Albistea entzun

Zientzia

Neptunoren eraztunen argazkiak atera ditu James Webb teleskopioak

Eraztunak inoiz ez dira ikusi halako zehaztasunez. 'Voyager 2' zundak irudikatu zituen lehenbizikoz, duela 33 urte.

Neptuno planeta eta haren eraztunak.
Neptuno planeta eta haren eraztunak. Europako Espazio Agentzia Tamaina handiagoan ikusi

Julen Otaegi Leonet -

2022ko irailak 23

Neptuno planeta Eguzki Sistemaren zirrikituan dago, nahiko urrun. Kostata iristen dira eguzki izpiak haraino. James Webb teleskopioaren mirak, ordea, ez du arazorik zortzigarren eta azken planetaren argazkiak lortzeko. Egiteko horretan, Neptunoren eraztunak irudikatzea lortu du. Aurretik ere, uztailean, unibertsoaren ikuspegirik sakonena harrapatua zuen James Webbek. Bill Nelson NASAko administratzailearen hitzetan, «munduak inoiz izan ez duen ikuspegi bat» eskaini zuen teleskopioak.

Ikusi gehiago: James Webb teleskopioak jasotako lehen argazki eta datuak argitaratu dituzte

Duela 33 urte lortu zuen NASAk Neptunoren eraztunak lehenbizikoz irudikatzea. Voyager 2 zunda espazioratu eta hainbat urtera, 1989an, Neptuno parera heldu zen, haren azken helmugara. Planetatik 5.000 kilometrora egin zituen argazkiok. Triton Neptunoren sateliterik handienaren albotik ere igaro zen Voyager 2. Beste hainbeste argazki atera zituen zundak.

NASAren Voyager 2 zundak Neptunoren eraztunei ateratako argazkia. / NASA

James Webb, ordea, Lurretik gertu samar dago. Horregatik, urruntxo geratzen zaio Neptuno; 4.350 milioi kilometrora, hain zuzen. Teleskopioaren gaitasuna izugarria da, eta, hari esker, ezin hobeki ikusten dira eraztunak. Inoiz ez dira ikusi ahal izan halako zehaztasunez.

Jendea ohituta dago Neptuno kolore urdin sakon batekin ikustera. Teleskopioaren argazkian, ordea, gris samar ikusten da. Izan ere, James Webb «ez da teleskopio optiko bat bezalakoa»; ateratzen dituen irudiak moldatu egin behar dira gero —Virginia Garcia Aranzadi zientzia elkarteko teknikoak haren funtzionamendua azaldu zion BERRIAri—. Teleskopioaren berezitasun horri esker, orain arte ikusi gabeko eraztunak harrapatu ditu Webbek. Gainera, Neptunoren hamalau ilargitatik zazpi ere agertzen dira argazkian. Horien artean, Triton da deigarriena, beheko irudian ikus daitekeenez.

Neptuno planeta eta haren sateliteak. / Europako Espazio Agentzia

James Webb teleskopio espaziala hamazazpi herrialderen artean garatutako espazio behatoki bat da, munduko behatoki nagusia. Historiako proiektu zientifikorik handienetako bat da: kostuagatik, tamainagatik, diseinuagatik eta eraikuntzagatik, batetik, eta merkaturatzeko 33 urte behar izan direlako, bestetik. NASAko, Europako Espazio Agentziako eta Kanadako Espazio Agentziako langileek zuzentzen dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joker liburu dendako postua atzo, Getxoko Santa Eugenia plazan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Getxo gero eta japoniarragoa

Amaia Igartua Aristondo

Azkenaldian igo egin da mangarekiko interesa, eta Getxoko Komiki Azokako postuetan nabarmena da ildo aldaketa hori. Euskarazko komikiak ere gehiago egin eta saltzen dira.
Josette Dacosta margolariak mihiseak lurrean jarrita margotzen du. ©GUIILAUME FAUVEAU

Teklen bitartez emandako pintzelkadak

Ane Insausti Barandiaran

Adimen artifizialaren bidez, posible da ordenagailuari agindu bat eman eta hark obra bat sortzea. Hori artea ote den zalantzan jarri izan du, ordea, jendeak; hala gertatu da, adibidez, Coloradoko arte lehiaketa batean. Artista eta ikertzaileek esan dute pieza bat sortzea, fisikoki ez bada ere, artea egitea dela.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...