Gros, Antigua eta Erdialdea «turismo jardueraz saturatutako eremu» izendatzea eskatu du Donostiako EH Bilduk

Koalizio abertzaleak kontrol mozio bat eramango du osteguneko osoko bilkurara, pisu turistikoez saturatutako eremu berriak izendatzeko.

Gros auzoko terraza bat. ANDON CANALLEDA / FOKU
inaut matauko rada
2022ko irailaren 21a
18:32
Entzun

Donostiako EH Bilduk EAJ eta PSEren turismo eredua «agortuta» dagoela salatu du gaur goizean, prentsaurreko batean. Azken urteetan hotel, pisu turistiko eta gainerako turismo alojamenduen «kontrolik gabeko hazkundea» egon dela salatu du, eta horrek «ondorio negatiboak» ekarri dituela gehitu du. Hori dela eta, Gros, Erdialdea eta Antigua auzoak «turismo jardueraz saturatutako eremu» izendatzea proposatu dute, besteak beste.

Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak hartu du hitza, eta udal gobernuko hainbat kidek azkenaldian turismoa erregulatzeko iragarri dituzten neurriak «zehaztasun gutxiko iragarkiak» direla esan du. Izan ere, hotel berrien irekiera mugatzeko formula berri bat aztertzen ari direla adierazi dute EAJ-PSE gobernuko kideek, eta Hirigintza zinegotziak, EAJko Nekane Arzallusek, esan zuen pisu turistikoen baimen berriak mugatzeko neurriak aztertzen ari direla.

«Aurrerapauso» bat eman behar dela esan du Burutaranek, eta Gros, Erdialdea eta Antigua auzoak «turismo jardueraz saturatutako eremu» izendatzea proposatu du. Izan ere, nahiz eta Donostiako saturazio ratioa %8koa izan, auzo batzuetan %20 eta %25 artean dago datu hori. Cristina Lage Turismo zinegotziari leporatu dio %8ren datua era tranpatian erabiltzea, desoreka handia baitago periferiako eta erdialdeko auzoen artean.

Pisu turistikoei dagokienez, Burutaranek dio dauden pisuen kopurua «murriztu» egin behar dela, eta horretarako hainbat neurri hartu daitezkeela adierazi du, baimenen iraungipena edo erabiltzen ez diren baimenak kentzea, esaterako. Hala, koalizioak kontrol mozio bat eramango du osteguneko osoko bilkurara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.