ERREFUXIATUAK

Aita Marik jasoko du Nafarroako Gobernuaren nazioarteko elkartasunaren saria

Armonia Txantreana peñak aurkeztu zuen hautagaitza, eta 25.000 euro jasoko ditu itsas salbamendu humanitarioko elkarteak.

Aita Mari ontzia, Pasaian porturatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 20a
13:22
Entzun

Aita Mari Itsas Salbamendu Humanitarioaren Elkarteak irabazi du Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuak ematen duen Nazioarteko Elkartasunaren XIX. Saria. 25.000 euro jasoko ditu erakundeak, «gerratik eta gosetik ihesi doazen migratzaileei eta errefuxiatuei, bereziki sexu indarkeriaren biktima izandako emakumeei eta haurrei, arta eta laguntza emateko egiten duen lan humanitario ausartagatik».

Iruñeko Armonia Txantreana peñak aurkeztu zuen Aita Mariren hautagaitza, eta 42 boto jaso ditu guztira. Erreskate ontziaren salbamendu lana ez ezik, epaimahaikideek balioetsi egin dituzte Aita Marik «beste GKE batzuekin eginiko aliantzak» eta baita «gizartea eraldatzeko tailerrak eta urteetan garatutako dibulgazio jarduerak» ere.

Miguel Indurain epaimahaiburuak itsas salbamendu humanitarioko elkartea zoriondu du, baina gainerako 29 hautagaitzak ere goraipatu ditu, nazioarteko lankidetzaren alorrean egiten duten lanarengatik. Bestalde, Mari Carmen Maeztuk, Eskubide Sozialetako kontseilariak, eskertu egin du sari honetara aurkeztu diren pertsona eta erakunde guztien «etenik gabeko lana», eta adierazi du guztiek merezi dutela aintzatespen hori: «Pertsona eta erakunde batzuek ibilbide luze eta eragin handiagoa dute, baina beste batzuek, gaitasun txikiagoa izanik ere, oso jarduera interesgarriak egiten dituzte eguneroko lanean».

Aita Mariz gain, honako hautagaitza hauek ere izan dira finalista: Angela Vicente Gutierrez asturiar erlijiosoa, Raphael Kongu Kamayu boluntarioa, Itwillbe gobernuz kanpoko erakundea, ATTsF irabazi-asmorik gabeko erakundea, Mingma Dorji Sherpa ekintzailea, Medicus Mundi erakundea, Andres Lorenzo Calzon ekintzailea, Manos Unidas elkartea eta Lorena Aguirre Cadarso aktibista.

Aurreko urteetako saridunak

Nazioarteko Elkartasunaren Nafarroako Saria 2001. urtean sortu zuten Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak. 2010ean, Elkartasunaren Vianako Printzea Saria izena eman zioten, eta, handik bi urtera, hasierako formatura itzuli zen, bai izenari dagokionez, bai sariak emateko ekitaldiaren planteamenduari dagokionez.

Sariaren helburua da «nazioarteko lankidetzaren esparruan aritzen diren pertsonak edo erakundeak nabarmentzea, NBE Nazio Batuen 2030erako agendak ezartzen dituen garapen jasangarriko helburuak lortzeko egiten duten lanagatik edo ibilbideagatik». Orain arte, saria jasotakoak dira, besteak beste, Muhamad Yunus Bakearen Nobel sariduna; Kalkutako Karitateko Ahizpa Misiolariak; Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzua; Uganda Network of Aids Service Organisations (UNASO); Fede eta Alegriako Nazioarteko Federazioa; San Juan de Dios Ospitale ordena; Via Campesina erakundea; Ekuadorko Aguarico-Misio Capuchinako Bikariato Apostolikoa; Manuel E. Patarroyo Murillo irakaslea eta Martha Pelloni irakasle eta misiolari argentinarra.

2019an, Nazioarteko Emausen Mugimenduaren ibilbidea saritu zuen Nafarroako Gobernuak, «gizarte eraldaketaren eta ingurumen justiziaren alorretan egindako lanagatik». Iaz, El Caracol elkartea izan zen irabazlea, «Mexiko Hiriko etxerik gabeko pertsonen osasun beharrei eta premia psikosozialei erreparatzeko bidean eginiko etengabeko lanagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.