Donostiako 70. Zinemaldia

Gure Zinema sortu dute, sektorea biltzeko plataforma

Euskal ikus-entzunezkoen sektorea sustatu nahi du egitasmoak, eta, ikusleak erakartzeko asmoz, promozio bereziak eskainiko dituztela aurreratu dute

itziar ugarte irizar
2022ko irailaren 20a
18:15
Entzun

«Gure lanak ez dira besteenak baino ez hobeak ez txarragoak, baina guk ondoen ulertzen ditugunak dira; gure lagunak bezala, ez dira ez hobeak, ez okerragoak, baina bai hoberen ulertzen digutenak. Halaxe gertatzen da gure zinemarekin ere». Umore tonuz aurkeztu dute Sara Cozar eta Joseba Usabiaga aktoreek Gure Zinema plataforma berria, gaur goizean, Donostiako 70. Zinemaldiaren testuinguruan; euskal ikus-entzunezkoen sektorearen parte esanguratsu bat bildu dute horretarako, eta ospakizun jarrerarekin aurreratu dituzte egitasmo berriaren nondik norakoak.

Funtsean, bi helburu nagusiri erantzun guran jarri dute martxan Gure Zinema: Euskal Herrian egindako zinema pantaila handian ikustera bultzatu nahi dituzte zaleak, batetik, eta euskal zinemaren ekoizpenean eta eragileen arteko aliantzan eragin nahi dute, bestetik. Cozar: «Euskadin sortutako eta garatutako zinemaren kate guztia indartu nahi duen marka bat da, eta esan dezakegu bertako sektoreari loturiko elkarte eta erakunde guztiak batu direla proiektura». Besteak beste, Apika, EPE-APV, Ibaia ekoiztetxeen elkarteak; Euskadiko Zine Aretoen Elkartea, EITB, Donostiako Zinemaldia, Zineuskadi, Euskal Gidoigileen Elkartea, Euskal Aktoreen Batasuna eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zinema klubak aipatu dituzte. «Hots, sektore guztia, produktoreetatik, zuzendarietara, aktoreetara, aurkezleetara... film bat egitea ahalbidetzen dutenetatik, zinema aretoetan ikustera arteko bidea posible egiten dutenenganaino».

Gogora ekarri dute euskal zinemaren «kalitatea» nazioarteko hainbat zinema jaialdietan aitortu dutela, eta jostalari aritu dira kanpoko sarien itxura antzezten, asmatzen zuenari sarrera bi emango ziotela aginduz. Usabiagak besoak gurutzatu, bekozko iluna jarri, eta berehala asmatu du publikoak: «Goya!». «Horixe. Nik parte hartu nuen film batek hamar eraman zituen; nik neuk bakar bat ere ez. Baina, tira, horregatik da gure zinema».

Sariez harago, zinemak ekartzen duena hainbat zabalagoa dela esan du gero, serioago, Cozarrek: «Emozioak, gogoetak eta gure kulturaren ikur bihurtzen diren istorioak ematen dizkigu».

Webgunea abian

Plataforma berria hilabetetako lanaren ondotik aurkeztu dute, eta «sinergia» horretan sakontzeko borondatea azpimarratu dute, «zabalkunde prozesuak hobetzeko» nahia agertzearekin batera. Animazioa eta film laburrak bilduko dituztela ere aipatu dute zehazki, eta euskara egitasmoaren «oinarrian» egongo dela erantsi.

Ikusleak aretoetara gerturatzeko, berriz, promozioko materiala sortuko dute. Oraingoz, abian jarri berri duten webgunean erregistratzeko aukera zabaldu diete; hala egiten dutenek aurrestreinaldien, promozioen eta bestelako eskaintza berezien berri jasoko dute. Usabiaga: «Gure Zinemak epe luzeko proiektu bizia izan nahi du, proiektu bizi bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.