Ugaltze eskubideak

Biharamuneko pilula urririk izanen da emazte guztientzat Iparraldean

François Braun Frantziako Osasun ministroak iragarri du neurria, baina ez du zehaztu noiztik aitzina izanen den indarrean. Mementoko, 18 urtetik beherakoek urririk eta errezetarik gabe lortzen ahal dute, eta 26 urtetik beherakoek urririk, errezetarekin.

Haurdunaldia eragozteko pilulak. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko irailaren 21a
14:34
Entzun

Biharamuneko pilula urririk eta errezetarik gabe eskuratzen ahalko dute emazte guztiek; hala gertatuko dela erran du, bederen, Frantziako Osasun ministro François Braunek. Haatik, oraino ez du erran neurria noiz sartuko den indarrean, baina segurtatu du 2023ko Gizarte Segurantzaren lege proiektuan sartuko dutela; irailaren 26an aurkeztekoa dute lege proposamen hori Frantziako Ministroen Kontseiluan. Hala, Ipar Euskal Herriko andreek farmazietan, ikastetxeetako osasun zerbitzuetan eta sexu osasunerako zentroetan eskuratzen ahalko dute haurdunaldia eragozteko larrialdiko pilula.

Oraingoz, 18 urtetik beherako andreek urririk eta errezetarik gabe lortzen ahal dute abortatzeko pilula; 26 urtetik beherakoek, berriz, urririk eta errezetarekin. 26 urtetik gorakoek errezeta behar dute, eta ordaindu behar dute pilula lortzeko, nahiz eta gero Gizarte Segurantzak kostuaren %65 itzuli. Braunen ustez, «kezkagarria» da andreentzako larrialdiko kontrazepzioa eskuratzeko zailtasun horiek izatea, jakinda arriskudun sexu harremanaren ondoko 24 orduetan duela «eraginkortasunik handiena». Gizonezkoen kontrazepzioari buruz, zin egin du Frantziako Osasun Aginte Gorenari txosten bat galdetuko diola, «beharrak zein diren aztertzeko».

Bestalde, uste du ezinbestekoa dela «prebentzioa azkartzea». Hala, iragarri du sexu transmisiozko infekzioen azterketa urririk izango dela 26 urtera arte. Orain arte, GIBa detektatzeko proba da urririk den bakarra, baina Braunek azaldu du bestelako infekzioek gora egin dutela, batez ere klamidiasiarenak eta gonokokoarenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.