«Herri itunak» zer diren argitzeko eskatu dio oposizioak Urkulluri

Arratsaldean talde parlamentarioen txanda izan da politika orokorreko osoko bilkuran. Hauek izan dira gai nagusiak: zerbitzu publikoak, hezkuntza ituna, energia eta estatus politikoa.

Maddalen Iriarte bere hitzartean, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko irailaren 22a
18:51
Entzun

«Konbultsio handiek markatutako garai historiko» gisa definitu du EH Bilduko eledun Maddalen Iriartek egungo egoera sozioekonomikoa. Izan ere, Ukrainako gerrak gizartean izandako eragina hizpide izan dute talde parlamentario guztiek, eta hari eta oinarrizko beste zenbait gairi itunen eta akordioen bidez erantzuteko prest agertu dira. Itunak urrun daude, ordea, autogobernuari dagokionez.

Itunak egiteko proposamenak aurkeztu dizkio EH Bilduk Jaurlaritzari. «2016tik egin dudan bezala», Iriarteren esanetan. Zehatzago esanda, «ongizate itun» bat proposatu du, bost ardatzetan banatua: etxebizitza arloan «posizio komunak» adostea; zerga erreforma bat gauzatzea; enpresen irabazien banaketa birpentsatzea; Osasun Sistema Publikoa indartzeko egiturazko neurriak hartzea; eta energia itun bat negoziatzea. Azken horri dagokionez, Iriartek Urkulluri exijitu dio ez dezala egungo krisia «pasatuko den krisi baten» eran tratatu, eta gogoratu dio «baliabide fosil merkeen aroa» bukatu dela.

Hala, esan du «arnasa luzeko estrategia energetiko bat» behar dela. «Herri akordioak egiteko aukerak baldin badaude, EH Bildu hor egongo da. Are gehiago, EH Bildu izango da itun horiek aurrera ateratzeko bermea».

Atzera begirakoan, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak azaldu du legealdiaren lehen bi urteetan ezarritako helburuak bete dituela gobernuak. Eta argi ditu etorkizunekoak ere. Jaurlaritzaren lehen helburua aurrekontuak dira, Anduezaren hitzetan. Baina, era berean, erronka nagusia energia plan bat garatzea da: «Trantsizio energetikoak ez du atzerapenik onartzen». Harekin batera, Memoria Historikoaren Legea, Mugikortasun Jasangarrirako Legea eta Hezkuntza Legea ere aipatu ditu.

Elkarrekin Podemos-IUk ere itunak izan ditu hizpide, baina, Miren Gorrotxategi eledunaren hitzetan, horiek ezin dira «eslogan» hutsetan gelditu, eta horiek zerbitzu publikoak «indartzeko» erabiltzeko eskatu du.

Hiru gai nagusi tratatu ditu Gorrotxategik. Batetik, Jaurlaritzak hezkuntza itunari emandako garapena kritikatu du. Azaldu duenez, gobernuaren «murrizketek» ezinezko egiten dute osasungintzan akordio bat lortzea. Eta, energiari dagokionez, energia enpresa publiko baten defentsa egin du. Iñigo Martinez koaliziokideak, berriz, aberastasunaren banaketan jarri du arreta, eta Lurra eta herritarrak erdigunean jarriko dituzten politikak eskatu ditu.

PP+Ciudadanos-eko Carlos Iturgaizek Espainiako Gobernuari egindako kritikekin tartekatu ditu Jaurlaritzari egindakoak, uste baitu Urkullu eta EAJ «Espainiaren historiako presidente txarrena» babesten ari direla. Halere, Iturgaizek «eskua luzatu» dio Urkulluri, eta zerga murrizketa bat proposatu dio.

Haratago, EAEko PPko presidenteak hezkuntza eta energia arloetako balizko akordioak kritikatu ditu. Lehena, «inposizio linguistikoa» nagusitzen delakoan. Bigarrena, Sanchezen mesedetan egingo delakoan, eta Europako eskaeren kontra doalakoan.

Voxeko Amaia Martinezek, berriz, eskuin muturreko alderdiaren ohiko gaitegia izan du ardatz: «euskararen inposizioa», ETA eta Espainiaren batasuna.

Urkulluren ardura izan da denei erantzutea, baina EAJko eledun Joseba Egibarren laguntza ere izan du. Jeltzalearen esanetan, egindako «akatsak» onartzeko prest daude. Egibarrek Iriarteren hitzei erantzuten pasatu du bere hitzaldiaren zati handi bat, eta hari mintzatu zaio esateko estatu gisa «behar den bezala» jarduteko beharrezkoak direla autogobernu «hobea» eta «estatu egiturak», eta EAEk, lurralde txikia izanik, beharrezkoa duela gainerakoekin elkarlanean aritzea.

«Aitortzen dugu»

Izatez, autogobernuarena izan da talde parlamentarioek tratatutako gai nagusietako bat. Gernikako Estatutuari buruz, hura betetzeko «behin eta berriz» eskatzeak «lotsa» ematen diola azaldu du Egibarrek. Baina estatus berriaz mintzo direnei Ibarretxeren planaren ibilbidea gogoratu die, eta halako egitasmoek aurrera egiteko dauden zailtasunak berretsi: «Aitortzen dugu Sanchezek ez digula kasu egiten».

Iriartek, berriz, nabarmendu du aurrez aipatutako akordio horiek guztiak burujabetzara bidean egin behar direla, eta gehitu EH Bildu prest dagoela behar den eragileekin hitz egiteko. Eragile horietako bat da Elkarrekin Podemos-IU, eta Gorrotxategik ere atea ireki dio autogobernu ponentziari ekiteari, betiere hura «bizitza duinak» bermatzeko erabiltzen bada.

Anduezak estatutua betetzeko geratzen diren eskumenetan jarri du arreta, eta garrantzia kendu die Moncloaren egutegiak izandako atzerapenei: «Espainiako Gobernuak jakinarazi du negoziazio fase berri bat hasteko garai egokia dela». Iturgaizek, berriz, jeltzaleei kritikatu die estatutuak jasotako eskumenen eskualdaketa Espainiako aurrekontuen inguruko negoziazioekin lotu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.