Errusia

Errusiako opositore batek salatu du bera hiltzen saiatu direla Miarritzen

Vladimir Osetxkinek esan du frankotiratzaile baten miraren izpi gorria bere etxean ikusi duela. 2015etik bizi da Miarritzen, eta Errusian bera bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana dute.

Vladimir Osetxkin, Miarritzen bere buruari eginiko argazkian. OSETXKIN
Edu Lartzanguren.
2022ko irailaren 20a
16:48
Entzun

Errusierazko kazetari batek eginiko elkarrizketan egin du salaketa Vladimir Osetxkinek: frankotiratzaile bat bera hiltzen saiatu da Miarritzeko (Lapurdi) etxean familiarekin zegoela, pareko eraikinetik tiro egiten. Errusiako Zerbitzu Sekretuak egin ditu erantzule.

2015. urtetik Miarritzen bizi da Osetxkine. Errusian kartzelan egon zen, iruzurra leporatuta, eta, irtetean, hango espetxe sisteman eginiko gehiegikeriak salatzeko Gulagu.net sortu zuen. Azaldu duenez, besteak beste horrek jarri du Kremlinen jomugan.

Novaya Gazeta-ko Iulia Latinina kazetariak atzo YouTuben argitaraturiko elkarrizketan, Osetxkinek kontatu du nazioarteko ikerketa kazetaritza egiten duen Bellingcat taldeko Hristo Grozev berriemaileak egin ziola ohartarazpena irailaren hasieran: Errusiako FSB zerbitzu sekretuen eta hango mafiaren inguruko hiltzaile bat Moskutik atera zela, Miarritzera joateko.

Hori entzunda, Osetxkinek familia hartu eta Lapurdiko hiritik alde egitea erabaki zuen astebururako. Etxera itzuli zirenean, irailaren 12an, gertatu omen zen hilketa saioa, afaltzeko prestatzen ari zirela. «Haurrentzako platerak jartzen ari nintzen mahaian, eta begiaren ertzarekin ikusi nuen puntu gorri bat mugitzen neuregana, terrazaren gainean».

Gaineratu duenez, berehala pentsatu zuen frankotiratzaile bat ari zela berari tiro egiten saiatzen. Orduan argiak itzali zituen, eta senideei lurrera botatzeko esan zien. Halakoetan zer egin jakiteko ikastaro berezia jaso dutela argitu du. Ondoren, etxean duten gela seguru batean sartu ziren denak, eta han egon ziren ordubete pasatxo.

Sud Ouest egunkariak zabaldu duenez, Baionako Auzitegiak ikerketa zabaldu du gertaturikoa argitzeko, baina ez du beste xehetasunik eman kasuaren inguruan, eta ez du baieztatu hilketa saio bat gertatu izana.

Errusiako diaspora Euskal Herrian

Martxoan albiste izan zen Osetxkin, Ukrainaren aldeko ekintzaile batzuek Vladimir Putinen suhi ohiak Miarritzen duen jauregian sartu zirenean, etxea errefuxiatuei irekitzeko asmoz. Poliziak ekintzaileak atxilotu zituen, eta Osetxkin haren defentsan atera zen New Dissidents Foundation elkarteko presidente gisa.

Poliziaren zaintza berezia du Osetxkinek Miarritzen, Errusiako diasporako beste hainbat kidek bezala.

Errusiako hegoaldeko Samara hirian jaio zen, 1981. urtean. 2000. urtean atxilotu egin zuen Poliziak han, hilketa leporatuta, baina libre utzi zuten gero. Moskura joan zen orduan, eta inportaturiko bigarren eskuko autoak saltzen aritu zen.

2010ean, zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, salduriko autoen inguruko zerga iruzurra egin izana leporatuta. Kartzelan torturatu zutela salatu zuen hainbatetan. Espetxean lau urte pasatu ostean, libre utzi zuten.

Kalean zela, Internet bidez salatzen hasi zen Errusiako espetxean gertaturiko ustelkeria eta tortura kasuak. Besteak beste, presondegietan eginiko torturak jasotzen dituzten bideoak argitaratu ditu bere webgunean. Presoen eskubideen inguruko lantaldearen buru izan zen 2014an, Errusiako Parlamentuan, Duma-n.

Baina, hurrengo urtean, beste ikerketa bat zabaldu zuten haren kontra, iruzurragatik, eta orduan erabaki zuen Errusiatik ihes egitea. 2020an, hura atxilotzeko agindua eman zuen Errusiako justiziak, eta, iaz, bilatu eta atxilotu beharrekoen zerrendan sartu zuten berriz.

Aurtengo otsailaren 8an salatu zuen bera hiltzeko plan bat zegoela. Errusiako bi iturrik eta Txetxeniako diasporako jendeak baieztatu ziotela gaineratu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.