ETIOPIA

Eritreak «erasoaldi zabal» bat hasi duela salatu du Tigrayko TPLF gerrillak

Tigrayko herritar guztiei armak hartzeko eskatu die TPLFk. Etiopiako Gobernuaren helburua tigraytarrak «sarraskitzea» da, gerrillaren arabera.

Tigrayarren protesta bat, Hegoafrikan, Etiopiako Gobernuaren aurka, artxiboko irudi batean. EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko irailaren 21a
19:16
Entzun

TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteak Etiopiako Tigray eskualdeko herritar guztiei eskatu die Etiopiako eta Eritreako armaden aurka armak har ditzaten, «gerra genozidatik defendatzeko». TPLFk salatu du Eritreako armadak «erasoaldi zabal bat» hasi duela, Etiopiakoaren eta Amhara eskualdeko indar berezien laguntzarekin. Tigraytarrek erresistentzia «heroikoa» egin dutela gehitu du.

«Gure etsaiek erabaki dute tigraytarrak sarraskitzeko daukaten proiektua hil ala biziko kontua dela haientzat», dio TPLF gerrillak idatzi duen oharrak. Etiopiako armadaren azken mugimenduek adierazten dute Addis Abebak «guztiz arbuiatzen duela» balizko bake negoziazio bat egitea, gerrillaren ustez.

Eritreak parte hartze aktiboa izan du Tigrayko gatazkan, 2020ko azaroan Etiopiako armadaren eta TPLF gerrillaren arteko liskarra hasi zenetik. Addis Abebari laguntzen ibili da, bi estatuen arteko bake akordioa lortu zutenetik.

Amerikako Estatu Batuek dagoeneko gaitzetsi dute Eritreak Tigrayko gerran parte hartu izana. Izan ere, nazioarteko komunitatea Tigrayko gatazkaren konponbide baketsu baten bilaketan bete-betean ari dela egin du Asmarak «erasoaldi zabala».

Menia eten eta hilabetera

Martxoan su eten bat izan zen bi aldeen artean, arrazoi humanitarioak tarteko. Ez zen, ordea, elkarrekin adostutakoa izan. Orduan, Eritreako tropek Tigraytik alde egin zuten.

Edonola ere, abuztuaren 24an menia eten zuten, eta gatazkari ekin zioten berriz Tigrayn.

TPLFk, dena den, su eten bat adosteko prest dagoela adierazi izan du. AB Afrikako Batasunaren bitartekaritzarekin, «bi aldeek adostutako su etena» onartuko luke gerrillak. Hala ere, salatu dute Etiopiako lehen ministro Abiy Ahmed izan dela prozesua oztopatzen aritu dena, Tigray behin eta berriz bonbardatuz.

«Gosearen gerra»

Gainera, NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du Etiopiako Gobernuak gosea erabiltzen duela «gerra estrategia» moduan, Tigrayko biztanleengana laguntza humanitarioa iristea oztopatu duelako Addis Abebak.

«Etiopiako Gobernuak Tigrayko biztanleei oinarrizko zerbitzuak, elikagaiak, osasun arreta eta laguntza humanitarioa eman ez izanak ondorio larriak ditu biztanleriarengan», azaldu du Kaari Betty Murungi NBEk giza eskubideen alorrean Etiopian duen arduradunak. Are, «gosearen gerra» izendatu duena «gizateriaren aurkako krimen bat» dela nabarmendu du.

Sei milioi tigraytarri Interneteko konexioa eta bankuko zerbitzuak «blokeatu» dizkietela salatu du NBEko kideak. Sexu indarkeria eta bortxaketak «nabarmen» ugaldu direla ere adierazi du. Askotan, «arrazoi etnikoak» tartean daude eraso horietan, Murungiren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.