Albistea entzun

Ipar Irlanda

Ipar Irlandan, lehen aldiz, katolikoak gehiago dira protestanteak baino

Ostiral Santuko Akordioaren arabera, Ipar Irlandaren etorkizunari buruzko erreferenduma egin liteke ikusten bada egon litekeela Irlanda batzearen aldeko gehiengo bat.

Bloody Sundayko hilketak oroitzeko Derryn dagoen horma irudi bat./
Bloody Sundayko hilketak oroitzeko Derryn dagoen horma irudi bat./ Neil Hall/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2022ko irailak 22

Joan den asteartean zuten argitaratzekoa Ipar Irlandako errolda berritua, baina Erresuma Batuko Elizabeth II.aren hiletak atzeratu egin zuen hori ere. Gaur jakin da azkenean askok espero zuten datua, hau da, katolikoak gehiago direla protestanteak baino: zehazki, %45,7 dira katolikoak, %43,48 protestanteak eta %1,5 beste erlijio batzuetakoak. Datua adierazgarria da oso; izan ere, Ostiral Santuko Akordioaren arabera, erreferendum bat egin ahalko litzateke, betiere, Ipar Irlandarako Erresuma Batuko idazkariak aurreikusten badu egon litekeela gehiengo bat Irlanda batzearen alde.

Dena den, bada esanguratsua den beste datu bat ere, herritarren %9,3 —177.300 pertsona— ez baitira identifikatzen erlijio bakar batekin ere. Hor ere igoera nabarmena izan da duela hamar urtetik hona; izan ere, 2011n %5,6 ziren horiek: 101.200 lagun inguru.

Duela hamar urte lehen aldiz galdetu zieten herritarrei beren nazio sentimenduari buruz: %40k erantzun zuten britainiar sentitzen zirela; herritarren laurden batek (%25), irlandar; eta %21ek, iparrirlandar. Hor ere izan da aldaketarik; izan ere, %31,9k erantzun dute britainiar sentitzen direla; %29,1ek, irlandar; eta %19,8 iparrirlandar.

Gaur argitaratu duten errolda 2021ean osatua da, hau da, lehena 2016an Europako Batasuna uztearen alde bozkatu zenetik. Orduz geroztik, ugaritu egin dira Irlandako pasaportea lortzeko eskariak Ipar Irlandan. Hori ere islatu da galdeketan: %47 dira Erresuma Batuko pasaportea dutenak (%59 ziren 2011n); %27 Irlandakoa dutenak (%21 ziren 2011n); eta %19 pasaporterik ez dutenak (%16 ziren duela hamar urte).

Baikor agertu da Ipar Irlandako lehen ministrorde eta Sinn Feineko presidenteorde Michelle O’Neill: «Emaitzek erakusten dute aldaketa historikoa gertatzen ari dela uharte honetan, eta gure gizartearen aniztasunak aberatsago egiten gaitu». SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristako buru Colum Eastwooden esanetan «benetako aldaketaren unea» da honakoa.

Urratsa bat gehiago egin du Sinn Feineko parlamentari John Finucanek, eta eskatu dio Irlandako Gobernuari presta dadila batasunari buruzko erreferendum posible baterako. «Aldaketa honek ez du atzera-bueltarik. Etorkizun hobe baten parte izateko aukera dugu orain, Irlanda berri batekoa. Baina horretarako prest egon behar dugu».

Datuen «irakurketa okerra» egitearen arriskuaz ohartarazi du, ordea, DUP Alderdi Demokratiko Unionistak. Gregory Campbell diputatuaren esanetan, errealitate «ironiko» baten aurrean aurkituko dira katolikoak gehiengo izateak Irlandaren batasuna ekarriko duela uste dutenak: «Erresuma Batuaren menpeko Ipar Irlanda zenbat eta pluralagoa izan, orduan eta aukera gutxiago banaketaren aldeko gehiengo bat lortzeko».

Kolpe gogorra

2011ko erroldaren arabera, Ipar Irlandako herritarren %45,1 ziren katolikoak, edo katoliko gisa hezi zituzten; eta %48,4 ziren protestanteak edota kristautasunaren beste adarren batekoak. Pasaporteari dagokionez, %60k zuten Erresuma Batuko dokumentazioa, eta %20k Irlandakoa.

1921ean hasi ziren errolda osatzen, eta, geroztik, hamar urtean behin berritzen dute. Lehen aldi hartan, nabarmen gehiago izan ziren protestanteak, eta hala jarraitu du geroztik, nahiz eta aldea murriztuz joan den urtetik urtera. Gehiengo hori, gainera, instituzioetan islatzen da, non urteetan unionisten esku izan den agintea. Hori ere galduz joan dira, ordea. «Jakina zen egunen batean helduko zela. Euren gehiengo politikoaren galeraren lekuko izan dira [unionistak]. Orain zenbakietan ere gutxiago direla ikustea beste kolpe bat izango da», azaldu du Diarmaid Ferriter historialariak.

Katolikoen jaiotza tasa handia izan da zenbakiak irauli dituena. Baina garaiak aldatuz doaz, eta gaur egun katoliko izateak ez du nahitaez esan nahi Irlandaren batasunaren alde egotea. Horri eusten diote unionistek, eta hori bera ohartarazi du goizean DUPek berak ere, nahiz eta oraindik ere katoliko gehienak irlandar gisa identifikatu, britainiar gisa baino gehiago.

Batasunari buruzko galdeketa sustatzen duen Irlandako Etorkizuna plataformako eledun Patricia McBridek zehaztu dio The Guardian egunkariari erlijioa eta nortasun nazionala ez direla beti erabakigarriak erreferendum posible batean jendeak nola bozkatuko lukeen aurreikusteko; bai, ordea, zergak, gizarte zerbitzuak eta bestelako oinarrizko beharrak. «Jendea gehiago kezkatzen du balizko batasun batek bere ekonomian izan dezakeen eraginak. Ez da soilik bihotzarekin bozkatzen, buruarekin ere bozkatzen da», azaldu du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Errskate zerbitzuak Kherson eskualdeko bizilagunak ebakuatzen. ©GEORGE IVANCHENKO / EFE

Gutxienez bost pertsona hil dira presa suntsitzearen ondorioz

Jone Bastida Alzuru

Zelenskik salatu du Errusiak erasoak egiten jarraitzen duela erreskate lanetan ari diren bitartean. Nazio Batuen Erakundearen arabera, presa suntsitzearen ondoriozko kalteak areagotu egingo dira datozen orduetan.

Erasoa izan den parkearen irudia. / ©Google Streat

Gizon batek zazpi ume eta heldu bat zauritu ditu labanaz Annecyn

Imanol Magro

Umeetako hiru larri daude, ospitalean. Frantziako Poliziak erasotzailea atxilotu du.

Mike Pence AEBetako presidenteorde ohia, iragan martxoan Washingtonen egindako agerraldi batean ©Jim Lo Scalzo / EFE

Mike Pence presidentegai: «Beste garai batzuek beste lidergo bat eskatzen dute»

Ander Perez Zala

AEBetako estatuburuorde ohiak iragarri du Alderdi Errepublikanoaren primarioetan lehiatuko dela. Urteotan Trumpengandik urrundu da, eta asko kritikatu du; batez ere, Kapitolioko erasoan izan zuen jarreragatik.

30 migratzaile baino gehiago, 'Nadir' gobernuz kanpoko erakundeko itsasontziak erreskatatu ostean, matzean, Lampedusan, Italian. ©Concetta Rizzo / EFE

Italiako kostazainek 1.400 bat migratzaile erreskatatu dituzte Itsaso Jonikoan

Mikel O. Iribar

Herenegun eta atzo egin zituzten operazioak, Frontexen laguntzarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.