Kurdistan

Irango Poliziak bost lagun hil ditu Kurdistanen, emakume baten heriotzak eragindako istiluetan

22 urte zituen Mahsa Aminik, eta joan den ostiralean hil zen, Poliziak atxilotu ostean. NBEk emakume kurduaren heriotza deitoratu du, eta Teherani eskatu dio ikerketa «inpartziala» egiteko.

Irango egunkari baten azala, herenegun, Aminiren argazkiarekin. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 20a
17:18
Entzun

Irango eta Kurdistango herritarrek egunak daramatzate protestan joan den ostiraletik. Irango Moralaren Polizia deitutakoak joan den asteartean atxilotu zuen Mahsa Amini 22 urteko gaztea. Poliziaren arabera, egun hartan bertan bihotzeko bat izan zuen Aminik, Teherango komisaria batean, eta ostiralean hil zen, ospitalean, hiru egunez koman egon eta gero. Gurasoek argi utzi dute ez zuela gaixotasunik atxilotu aurretik.

Gertakari horrek Irango eta Kurdistango herritarrak asaldarazi ditu, baina manifestaziorik handienak Kurdistanen bertan izaten ari dira, Saghez herrian jaio baitzen Amini, eta greba orokorra egin zuten atzo herrialde horretan. Norvegian egoitza duen Kurdistango Hengaw Giza Eskubideen taldeak salatu duenez, segurtasun indarrak borrak, negar gasa, ur kanoia, gomazko balak eta benetako munizioa erabiltzen ari dira «manifestariei zuzenean eraso egiteko eta protestak zapaltzeko». Emandako azken datuen arabera, Irango Poliziak bost lagun hil ditu, horietatik hiru Divandareh, Saqqez eta Dehglan herrietan. Horrez gain, segurtasun indarrek 250 pertsona atxilotu dituzte, eta 221 zauritu.

OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatari Nada al-Naxifek emakume kurduaren «zorigaiztoko heriotza» deitoratu du, eta Irango Gobernuari eskatu dio emakumearen heriotzaren inguruko ikerketa «inpartziala» egiteko, baita «tortura eta tratu txarren salaketak modu azkar, independente eta eraginkorrean» aztertzeko ere.

Protesten harira, berriz, Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak gaitzetsi egin du Poliziak «neurriz kanpoko» indarra erabili izana. Halaber, herritarren manifestaziorako eskubidea eta adierazpen askatasuna errespetatu behar dituela gogorarazi dio al-Naxifek Irango Gobernuari.

Nazioarteari eskaera

Irango Giza Eskubideen taldeko buruak, Mahmood Amiry-Moghaddamek, eskaera hau igorri dio nazioarteko komunitateari: Iranek bere herritarren aurka egiten dituen «krimenen» behatzaile «isila» ez izateko. «Dei egiten diegu Iranekin harreman diplomatikoak dituzten herrialdeei, bereziki Europako Batasunari, estatuaren hilketei amaiera emateko, herritarren oinarrizko eskubideak egia bihur daitezen».

Iranen, legeak emakumezko guztiak derrigortzen ditu buruko zapia janztera 1979tik. Moralaren Poliziak bere patruilak indartu ditu lurralde osoan azken hilabeteotan, eta ustez beloa gaizki jarrita daramaten emakumeak Poliziaren jazarpen fisikoa edota hitzezkoa jasaten ari dira, NBEk salatu duenez. Erakunde horrek, hain zuzen, emakumeen aurkako tratu bortitzei buruzko bideoak jaso berri ditu, erasoak barne.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.