HEZKUNTZA

Navarra Suma bakarrik gelditu da parlamentuan, 0-3 zikloaren auzian

Koalizio espainiazaleak lege proposamena aurkeztua zuen «langileen baldintzak hobetzeko», baina gainerako indarrek bide orri propioa adostu dute.

0-3 plataformaren protesta bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 22a
12:30
Entzun

Ezin izan du 0-3 zikloaren bandera astindu. Navarra Sumak lege proposamen bat aurkeztua zuen, «0-3 zikloko haur eskoletako langileen lan baldintzak hobetzeko». Gainerako talde parlamentarioek, baina, uko egin diote proposamena tramiterako onartzeari, koalizio eskuindarraren proposamena «oportunista» eta «zinikotzat» jota. Horren ordez, itun bat sinatu zuten atzo PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Bide orri propio horrek balioko du, besteak beste, udalen eta Nafarroako Gobernuaren haur eskoletako langileen soldatak berdintzeko eta hezkuntza laguntzarako ehun jardunaldi osatzeko adina langile kontratatzeko. Sinatzaileen arabera, Navarra Sumak proposatutakoa baino «osoagoa eta garantistagoa» izanen da bost indarrek adostu dutena.

Gainerako talde guztiek ituna sinatua zutela jakinda, Navarra Sumako diputatu Pedro Gonzalezek ez du ahaleginik egin ere bere lege proposamenaren aldeko botoa eskatzeko, eta gobernuari eusten dioten taldeei kritika egin die, «Bilduk nahi duena» egiteagatik: «Futbolean, hamaikak jokatzen dute, eta Alemaniak irabazten du beti; bada, parlamentu honetan, beti irabazten du Bilduk, gobernuak men egiten diolako». Bozketa galdu arren, langileen baldintzak hobetzearen meritua Navarra Sumarena dela uste du Gonzalezek: «Tramiterako onartu gabe ere, lege proposamen honek lortu du gainerako taldeak ados jartzea, langileen baldintzak hobetzeko», esan du ironiaz. Horrez gain, Nafarroako Gobernuari leporatu dio 0-3 Plataformaren aldarrikapenei «entzungor» egin izana: «2015ean bezala gaude, apenas egin duzuen ezer urte hauetan, eta mugitzen hasi zarete egoera jasanezina bihurtu denean».

PSNko eledun Jorge Agirrek Navarra Sumari egotzi dio 0-3 zikloko langileen «erabilera politikoa» egin izana, eta aurreko legealdian Gonzalezek berak plataformari buruz esanikoak gogorarazi dizkio: «'Nork osatzen du 0-3 plataforma? Zer zilegitasun dute gobernuarekin negoziatzeko? Denok dakigu nor dagoen plataforma honen atzean'. Adierazpen horiek ez zituen Gimeno kontseilariak egin, ezta nik ere. Adierazpen horiek zuk egin zenituen, Gonzalez jauna. Beraz, aurkeztu duzuen lege proposamen hau zer da: oportunismoa ala filibusterismo politikoa?». Are: Navarra Suma osatzen duten alderdiek —UPNk, PPk eta Ciudadanosek— urteetan eginiko politikek «lege proposamenari sinesgarritasun osoa kentzen diotela» gaineratu du PSNko parlamentariak: «Gogora ekar ditzakegu 2012. urtean ezarri zenituzten murrizketak, ratioen igoera, baldintza materialen okertzea, aurrekontuen apaltze jarraitua... Hortaz, ez dakit Navarra Suma horretaz guztiaz ahaztu den, ala fede txarrez ari diren».

Geroa Bairen izenean, Maria Solana parlamentari eta Hezkuntza kontseilari ohiak esan du 0-3 sektoreko langileek maiatz eta ekainean egin zuten greba «eragotz zitekeela, langileen beharrei erreparatuta». Hala ere, atzo PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak adostutako ituna goraipatu du, «Navarra Sumaren lege proposamena gainditzen duelako». «Sinetsita nago Navarra Sumako Gonzalez jaunak berak ere gustuko duela gure akordioa, ausartagoa delako. Horregatik ez dute itunaren edukiaz hitz egin nahi, eta sinatzaileengan jarri nahi dute arreta. Guk hasieratik esan genuen auzi hau konpontzeko ez zela lege bat behar, baina bai akordio sinatu bat. Orain baditugu bide orri propio bat, aurrekontu zabalago bat eta egutegi bat».

EH Bilduko legebiltzarkide Bakartxo Ruizek gogor hitz egin du Navarra Sumaren proposamenaren kontra, «besteon merituak propioak balira bezala aurkeztu nahi izan dituelako». Koalizio espainiazaleari egotzi dio 0-3aren kostuaren zati bat udalei ordainarazi nahi izatea, eurekin kontsultatu gabe, eta agintean zirenean egiten zutenaren kontrakoa exijitzea orain: «UPNk murrizketa izugarriak ezarri zituen 0-3 zikloan, eta lezioak eman nahi dituzte orain? Niri ez zait sinesgarria iruditzen. Hain zuzen, aurrera urrats batzuk eman ahal izan ditugu, eskuina gobernutik atera zenetik, ez lehenago». Hala ere, «triunfalismoa alboratzeko» galdegin die gobernuari eusten dieten taldeei, «bide luzea baitugu aurretik, 0-3 hezkuntza publikoa, doakoa eta unibertsala bermatu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.