Gerra Ukrainan

Putin gazteak deitzen hasi da gerrarako, eta gazteak, herrialdetik alde egiten

Kremlinek esan du «gezurra» dela milioi bat pertsona mobilizatzeko asmoa daukatela. EBk adostu du Errusiari zigor ekonomiko gehiago ezartzea. Lavrovek egotzi dio Mendebaldeari gerraren «parte» izatea, Ukrainari armak emateagatik. Zaporizhian babes eremu bat sortzeko negoziazioak hasi dituzte.

Errusiako Polizia manifestariak atxilotzeko prest, atzo, San Petersburgon, Putinek agindutako mobilizazioaren aurkako protestan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 22a
08:41
Entzun

Ukraina kontraerasoa areagotzen ari denez, Vladimir Putin Errusiako presidenteak iragarri zuen, atzo, 300.000 erreserbista mobilizatuko dituztela gerrarako. Hasi dira horiek errekrutatzen, Errusiako zenbait hedabidek kaleratutakoa aintzat hartuz. Gainera, sare sozialetako bideoetan ikus daiteke nola agurtzen dituzten instalazio militarretara bidean doazen gaztez betetako autobusak. Kremlinek mobilizaziorako egindako deiari erantzunez, oposizioak «protesta nazionalera» deitu du larunbaterako.

Egoera hori izanik, herritarrak Errusiatik alde egiten hasi dira. Batetik, herrialdetik ateratzeko hegaldi ugari bete egin dira; beste kasu batzuetan, txartelak garestitu egin dira. Gainera, Finlandiako mugazainek ohartarazi dute azken orduetan ohi baino ibilgailu gehiago iristen ari direla Errusiatik, eta, Reuters berri agentziak kaleratu duenez, auto ilara luzeak sortu dira Errusiatik Kazakhstanera, Georgiara eta Mongoliara doazen errepideetan. Peter Stano Europako Batzordearen Atzerri bozeramaileak gaur nabarmendu du talde komunitarioak posizio bateratu bat adostu beharra daukala errusiarren asilo eskaeren inguruan. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrean mintzatu da gaur, New Yorken, eta Mendebalderi leporatu dio Ukrainari armak ematea Errusia ahultzeko asmoarekin; beraz, iruditzen zaio horrek gerraren «parte» bihurtzen dituela AEBak eta EB.

Moskuk 300.000 erreserbista mobilizatzeko agindu du, baina Novaya Gazeta erbestetik lan egiten duen egunkari errusiarrak argitaratu du, Kremlineko funtzionario baten hitzak erabiliz, egiazki milioi bat lagun mobilizatuko dituela. Argitaratu eta berehala gezurtatu du informazio hori, gaur, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek. «Gezurra da».

Kontuan hartu behar da, bestalde, Putinek herenegun iradoki zuela ez diotela muzin egiten arma nuklearrak erabiltzeari beren herrialdea babesteko, eta Dmitri Medvedevek gaur adierazi du arma nuklear «estrategikoak» ere erabiliko dituztela okupatuta dauzkaten eta erreferendumak egin ondoren anexionatu asmo dituzten Ukrainako lurrak «babesteko». «Herrialdeak norabide bat aukeratu du, eta ez dago atzera-bueltarik», idatzi du Telegramen, Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteorde eta 2008 eta 2012 artean herrialdeko presidente izandakoak.

Hain zuzen ere, bihartik 27ra bitartean dira egitekoak galdeketak Donbassko Donetsk eta Luhansk errepublika errusiazaleetan eta Kherson eta Zaporizhia Moskuk militarki okupatutako lurraldeetan. Horrek eta Putinek herenegun iragarritako mobilizaziorako deiak eta hauspotu duen mehatxu nuklearrak koska bat estutu dute Ukrainako gerra.

Otsailean inbasioa hasi zenetik egin bezala, bat eginda erantzun du Mendebaldeak, eta EB Europako Batasuneko herrialdeetako atzerri ministroek adostu dute Errusiari zigor ekonomiko gehiago jartzea. Ministro horiek New Yorken daude, NBEren Biltzar Orokorrean, eta urgentziaz bildu ziren atzo goizaldean erabaki bat hatzeko. «Argi dago Putinek Ukraina suntsitu nahi duela», nabarmendu zuen Josep Borrell EBren diplomaziaburuak. Gogorarazi zuen talde komunitarioak Ukraina babesten jarraituko duela, eta Putini egotzi dio bere azken mugimenduekin «nazioarteko segurtasuna eta bakea» arriskuan jartzea.

Bruselak asteartean aurreratu zuen zigor gehiago jarriko zizkiola Kremlini; hain justu, Donetsketik, Luhansketik, Khersonetik eta Zaporizhiatik Errusiarekin bat egiteko galdeketak egitekoak zirela jakinarazi zutenean. Borrellek gaitzetsi egin ditu erreferendum horiek, eta argi utzi ez dituztela ontzat hartuko emaitzak.

EBren diplomaziaburua, gainera, Txinako Atzerri ministro Wang Yirekin bildu da, eta eskatu dio Errusiarekiko duen «eragina» baliatu dezala gerra amaiarazteko. Txina eta Errusia aliatu geopolitikoak dira, baina Pekinek esan izan du Ukrainaren lurralde batasuna defendatzen duela, eta herenegun nabarmendu zuen «irtenbide bakezale bat» lehenesten duela.

Negoziazioei atea itxizp>

Eta NBEren Biltzar Orokorrean begirada gehien erakarri duten diskurtsoetako bat Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearena izan zen. Goizaldean egin zuen agerraldia —Euskal Herriarekin alderatuta, sei ordu gutxiago dira New Yorken—, bideo baten bidez. Laburbilduz, Mendebaldeari eskatu dio ezar diezazkiola zigor gogorragoak Errusiari, eta, aldi berean, babes militar handiagoa eskatu du. «Ukrainaren kontrako krimen bat egin dute, eta bidezko zigor bat exijitzen dugu». Zelenskirentzat, zigorrak dira Errusiarekiko komertzioa blokeatzea, harreman diplomatikoekin gauza bera egitea, nazioarteko erakundeetan botoa emateko eskubidea ukatzea, eta, besteak beste, auzitegi berezi bat eratzea Errusiari egotzitako krimenak epaitzeko. Gaur-gaurkoz, atea itxi dio Errusiarekin negoziatzeari.

Segurtasun eremu bat Zaporizhian

Zaporizhiako zentral nuklearraren inguruan (Ukraina) segurtasun nuklearrerako babes eremu bat sortze aldera, Rafael Grossi IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari nagusiak jakinarazi du «benetako negoziazioak» hasi dituela Errusiarekin eta Ukrainarekin. AP berri agentziari adierazi dionez, bilera bat egin du Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroarekin eta beste bat Sergei Lavrov Errusiako haren homologoarekin, New Yorken, NBE Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorraren testuinguruan. «Egoeraren larritasuna aintzat hartuta, azkar mugitu behar dugu». IAEAko teknikari talde batek instalazioaren egoerari buruzko azterketa bat egin zuen hilaren hasieran, eta ondorioztatu zuen egoera «eutsiezina» zela. Ukrainak eta Errusiak elkarri leporatzen diote Europako instalazio nuklear handienaren segurtasuna arriskuan jartzea bonbardaketen bidez. Errusiak adierazi zuen atzo bonbardaketa batek zentraleko ur hodi bat hondatu zuela. Grossiren esanetan, «ezinbestekoa» da zentralean segurtasun eremu bat ezartzea, bai Errusiarentzat eta baita Ukrainarentzat ere. Josep Borrell EBren diplomaziaburuak esan du «noiznahi» gerta daitekeela istripu nuklear bat han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.