AZPIEGITURAK

Espainiako Gobernuaren azken txostenak berretsi du Esako urtegiaren segurtasuna ezin dela bermatu

2021eko apirileko ebazpena izan arren, Nafarroako Gobernuak esan du uztailaren 25era arte ez zuela haren berririk izan

Esako urtegia. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 21a
18:36
Entzun

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Esako urtegiko segurtasunari buruz eginiko azken ebazpenak zurian beltz jarri du hainbat geologok eta gizarte eragilek salatzen zutena: ezinezkoa da urtegiaren segurtasuna bermatzea. «Egonkortasunari eragiten dioten faktoreen ziurgabetasuna dela eta, oso zaila da frogatzea egungo baldintzak segurtasun faktore onargarri baten gainetik daudela», irakur daiteke Espainiako Bide, Ubide eta Portuen Ingeniarien Elkargoak sinatutako txostenean. Eta bi paragrafo beherago: «Hainbeste dira kasu honetan argitu gabe daudenak, ezin baitira ziurtzat jo segurtasun koefiziente bat lortzeko kalkulu edo modelizazioak».

Hala eta guztiz ere, txostenaren egileek ez dute eragozpenik antzeman urtegia handitzeko lanei segida emateko. «Uste dugu hegalaren segurtasun faktorea 1 baino handiagoa dela». Uste horretan oinarritu dute urteetako atzerapena eta ehunka milioiko gainkostua pilatu duen azpiegitura erraldoi bati emaniko oniritzia.
Orain azaleratutako ebazpenean, ingeniarien elkargoak aitortu du Esako eskuin hegala mugitzen ari dela, «baina oso abiadura mantsoan». Hala ere, «onargarritzat» jo du 1etik gorako edozein faktore lortzea: «Badago nahikoa kontsentsu 1,25eko segurtasun faktorea arrazoizkotzat jotzeko, hegala baldintza estatikoetan balego [...]. Antzeko kasuetan, 1,1ekoa ere onartu izan da».

Egoera prekario horren argitara, txostenaren egileek planteatzen duten konponbide bakarra da urtegia betetzeko probak «kontu handiz» egitea, pixkanaka, «atzera egiteko aukera emanez». BERRIAk kontsultatutako iturrien arabera, ordea, ezinezkoa da halakorik egitea: «Materialek kohesioa galtzean, ez dago atzera egiterik. Probak ongi eginda ere, materialak ez dira izanen hasierako egoera berean».

Alderdiak, azalpen eske

Orain azaleratutako ebazpenak hautsak harrotu ditu Nafarroan. Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak 2018an egin zion eskaera Bide, Ubide eta Portuen Ingeniarien Elkargoari eta erakunde horrek 2021eko apirilean entregatu zuen txostena. Ordutik, baina, tiradera batean gordeta egon da: aurtengo otsailean, auziaz galdetuta, Espainiako Gobernuak aitortu zuen iazko ekainean jaso zuela ebazpena, eta Nafarroako Gobernuari eta Ebroko Ur Konfederazioari igorri ziela. Maria Txibiteren gobernuak, baina, ukatu egin zuen txostena jaso zuela.

Gaur, Jose Maria Aierdi lehendakariordeak azaldu du «uztailaren 25ean» izan zutela Esako egoerari buruzko ebazpenaren berri, eta «txostena jaso eta berehala», Lurralde Kohesioko Departamentuari eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari igorri zietela. «Uneotan, xehe-xehe ari dira ebazpenaren azterketa teknikoa egiten, eta horri esker, gure teknikarien irizpideen araberako balorazioa egin ahalko dugu». Aierdik aurreratu du ministerioaren txostenean «egokitzat» jotzen direla «urtegiaren segurtasun estandarrak», baina Nafarroako Gobernuaren ardura dela «iritzi hori berrestea edo ez».

EH Bildu eta Geroa Bai taldeek «kezka» adierazi dute Esako segurtasunari buruzko txostenaren gainean. EH Bilduk, adibidez, Espainiako presidenteorde Teresa Riberaren «premiazko agerraldia» eskatu du Espainiako Kongresuan, azalpenak eman ditzan. Txostena «behin eta berriro ezkutatzea» eta informazioa ukatzea leporatu die Bel Pozueta diputatuak Espainiako eta Nafarroako gobernuei.
Geroa Baiko senatari Koldo Martinezek, berriz, «ezinegona» agertu du presaren segurtasunaren inguruan: «Txostena irakurrita, erantzun gabeko galdera asko dauzkagu. Ondorioei eskainitako hamaika orrialdeetan, adibidez, hamalau bider errepikatzen da ziurgabetasun hitza. Urtegiaren segurtasunari buruzko zalantzak argitzeko xedez eginiko ebazpen bat izanda, ziurtasun handiagoa espero genuen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.