Gerra Ukrainan

Errusiak Ukrainan okupatutako lurraldeetan erreferendumak egitekoak dira

Luhanskek, Donetskek eta Khersonek iragarri dute hilaren 23tik 27ra egingo dutela galdeketa. Herritarrei galdetuko diete ea Errusiako Federazioarekin bat egin nahi ote duten. Zaporizhia eskualdean ere egin nahi dute erreferenduma. Kremlinek begi onez hartu ditu kontsultak.

Denis Puxilin Donetskeko herri errepublika errusiazalko liderra, joan den abuztuaren 30ean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 20a
13:54
Entzun

Inbasioaren ondorioz Errusiak okupatutako lurrak atzera berreskuratzeko kontraerasoa hasi zuen Ukrainako armadak duela aste batzuk. Azken hilabeteetan kontrolpean izandako eremuetako batzuk galtzen hasi da Errusia Ukraina ipar-ekialdean eta hegoaldean, eta, horiek horrela, Moskuren menpe dauden Ukrainako lurraldeetan erabaki bat hartu dute: erreferendumak egitea herritarrei galdetzeko ea nahi duten haien lurraldea Errusiako Federazioan sartzea. Donetsk eta Luhansk Donbassko herri errepublika errusiazaleek iragarri dute hilaren 23tik 27ra egingo dutela galdeketa, eta, RIA Novosti Errusiako berri agentziaren arabera, Donetskeko lider Denis Puxilinek eskatu dio Vladimir Putin Errusiako presidenteari auzia «ahalik eta lasterrena» har dezala kontuan, baldin eta erreferendumeko emaitzan baiezkoa ateratzen bada. «Eta ez daukagu zalantzarik hala izango dela». Errusiak Ukraina hegoaldean okupaturiko Kherson eskualdean ere data horietan egitekoak dira galdeketa, eta Zaporizhian ere asmo hori dute. Kremlinek begi onez hartu ditu. Ukrainako Gobernuak, adierazi du, ordea, «xantaia» egiten ari dela Errusia.

Errusiako albiste agentziek kaleratu dutenez, hau izango da Luhanskeko erreferendumean egingo duten galdera. «Nahi al duzu Luhanskeko herri errepublika Errusian sartzea Errusiako Federazioko subjektu gisa?». Luhanskeko legebiltzar errusiazaleko presidente Denis Miroxnitxenkok azaldu du bost egun beharko dituztela kontsulta egiteko —ostiral honetatik hurrengo asteartera—, bozketarako beharrezko baldintzak bermatze aldera. Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketako legebiltzarrek atzo onartu zituzten erreferendum bat egitearen aldeko mozioak. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari Jens Stoltenbergek ohar batean salatu du «gezurrezkoak» direla erreferendumak, eta Putini leporatu dio «gerra areagotzea». AEBek ere galdeketak kritikatu dituzte.

Kontuan hartu behar da otsailaren 24an Moskuk Ukrainako inbasioa hasi baino egun batzuk lehenago Errusiak Donetsken eta Luhansken independentzia aitortu zuela. 2014az geroztik Ukrainako armadaren kontra Donbassen borrokan aritutako milizia errusiazaleak babestu izan ditu Kremlinek, baina, behin bi herri errepublikak independentetzat jota, aukera ere bazuen tropak Ukraina hego-ekialdeko eremu horretara bidaltzeko.

Orduan, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gogorarazi du, gaur, inbasioa hasi zutenean bertan adierazi zutela lurralde horietako herriei zegokiela haien etorkizuna erabakitzea. «Eta egungo egoera honek baieztatzen du haien etorkizunaren jabe izan nahi dutela», nabarmendu du Errusiako telebista batean egin dioten elkarrizketan. Errusiako behe ganberako presidente Viatxeslav Volodinek adierazi du, era berean, baiezkoak irabazten baldin badu «lagundu» egingo dituztela.

Ukrainako Gobernuko kabinete buru Andri Yermakek Telegramen azaldu duenez, Errusiak «porrotari dion beldurrak» ekarri ditu erreferendum deialdiak, eta «mehatxu bat» iruditzen zaizkio. Dmitro Kuleba Atzerri ministroak Twitterren idatzi du «sasi-erreferendumak» izango direla, eta ez dutela ezer aldatuko. «Errusia erasotzaile bat da oraindik ere, eta legez kanpo okupatzen ditu Ukrainako eremu batzuk». Donetskeko eta Luhanskeko errusiazaleen iritziz, lurralde horien eta Errusiaren artean muga kentzeak beren segurtasuna bermatuko du.

Dmitri Medvedev Errusiako presidente izandakoak (2008-2012) eta egun Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteorde denak adierazi duenez, Errusiako historiaren norabidea aldatuko dute erreferendum horiek, Kremlinek aukera gehiago edukiko baititu, haren esanetan, «lurralde errusiarra» defendatzeko. «Autodefentsa indar guztiak erabiltzeko bidea ematen duen delitu bat da lurralde errusiarraren inbasioa», adierazi du Medvedevek, Reuters berri agentziak jaso duenez. «Horregatik eragiten dute erreferendum hauek hainbesteko beldurra Kieven eta Mendebaldean».

Erdoganen ustea

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Putinekin hitz egin zuen lehengo astean, SCO Shanghaiko Lankidetza Erakundearen goi bileran, eta adierazi du Kremlineko buruak erakutsi diola gerra «ahalik eta azkarrena» bukatu nahiko lukeela. «Hori iruditu zitzaidan, zeren, gauzak nola doazen ikusita, nahiko problematikoa da», esan du Erdoganek, AEBetako PBS telebista katean egin dioten elkarrizketa batean. Azaldu du ez duela inoren alde jarri nahi, baina nabarmendu du inbaditutako eremutik atera beharko lukeela Errusiak, eta, bide batez, Ukrainaren lurralde batasuna defendatu du, nazioartean aitortzen zaizkion mugekin; hau da, Krimearekin ere bai.

Baina Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak egunero egiten duen prentsa agerraldian adierazi duenez, «oraingoz» ez da posible gatazkari irtenbide diplomatiko bat ematea. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik atzo gauean esan zuen Errusiako armadak bi aukera dituela: «amore ematea edo alde egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.