Azpiegiturak

Errepidearen gainetik, herria

Andoaingo udal bilkurak N-1 eta A-15 errepideen lotuneko obra "geldiarazteko" mozioa onartu du, kaltetuen plataformak bultzatuta. Plataformak "eskua luzatu" du alternatiba guztiei buruz pentsatzeko.

Gipuzkoako Aldundiaren proiektuaren aurka bildu diren herritarretako batzuk. MARIA ORTEGA ZUBIATE, GIPUZKOAKO HITZA
Maria Ortega Zubiate
2022ko irailaren 23a
11:22
Entzun

N-1aren eta A-15aren arteko Andoaingo lotuneak, Bazkardoko korapiloa esaten diotenak, buruko min andana sortu du azkenaldian. Gipuzkoako Foru Aldundiak obra berria aurkeztu du, hango auto ilarak konpontze aldera; Andoaingo udalbatzaren gehiengoak ezezkoa eman dio (PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos), eta EAJ abstenitu egin da: hamazazpi hautetsietatik hamahiruk onartu dute mozioa. Irailaren 12an izan zen bilkura, errepideak kaltetutakoen plataformak mozioa aurkeztu ostean. Lau puntuko idatzian, lehenak dio obra berriak eragotzi egingo lukeela udalerriaren edozein garapen, eta, horregatik, obra geldiarazteko eskatzen dute haren babesleek. Orain “proiektu komun” bat eratzeko garaia dela diote plataformakoek.

“Sorpresa” hartu dute udal taldeen erantzunarekin; esan dute ez zutela horrenbesteko babesik espero. Babes hori, plataformaren ustez, bada zerbaiten adierazle: herrian errepideak sortzen duen iritziarena. Izan ere, plataformakoek sentsazioa dute egun herrigunean sortu diren arazoak errepidea egiteko obraren “arduragabekeriaren eta utzikeriaren” ondorioz daudela. Horren adierazle dira dituzten datuak. Gipuzkoa osoan trafiko handiena duen eremua da: egunean 70.000 auto eta kamioi pasatzen dira handik. Gehiegizko trafikoaren arazoa kanpotik eratorriko zerbait dela diote, ez dutela andoaindarrek sortu; eta, hala ere, horren kalteak jasan behar dituztela. “Trafiko arazo bat konpondu nahi da andoaindarren bizkar. Lehendik ere nahikoa jasaten dugu”, esan du du Aitor Aizpuruak, plataformako kide eta Allurralde auzoko bizilagunak.

Duela hilabete eta erdi sortu zuten kaltetuen plataforma, diputazioko proiektuaren berri izan bezain pronto hasi baitziren biltzen. Kideak, oro har, egungo errepideak ere kalteak eragiten dizkien bizilagunak dira, N-1ak gurutzatzen dituen auzoetakoak. Proiektu berriak ere kezka eragiten die, egun pairatzen dituzten kalteak areagotzeko arriskua ikusten baitute. Buruntza auzoko bizilagun batzuek diote nekazaritza eremu batean bizi zirela lehen, eta egun lau lerroko errepide bat dutela parean. Auto gutxi batzuk pasatzen ziren lehen, eta, bat-batean, 70.000 pasatzen dira orain. Kexu dira leihoak irekitzen badituzte, trafikoaren zaratagatik orain ez dutela euren artean ezer entzuten, eta kutsadura irensten ari direla.

Antzera dago Aizpurua: “Nire etxetik are gertuago geratuko litzateke errepidea, eta, gaur egun kutsadura handia bada, are handiagoa bilakatuko litzateke”. Hala ere, Aizpuruak dio horiek “txikikeriak” direla beste batzuen aldean: “Badago jendea etxea botako diotena”. Plataforma, beraz, kaltetuen elkarte gisa eratu zen, alegazioak aurkezten elkarri laguntzeko. Baina kaltetu eta interesatu gehiago batuz joan ahala, kideak konturatu dira herri osoan eragiten duela proiektuak, eta norbanakoen kezka zena kezka kolektiboa dela orain, Aizpuruaren esanetan: “Azkenean, norbanakoen kalteez hitz egitea baino garrantzitsuagoa iruditzen zait herri gisa jasan beharko dugunaz hitz egitea. Errepidearen azpiegitura sendotzea gure etorkizuna hipotekatzea da”.

Etorkizuna, iraganean

Etorkizuna aipatu du Aizpuruak, eta, hain zuzen ere, horretaz hitz egiten du haien mozioko lehen puntuak. “Atzera-bueltarik ez duen oztopo bat [da proiektua], etorkizuneko garapenak, hirigintza zein hiriko barne mugikortasunekoak, ezinezkoak egingo lituzkeena; baita hobekuntza nabarmenak oztopatu ere, bai gizartean, bai merkataritzan edo industrian”. Iñaki Perez de Eulate plataformako kideak adibide moduan dio “zarata alde batera utzita, Alejandro Calonje auzoa herritik erabat kanpo” geratzen dela. “Oraingoz, ez dute oinezkoen bide bakar bat ere aurreikusi auzo hori herrira lotzeko; baztertuta geratuko litzateke”.

Mozioak esaten du obrak kalte egingo diela herri barruko mugikortasunari eta hango merkataritzari. Puntu horrek zerikusia du, Perez de Eulateren esanetan, egungo errepideak berak herriguneari sortzen dizkion eragozpenekin: “Istripuren bat gertatzen bada A-15ean, Andoain barruko errepidea hartzen dute, bost kilometroz. Obra egin zutenean, ahaztu egin zitzaien alternatiba bat sortzea”.

Arazo horiek konpontzeko, duela 11 urteko herri antolamenduko plan orokorra hartu behar dela dio Perez de Eulatek, mozioko hirugarren puntuak zehaztu bezala, eta hura eguneratzea eta garatzea ere beharrezkoa dela: “Plan orokorrak ematen du alternatiba. Saihesbide bat egiten bada, N-1eko trazatuak herri barruko bidea izateari utziko dio: orduan, Andoaingo barnealdea erdi oinezko bide bihurtu ahalko litzateke”. Uste du horrek ekarriko lukeela herri barruko mugikortasuna erraztea eta “komertzioa errespetatzen duen erdigune bat sortzea”.

Mozioaren laugarren puntua izan da, agian, erantzun azkarrena izan duena: zarataren aurkako neurriak hartzeko eskatzen du. Horren harira, iskanbila izan da diputazioaren eta udalaren artean, Larramendi ikastolaren pareko lurretan pantailak jartzeko lurren baimenaren inguruan. Alde horretatik, mugimendua nabaritzea positibotzat jo du plataformak, mozioaren parte bat betetzearen alde ikusi baitituzte erakundeak. “Gure mozioaren puntu bat zen pantaila akustikoak jar ditzatela. Horrek presa sortu badu, gu pozik gaude, eta eman ditzatela pausoak”, dio Perez de Eulatek. Hala ere, politikariei gogorarazi die beste hiru puntu ere badituela mozioak: “Ez daitezela horrekin soilik geratu”.

Babes zabala

Mozioa onartu berritan, plataformakoak pozik agertu dira. Hilabete eta erdi baino ez daramate martxan; uda garaian, gainera. Dena den, 451 abal izan ditu udaletxean erregistratutako mozioak; eta, aurretik, 5.435 sinadura lortu dituzte “N-1aren azpiegiturak udalerritik igarotzean sortzen dituen eraginei berehalako irtenbideak” emateko eskatuz. Horrelako erantzun azkarra herrian zabaldutako haserreak eragin duela diote. “Haserrea bazegoen andoaindarrengan, eta eztanda egin du: bestela, ez genuen inondik inora pentsatzen hilabete eta erdian horrelako babesa izango genuenik. Herria ere kaltetua sentitzen da”, uste du Perez de Eulatek.

Hala ere, plataformakoek ez dute irtenbide jakin bat proposatzen: haien ustez, arazoari eman beharreko irtenbidea denen artean adostu beharrekoa da. Horrela, bada, lehen “mugarria” badela diote: udal taldeen sostengua. Orain, elkarrekin lanean jarraitzea dagokiela dio Aizpuruak: “Ez du atzera-bueltarik: andoaindarrek onartzen ez duten proiektu bat ezin da aurrera atera. Mugarri bat ezarri dugu, non udalak gure mozioa babestu duen. Orain dagokiguna da lanean jarraitzea”. Harekin bat dator Perez de Eulate ere, eta elkarlanerako prest agertu da: “Oraingoz, eskua luzatzen dugu denon artean lan egiteko. Ez badugu inguruan eskurik ikusten, nahikoa gara gu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.