Akusazioek diote Abantoko hiltzaileak «gaiztakeriaz» hil zituela ama-alabak

Hiltzailearen aurkako akusazioek diote ama-alabek «enbarazu egiten ziotelako» hil zituela, eta ez duela buruko gaixotasunik.

Abantoko hiltzailea, gaur, bere aurkako epaiketan. MIGUEL TOñA / EFE
inaut matauko rada
2022ko irailaren 22a
17:11
Entzun

Epaiketako azken hitza izan du Abantoko (Bizkaia) hiltzaileak gaur, eta adierazi du «barkaezina» dela egin zuena, eta «zorigaiztokoa» dela gehitu du: «Zeharo txikituta nago, eta uste dut jendeak sufritu egiten duela, baina nik inork baino gehiago sufritzen dut eta sufrituko dut». Horiexek izan dira akusatuaren hitzak. Horri erantzunez, akusazioek esan diote «munstro matxista» bat dela, eta emaztea eta alaba ezgaituak eta gutxiago zirela pentsatzen zuela.

Akusatuak esan du sufritu ez zezaten hil zituela, eta fiskaltzaren ordezkariak adierazi du ez dagoela hori baino esaldi matxistagorik. Fiskalak, bestalde, ebatzi du 56 urteko emazteak eta 24 urteko alabak «urteak» zeramatzatela indarkeria matxista pairatzen, eta gehitu du hilketa modu kontziente, boluntario eta planifikatu batean egin zuela hiltzaileak. Hiltzaileak buruko gaixotasun bat izatea ere ukatu du fiskalak. Izan ere, akusatuaren defentsak zortzi urteko bi zigor eskatu ditu bere bezeroarentzat, leungarri hauengatik: konfesioa, alkoholarekiko mendekotasuna eta buruko gaixotasun larria. Genero astungarria ere ukatu du defentsak, uste baitu ez dagoela urteetako dominazioaren frogarik. «Emazteari tratu bikaina ematen zion», esan du hiltzailearen familiak.

Akusazioek adierazi dute Basauriko kartzelan egin zioten txosten psikiatrikoak «zorroztasun zientifiko gutxi» duela; izan ere, txostenak dio depresioa eta delirioak dituela hiltzaileak. Akusazioen arabera, Bizkaiko Balorazio Forentse Integraleko Unitateak egindako txostena profesionalagoa da, eta hartan diote hiltzaileak ez duela erantzukizuna kentzen dion buruko gaixotasunik.

Akusazioek 25 urte arteko bi zigor eskatu dituzte hiltzailearentzat, genero eta ahaidetasun astungarriak dituzten hilketengatik, eta fiskalak, berriz, 24 urtekoa, Estatuaren Abokatutzak bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.