Negoziazio kolektiboa

Akordioa egin dute Arabako metalean, LABek, CCOOk eta UGTk SEArekin

ELAk uko egin dio akordiorako oinarrian egoteari, uste baitu patronalaren eskaintzan «gabezia handiak» daudela.

Metalgintzako langile protesta bat. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2022ko irailaren 19a
19:14
Entzun

Energiaren krisi betean eta inflazioa %10etik gora dagoela, euskal negoziazio kolektiboak aurrerapauso handia eman du: Arabako metalgintzan akordioa lortu dute SEA patronalak eta sindikatuen ordezkaritzaren gehiengoak, LABek, CCOOk eta UGTk adostu baitute lan hitzarmena 2025. urtera arte. ELAk uko egin dio akordiorako oinarrian egoteari, «gabezia handiak» ikusten dizkiolako testuari.

Batera edo bestera, sektoreko 25.000 beharginek lan ituna izango dute atzeraldi hotsa gero eta ozenagoa den honetan, eta Bizkaian eta Nafarroan gori-gori dauden metalgintzako lan gatazkak badutela erreferentzia bat adostasunerako. Hala, sektorean egitekoak ziren greben atarian lanuzteak baztertu egin dituzte akordiora batutako sindikatuek.

Gaur goizeko bileran proposamen berria egin die SEAk sindikatuei, eta arratsaldean grebaz hitz egiteko deitua zuten prentsaurrekoa bertan behera utzi dute ELAk, LABek eta CCOOk. Haren partez, patronalarekin bigarren txanda bat egin dute, 17:00etan hasita, eta 18:30erako akordioa lortu dute, betiere ELAren ezezkoarekin. «SEAren proposamenak ez du KPIa bermatzen eta proposatutako hobekuntza eskasak gutxiengo batentzat dira», esan du ELAk.

Inaplikazioa eta subrogazioa

Energia krisia hasi zenetik eragile sozialek lortu duten lehen hitzarmen kolektibo handia da; handienen artekoa esan nahi baita. Soldata igoera %15ekoa izango da akordioa indarrean dagoen epean, eta hura iraungitzean gaurkotze-klausula bat aplikatuko da KPIa soldata igoera baino gehiago gertatu bada.

Halaber, sektoreko gutxieneko soldata 20.445 eurokoa izango da; orain arte 17.480koa zen. Igoerak horrela izango dira: 2021ean, %2 18.000 eurotik beherako soldatentzat; %1,5 besteentzat. 2022an, %6,5; 2023an, %3; 2024an, %2,5; eta 2025ean, %2. Horien ondoren, gaurkotze klausula aplikatuko da KPI guztia berreskuratzeko, betiere igoera haren azpitik geratu bada.

LABek jakinarazi du bere afiliatu eta delegatuen berrespenaren faltan, aurreakordioa erdietsi duela beste eduki hauekin ere: Ultraktibitate mugagabea, inaplikazio klausula eta zortzi orduko jardunaldi jaitsiera. Horrez gain, honako beste dukiak ere jaso ditu SEAk, LABek, CCOOk eta UGTk egindako hitzarmenak: Antzinatasuna igoerei lotuta egotea (izoztuta zegoen 2018tik); izatezko bikotekide eta bikotekide ezkonduen berdintzea baimenetan; medikurako laguntze baimenak Osasun Zerbitzu Publiko guztietara zabaltzea; orain arte soilik Osakidetzarako ziren.

Era berean, ABLEetan lan egindako denborak antzinatasunean eragina izango du, eta subrogazioan Bizkaiko klausulari zuntz optikoa eta telefono linearen instalazio eta mantentzera zabalduko da. Gainera, Berdintasun batzordea egongo da, «non LGTBI+ kolektiboak ikusgarritasuna izango baitu», LABen azalpenetan.

Sindikatu abertzaleak gogorarazi du ia hogei urtez erorita egon den eragin osoko ituna berreskuratu dela, «sektoreko anabasari aterabidea emanez». «Gainera, duela ia bi hamarkadatik izoztuta zegoen jardunaldia jaistea lortu dugu, eta sektorearen aldarrikapen nagusietako bat jasota: hitzarmenaren iraunaldiaren bitartean KPIa bermatuta dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.