Gerra Ukrainan

Ukrainako beste zentral nuklear bati eraso egitea egotzi dio Kievek Errusiari

Ukrainaren arabera, Mikolaiv eskualdeko zentraleko erreaktoreek ez dute kalterik izan, eta «lanean normal» jarraitzen dute. Iziumeko kasuaren harira, Kremlinek gezurtzat jo ditu Kievek egindako salaketak.

Juzhnoukrainsk hiritik gertu dagoen zentral nuklearreko leihoak txikituta, Mikolaiv eskualdean. ENERGOATOM / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 19a
18:36
Entzun

Errusiako armadak misilez eraso dio Mikolaiv oblastean dagoen zentral nuklearrari, Juzhnoukrainsk hiritik gertu, Ukraina hegoaldean. Hala salatu du Energoatomek, energia nuklearreko Ukrainako enpresak, Reuters berri agentziak jasotakoaren arabera. Hori bai, enpresak zehaztu du zentraleko erreaktoreek ez dutela kalterik izan, eta «lanean normal» jarraitzen dutela. Iturrien esanetan, halaber, «leherketa handi bat» jazo da azpiegitura handi horretatik hirurehun bat metrora, eta handik gertu dagoen Oleksandrivskako zentral hidroelektrikoaren unitate hidraulikoetako bat itzali egin da, eta goi tentsioko hiru sare elektriko erori dira.

Energoatomek ohartarazi duenez, Errusiako tropek Juzhnoukrainsko zentralari egindako eraso «terroristak» mundu osoari egin dio «mehatxu», eta «berehala» gelditzeko eskatu du, «beste hondamendi bat saihesteko». Ildo beretik mintzatu da Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea: «Okupatzaileek berriro eraso egin nahi zuten, baina zentral nuklear bat zer den ahaztu zitzaien. [Errusia] Gelditu egin behar dugu, beranduegi izan baino lehen». Ukraininform agentziak jaso ditu agintariaren adierazpenok.

Errusiako armadak otsail amaieran Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik jotzen duen hirugarren zentral nuklearra da Juzhnoukrainskoa, Txernobylgoaren eta Zaporizhiakoaren ondotik. Azken hori, zehazki, Europako handiena eta Mikolaiv eskualdeko zentraletik 250 kilometro ekialdera dagoena, hil honen hasieratik itxita dago, Errusiaren bonbardaketen eta hondamendi nuklear baten beldurraren ondorioz. Kievek eta Moskuk elkarri egotzi diote Zaporizhiako zentralaren aurka oldartzea. Errusiako armadaren kontrolpean dago, nahiz eta bertako langileak ukrainarrak diren. Bonbardaketek kalte egin die eraikinei, eta argindar sareak eten dituzte.

Dena dela, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia buru Rafael Grossik asteburuan adierazi zuenez, zentraleko lau argindar sare nagusietako bat konpondu egin zuten, eta, hala, azpiegitura Ukrainako saretik argindarra jasotzen hasi zen berriz.

Iziumeko (Kharkiv oblasta) «sarraskiaren» harira, Kremlineko bozeramaileak, Dmitri Peskovek, «gezurtzat» jo ditu Ukrainak Errusiari egindako salaketak: «Butxako agertoki bera da Iziumekoa. Gezur hutsa da, eta egia babestuko dugu, noski». Ukraina ipar-ekialdeko herri bat da Izium, eta armadak Errusiako tropen eskuetatik «berreskuratu» berri du. Kievek joan den astean jakinarazi zuen laurehundik gora gorpu topatu zituela hobi komun batean, «gehienak tortura zantzuekin». Zelenskik «gerra krimentzat» jo zuen, eta zuzenean Moskuri leporatu zion.

Bien bitartean, Ukrainako tropen «kontraerasoa» aurrera doa; hain zuzen, armadak Oskil ibaiaren ezkerraldeko eremua «berreskuratzea» lortu du, Luhansk probintziako buru Serhiy Haidaik ziurtatu duenez. Donetsk ibaiaren hegoaldean itsasoratzen da Oskil. AEBetako presidente Joe Bidenek, bestalde, ukrainarrak goraipatu zituen atzo Errusiaren inbasioaren aurkako «borroka ausartagatik», eta hau ere erantsi zuen CBS telebista katean: «Errusia garaitzen ari dira».

Ukrainako armadak hamahiru zibil hil ditu

Zelenskik esana du militarrek kokaleku gehiago «askatuko» dituztela. Horietako bat Krimea da, Moskuk 2014an anexionatu zuen penintsula. Bada, Kremlineko bozeramaileak ohartarazpen zuzena egin dio Ukrainako agintariari: «Errusiako lurraldearen aurkako ekintza orok berehalako erantzuna izango du».

Bestalde, Donetskeko Herri Errepublikako agintariek atzo salatu zutenez, Ukrainako armadak hamahiru zibil hil zituen Donetsk hiriburuan bertan. Kievek, berriz, ez zuen xehetasunik eman gertakari horren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.