Anna Gabriel

«DUIak ez digu independentzia ekarriko, ezta negoziazio mahaiak autodeterminazio eskubidea ere»

Luze egin zaio CUPeko diputatu ohiari etxetik urrun egindako denbora. Ez da damu erbestera joan izanaz, ordea, une hartan eta testuinguru hartan zegoen irtenbide bakarretakoa baitzen, ikusita zenbaterainokoa zen errepresioa. Ordukoez eta etor daitezkeenez hitz egin du Kataluniako La Directa aldizkariarekin.

Anna Gabriel, CUPeko diputatu ohia, Bartzelonan. VICTOR SERRI
Gemma Garcia - Jesus Rodriguez
2022ko irailaren 21a
17:49
Entzun

Ia bost urte igaro dira Anna Gabriel (1975, Sallent) Suitzara erbesteratu zenetik. Ordurako espetxean zeuden ANC Biltzar Nazional Katalaneko buru Jordi Sanchez eta Omniumeko presidente Jordi Cuixart, baita Kataluniako Gobernuko hainbat kide ere. CUPeko diputatu ohia eta UNIA sindikatuko egungo idazkari nagusia uztailean atera zen lehen aldiz Suitzatik, Espainiako Auzitegi Gorenera joateko. Ondoren, joan den astean, Pablo Llarena epailearen aurrean deklaratu zuen. Desobedientzia delitua egozten diote, baina aske da. La Directa aldizkariari eman dio elkarrizketa.

Zer da etxetik urrun bizitzearen zailena?

Pertsona atzerritar bat izatea egunerokoan paperak behar dituzun herrialde batean. Zurea ez den herrialde batean bizi zarenean, mugak argi eta garden sentitzen dituzu, gutako inork ezin dituelako gurutzatu; oso zaila izan da. Aurreikusia nuen erbestea, baina ez nuen aurreikusi pandemia batekin batera helduko zela.

Tarte honetan komunikabideetatik urrun mantendu zara, zergatik?

Suitzara heldu nintzenean harrabots handia piztu zen komunikabideetan. Nire erbesteratu egoera aldarrikatu nuen —Suitzak berehala ematen du—, testuinguru bat salatu nuen, eta ohartarazi genuen estradizio eskaera bat iristen bazen asilo politikoa eskatuko genuela, Europako Batasuneko herrialde batek Schengen eremuko estatu batean asiloa eskatzeak berarekin dakarren guztiarekin. Espainiako estatuak, hala ere, ez zuen estradiziorik eskatu, eta, beraz, neure burua kokatzen jardun nintzen. [CUPeko] Talde parlamentarioko eleduna nintzenean rol publiko bat nuen, baina, diputatu izateari utzi nionean, denbora hartu nahi izan nuen erabakitzeko plaza publikoan egon nahi ote nuen, eta, garbi dago, ezetz erabaki nuen.

Erbestetik zer lan egin ahal izan duzu Kataluniako gatazka politikoari dagokionez?

Beste maila batean egin dut lan. Harremanak ditut, batez ere, Suitzako jendearekin, eta eguneroko militantzia praktikak baliatu ditut, gure herrialdean gertatzen ari dena salatzeko. Norbaitek pentsa dezake hori ez dela ezer, ez duela garrantzirik, benetan axola duena dela NBE Nazio Batuen Erakundean oihartzuna izango duten ekitaldietan egotea. Hori oso ongi dago, baina garrantzitsuagoa da Europako herrialdeetako mugimendu antifaxistak gure errealitatea ezagutzea, eta prest egotea laguntzeko behar izanez gero, edo kaleko jendeak, langileek edo nire sindikatuko militanteek nire istorioa ezagutzea eta zabaltzea. Zehaztu nahiko nuke, orain arte esan denaren aurka, Suitzak ez dizkidala paperak eman plaza publikora ez irtetearen truke, lan kontratu bat aurkeztu dudalako baizik. Suitzak ez digu inolako baldintzarik jarri.

Zerk bultzatu zintuen erbestera joatera 2017an, eta zer aldatu da orain Gorenera joateko?

Bere garaian, ez genuen taldean eta modu zabalean eztabaidatu erbestearen aldeko apustua, normalean egin ohi dugun moduan —ezagunak dira CUPen eta ezker independentistaren batzarrak—. Ezin zen eztabaida hori egin testuinguru horretan, hau da, erreferendumaren atarian, eta, ondoren, egoera oso itogarria bilakatu zen. Gutako batzuk jarraitu egiten zituzten egunero, eta ez zekiten ondo eskuin muturrekoak ziren edo poliziak. Argi zegoen estatua presio egiten ari zela eta berdin jarraituko zuela. Ziurtasuna genuen CUPen egoitza nazionalean izaten genituen elkarrizketa guztiak entzuten zituztela, eta entzuketa gailuak zituen ibilgailu bat ere identifikatu genuen. Beraz, erbestearen aukera pertsona gutxi batzuekin soilik eztabaidatu genuen.p>

Bagenekien CUPeko jendea deituko zutela [deklaratzera], eta nik, bereziki, uste nuen haietako bat izango nintzela. Neure buruari galdetu nion zer egin nezakeen errepresioari aurre egiteko, eta hauxe esan nuen: «Irtengo den pertsonetako bat izango naiz», prest nagoelako irteteko, eta prest nagoelako Estatuaren errepresioa salatzeko. Eztabaida sakon batek lagundutako erabakia ez denez, lausoa eta zalantzazkoa bilakatzen da erbesterako bide hori.

VICTOR SERRI

Gauza asko gertatu dira lau urte eta erdi luze horietan: testuingurua ez da 2017-2018koa, bitarte horretan epai bat egon da nor, zenbateraino eta zergatik zigortu zehazten duena. Horri esker nolabait ere aurreikusi ahal izan genuen, auzipetuta egonik, sedizioagatik edo desobedientziagatik epaitua izango nintzen. Ondoren heldu zen pandemia, eta gauza asko irauli zituen; garai zailak izan ziren guztiontzat. Eta orain, bazirudien une egokia izan zitekeela itzulera planteatzeko; ulertzen genuen bazegoela aurrekari bat nolabait ere bermatzen zuena leporatuko zidaten delitua desobedientzia izango zela, eta hori izan da gerora gertatu dena.

Faktore guztiak elkartuta heldu zen erabakia. Ez da erraza izan, irteten zarelako esanez: «Ez naiz joango Gorenera, han ez didatelako justiziarik egingo», eta hori ez da aldatu; irteten zara salatzeko oraindik indarrean den errepresiozko egoera bat. Erbesteak izan behar du esan nahi politiko bat; gainontzean, oso gogorra da horri eustea, bai norberarentzat, baita haren gertukoentzat ere. Min handia eragiten du ezin itzuli izateak erbesteko zure kideekin batera; hori da gogorrena, baina orain eman genezakeen erantzun bakarra da borrokan jarraitzea guztiek askatasuna berreskuratu dezaten.

Zure aurkako akusazioa kontuan izanda, eta antzekoetan zehaztu ziren badaezpadako neurriak aintzat hartuta, berez ez zenuen espetxera sartu behar. Zerk pentsarazi zizuen aurkakoa?

Oso zaila da zer gertatuko den aurreikustea; ezinezkoa da jakitea zer gerta zitekeen. Orain, distantziatik, errazagoa da dena aztertzea. Ordu hartan talde kontzientziak eta egoera pertsonalak bultzatuta egin nuen urratsa, eta orain ere testuinguruarengatik eta arrazoi pertsonalak direla medio itzuli naiz.

Omniumen zenbaketaren arabera, 4.500 lagunek jasan dute estatuaren errepresioa prozesu independentistaren ondorioz. Errepresaliatu guztiek ez dute izan laguntza juridikoa, politikoa eta soziala. Lehen eta bigarren mailako errepresaliatuak daude?

Duzun ikusgaitasuna ez da beti zuk aukeratutakoa, eta nik inolaz ere ez dut nahi zenbait errepresaliatu ahaztuak izatea, baliabide gutxiago edukitzea, babes gutxiago jasotzea edota laguntza gutxiago izatea. Horregatik, sustatuko nuke babes sareak osatzea errepresio egoeran gauden banako guztion artean, eta modu horretan baliabideak, bizipenak eta ahalmenak partekatu ahal izatea.

Independentzia bozketa baino lehen bazenekien ez zegoela estatu azpiegiturarik edo erresistentziari eusteko bigarren aukerarik prest? Zer informazio zuen CUPek?

Argi zegoen erreferendumaren aldeko apustua ez zegoela Junts pel Si-ren programa politikoan —hark irabazi zituen hauteskundeak—. Haien hauteskunde kanpainako eskaintza nagusia ziren banaketa ahalbidetuko zuten hiru lege proposamenak. Hori zen bide orri osoa. CUP-Crida Constituentek proposamen horri emandako erantzuna ere publikoa da: guk esan genuen ez dagoela minik gabeko banaketarik estatuarekin, ezinezkoa dela estatutik banatzea Kataluniako Parlamentuan hiru lege onartuta, eta, gainera, Herrialde Katalanetako zati baten demokratizazioa helduko dela soilik balio progresistekin egiten bada, eta horregatik ez gentozen bat ustelkeria auziekin horren lotura estua zuen hautagai bat egotearekin. Azkenik, jendearen indarrari eta eskoletan eutsi izanari esker izan genituen hautetsontziak, ez instituzioen bitartez.

Estatuaren erasoaldiaren aurrean, ezin genuen egin subiranotasun ariketa hori aldarrikatzen jarraitu besterik. Horregatik, CUPek izugarri defendatu zuen bozkatu egin behar zela, herrialde honetan jende askok ez zuen nahi ukatzerik adierazteko beren askatasuna.

VICTOR SERRI

Uneren batean aukera izan bagenu erreferendum bat egin eta estatuak emaitzak onartzeko, trantsizio epe bat zabalduko zatekeen non testuinguru berrira egokituko ginatekeen. Ez gaude testuinguru horretan, Espainiako estatuak ez gaitu aitortzen subjektu politiko gisa, ez du onartzen erreferendum bat egitea, eta, beraz, estatuak ez du atzera egiten eta ez du negoziatzen, indarkeriaz eta judizializazioarekin erantzuten dio adierazpen askatasunari.

Eskura geneukan tresna bakarra zen gizarte gisa antolatu ahal izatea, baina instituzioetatik ikusi ahal izan genuen nola 155. artikuluak, funtzionarioei zuzendutako debekuak, bertan behera uzten zuen instituzioek eremu subiranoak sortzeko prozesua zuzentzeko aukera. Estatuarekiko haustura ez da etorriko minik gabeko trantsizio batetik, ezta subiranotasunerako tarterik ez duten instituzioek sor ditzaketen azpiegituretatik ere.

Agenda propioa, nazioarteko finantzaketa, banku zentral bat sortzea... Zergatik ez zen esan zenbait gauza ezin izango zirela egin?

Ez dut gogoratzen adierazpenik esanez bozkatuko genuela, adierazpen bat egingo genuela eta azpiegitura horiek sortuko genituela eta herrialde jakin batzuek finantzatuko gintuztela. Gogoan ditut gure hitzartze batzuk, non gerra ekartzen genuen gogora, eta esaten orduan ere nazioarteko brigadisten laguntza bakarrik izan genuela, nazioarteko diplomaziaren alorrean, normalean, interesak lehenesten direlako balioen aurrean.

Erreferendumaren defentsan eta bozkatzearen garrantzian jarri genituen indarrak, hori zelako gure lehentasuna, hori zelako herritarren zati handi batek nahi zuena. Hori zen estatuak saihestu nahi zuena, ikusi behar izatea nola herrialde hartako milaka lagunek beren iritzia adierazi nahi zuten, baiezkoaren edo ezezkoaren alde. Oso mingarria da, orain ikusita, jakitea jende bat engainatuta sentitu dela, traizio egin izan baliote bezala, azkenean izan zena baino gehiago izango zela uste izan zuelako. Oso harro egon beharko genuke urriaren 1ean eta 3an gertatu zenaz.

Uste duzu urriaren 1eko erreferendum hark bide ematen duela independentzia aldarrikatzeko, edo berriz bozkatu behar da?

Espainiako estatuarekiko negoziazio mahaiak ez digu bide eman autodeterminazio ariketa egiteko, DUI [Aldebakarreko Independentzia Deklarazioa] parlamentuan onartzeak ez gaitu independente izatera eramango, eta mahai gainean beste erreferendum bat jartzea ere ez da azken aukera. Hain zuzen ere, aukera horiek guztiak hartu behar dira kontuan, baina ez haren alde ez dagoenaren aurkako jaurtigai gisa; aukera guztiak aztertu behar dira hausnarketa osatu bat egin ahal izateko. Urriaren 1ean bozkatu zen, bai, norena izan zen urriaren 1eko indar hura eta nork egin zuen bozkatzeko ariketa? Zer irabazi genuen? Irabazi genuen baiezko botoak gehiago izan zirelako ezezkoak baino; baina ez, ez genuen independentzia irabazi. Hori ez da urriaren 1a zakarrontzira botatzeko arrazoia. DUi bat parlamentuan. Zertarako balio du DUI bat onartzeak? Bihar independente izateko? Ez, noski; baina segur aski une jakin batean tresna bat izan liteke tentsio politikoa handitzeko. Beste erreferendum bat? Eta zergatik ez? Ikusten badugu egoera egokia dela eta jendea erabiltzeko eta bere egiteko prest badago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.