Sagar festa

Lehortearen ondorioz, sagarrak azkarrago heltzen ari dira

Fruitel eta Sagardoaren Lurraldeak egindako txostenak baieztatu du beroaren ondorioz sagar gehiago erortzen ari direla. Iazko sagarrekin alderatuta, aurtengoek almidoi gutxiago eta azukre gehiago dute. Sagarren uzta ospatzeko, festa bat egingo dute bihartik urriaren 31ra bitarte.

Txostenaren eta jaialdiaren aurkezpena Astigarragan, gaur goizean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko irailaren 21a
16:37
Entzun

Beroaren eta lehortearen ondorioz, sagar gehiago ari dira erortzen, eta sagarrak azkarrago ari dira heltzen. Hala dio gaur Astigarragan (Gipuzkoa) aurkeztu duten sagardo sagarraren heldutasunaren XXII. txostenak. Barnealdeko sagastietan, gainera, are gehiago erori dira. Horrez gain, egungo klima baldintzak aldatzen ez badira, litekeena da sagarrak gero eta azkarrago heltzea.

Sagarra nola dagoen jakiteko, Gipuzkoako sagasti batzuetan kontrola egin dute hil honen hasieran, aurreko urteetan bezala. Hamalau sagasti barietate kontrolatu dituzte. Emaitzek adierazi dute sagarrek almidoi gutxiago eta azukre gehiago dutela, 2021eko datuekin alderatuta.

Heldutasun datuak ikusita, eta, almidoiaren erregresioaren arabera, hiru taldetan banatu dituzte hamalau sagastien barietateak: aurreratuenak –adibidez, Patzolua eta Gezamina–, erdikoak –Aritza, Urtebi Haundi eta Udare Marroi– eta atzeratuenak –besteak beste, Errezila eta Urdin–.

Sagarraren festa, bihartik urriaren 31ra bitarte

Astigarragako sagarraren festaren aurkezpenean eman dituzte datuok. Udazken zaporez lelopean, sagarraren uzta garaiaz gozatzeko, hainbat ekintza antolatuko dituzte bihartik aurrera. Jaialdiak urriaren 31ra arte iraungo du. Aurtengo egitarauaren antolaketan parte hartu dute Astiko merkatarien elkarteak, Astigarragako Udalak eta zenbait tabernari eta kultur taldek.

Lehenengo egitasmoa XXII. Sagar Uzta izango da; bihar hasiko da. Egun nagusia, hala ere, irailaren 25a izango da, uztaren azken eguna. Egun horretan, aukera egongo da herriko familiek egindako 2022ko uztako lehen muztioa eta sagardogileek beren postuetan emango duten muztioa dastatzeko. Horrez gain, antolatzaileek dei egin dute azken eguneko topa herrikoian parte hartzera: 2022ko uztako lehen muztioarekin topa egingo dute 13:00etan, Foru plazan.

Beste hainbat ekintza egingo dituzte urria bukatu arte; besteak beste, eskaintza gastronomikoak eta musika emanaldiak. Gainera, familia osoarentzako ekintzak ugariak izango dira. Urriko larunbat eta igandeetan, familian egiteko sagar muztioen elaborazio tailerrak antolatuko dituzte. Larunbatetan, goizez zein arratsaldez izango dira tailerrak. Igandeetan, berriz, soilik goizez. Familiek beste zenbait planez gozatu ahalko dute; hala nola txalaparta tailerra izango dute irailaren 23an, eta Sagar-bira izeneko mendi buelta irailaren 24an.

Irailaren 29an hasita, ostegunero, 18:00etatik 20:00etara, sagarrari buruzko ikastaroak egingo dituzte. Lau ikastaro emango dituzte guztira, eta urriaren 20koa izango da azkena. Sagarra ardatz hartuta, ikastaro bakoitzak gai bat jorratuko du.

Kirola eta kultura uztartzeko asmoz, urriaren 22an Urumean barrena kanoatan ibiltzeko ekintza bat antolatu dute. Ibilbidea Loiolatik Ergobiko zubira (Gipuzkoa) izango da, eta, gero, Ergobiko historia ezagutzeko bisita bat egingo dute parte hartzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.