Koroa» (F*k the Crown, ingelesez) zioen hark.

UEFAk Celtic zigortu dezake, baina ez Eskoziako Futbol Federazioak: haren arduradunek azaldu dutenez, federazioak ez du eskumenik zaleen jarrerak zigortzeko. Eskoziako ligako neurketa gehiagotan ere entzun dira errege familiaren aurkako txistuak eta protestak.

Celtic eta Rangers

Celtic futbol taldea Glasgowko bi talde nagusietako bat da. Rangers da bestea. Bi talde horiek kiroletik haragoko esanahia eta lehia dute, eta ezaguna da elkarren aurka jokatzen duten Glasgowko derbia, Old Firm.

Celtic 1887. urtean sortu zen, Eskoziako katolikoen eta irlandar jatorriko etorkinen taldea da. Errepublikanoak eta katolikoak dira zale gehienak, eta jarraitzaile ugari ditu Irlandan ere. Ohikoa da Celticeko zaleak Irlandako banderekin ikustea, baita harmailetan Irlandako errepublikanismoaren eta IRA Irlandako Armada Errepublikanoaren aldeko abestiak entzutea ere.

Rangersen zaleak, berriz, protestanteak eta unionistak izan ohi dira, eta Erresuma Batuko banderak eta haren koloreak erabili ohi dituzte, taldearen berdinak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.