Sheila Fernandez

«Lanean ari den jende askok ezin du bizitza duina eduki»

Ezkerraldeko gizarte eta etxebizitza arazoak salatzeaz gain, konponbidea ematen saiatzen da Berri Otxoak taldea. Langileen arteko prekaritateaz ohartarazi du Sheila Fernandezek: gero eta gehiagok eskatzen diete laguntza.

Sheila Fernandez Berri Otxoak taldeko kidea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2022ko irailaren 23a
11:51
Entzun

Barakaldoko Berri Otxoa taldeak 30 urte bete ditu aurten. 25 daramatzate gizarte eskubideei buruzko informazio bulego alternatiboarekin, eta oraintsu aurkeztu dute urteko balantzea. Sheila Fernandez kideak (Barakaldo, 1990) gogorarazi du euren lan guztia boluntarioa dela, eta ez dutela inolako diru laguntzarik jasotzen erakundeetatik.

Zer funtzio bete ditu urte hauetan Berri Otxoaren informazio bulego alternatiboak?

XX. mende amaierako desindustrializazioa dela eta, arazo larriak sortu ziren Ezkerraldean. Jende askok lana eta diru sarrerak galdu zituen, eta horrekin batera etorri ziren etxebizitza arazoak. Hori ikusita, saiatu ginen bulego bat sortzen jendeari laguntzeko eta ikusteko salatzen zituzten egoera horien konponbidea zein zen.

Oraintsu egin duzue urteko balantzea: 918 familiak jo dute zuengana. Zelako pertsonak dira?

Gehienak lan prekarioa duten pertsonak dira. Azken finean, badirudi diskurtso bat dagoela “pagatxoa” jasotzen duen jendearen inguruan; esaten denez, laguntza jaso eta lanik egin nahi ez dutenak omen dira. Ikusten ari garena da gero eta jende gehiago etortzen dela guregana, eta lan prekarioa duten pertsonak direla. Lanean ari diren pertsona askok ezin dute bizitza duina eduki, ezin dutelako alokairu bat ordaindu, hipoteka bat eskuratu edo eguneroko bizitzari aurre egin.

Arazo horiek dituztenek legezko ekonomian edo beltzean egiten dute lan?

Denetarik dago. Kasu paradigmatiko bat: bazegoen pertsona bat diru sarrerak bermatzeko errenta eskuratzen ari zena. Egoera horretan, lan eskaintzak badituzu, hartu egin behar dituzu. Pertsona horri deitu zioten musika festibal batean lan egiteko, eta, nahiz eta lan egin, soldata osagarria hartu behar izan zuen. Ikusten genuen ordu pila bat sartzen zituela eta bere soldata miseriazkoa zela. Asko dira zurian, lan kontratu batekin, lan eginda ere egoera horretan daudenak.

Gutxieneko soldatarekin ezin da bizitza duina eduki?

Zaila da esatea. Nahiz eta gutxieneko soldata kobratu, aurkitzen duguna da jende askori deitzen diotela lanaldi zatitua edo orduko kontratuak egiteko. Orduan, nahiz eta gutxieneko soldatara lotuta egon, ordu batzuk egiten badituzu, ez zara heltzen.

Zer adin tarteko jendea da?

Gure datuen arabera, gehienak —%37— 45 eta 65 urte bitartekoak dira, eta 30 eta 45 urte bitartekoak %30 dira. Ikusten dugu bizitzaren epe aktiboan datozela gehienak, baina pentsiodunak ere etortzen zaizkigu. Suposatzen dugu 22 eta 30 urte bitartean ez direla asko etortzen emantzipaziorako aukera oso gutxi dauzkatelako.

Zergatik uste duzue gehienak 45 eta 65 urte bitartekoak direla?

Ezkerraldean, industria enpresa handiak izateari utzi —La Naval, Altos Hornos—, eta gure ekonomia zerbitzu sektorean oinarritu dugu. Diru sarrerak eta egonkortasuna asko murriztu dira.

Zuengana jo dutenen kopuruak gora egin du. Baduzue gaitasunik eskaera horiei erantzuteko?

Hainbeste jenderekin zaila egiten zaigu eskaera guztiei luze gabe erantzutea, baina astelehenero zabalik daukagu bulegoa, eta arreta presentziala ematen dugu, telefono bidezko arretaz eta arreta telematikoaz gain. Aste batetik bestera erantzuteko gai gara.

Lanbideren “praktika txarrak” salatu dituzue. Zeintzuk dira praktika horiek?

Adibidez, pertsona batzuei gertatu zaie diru sarrerak bermatzeko errenta eskatu ostean epe labur baterako lan egiten hasi direla. Hori komunikatu egin behar zaio Lanbideri, eta etxea aldatzen baduzu ere bai. Badago jendea komunikazio horiek modu egokian egin izan dituena eta dirua jasotzen jarraitu izan duena. Orduan, eurek uste zuten egoera normala zela, eta, hilabeteak edo urteak pasatuta, bat-batean Lanbidek esan die hartutako dirua ez zutela hartu behar, eta orain kendu egingo diela. Larria da diru askorik ez duen jendeari esatea 5.000 euro zor dituela. Orain, askoz gehiago, prezioak igo direlako inflazioarekin eta pandemiarekin. Antsietatea eta urduritasuna sortzen die.

Eta ikusi duzue behin eta berriz gertatzen dela hori?

Bai. Kanpaina bat egin dugu, eta alegazio eredu bat sortu dugu jendeak bulegoan aurkezteko, izugarria izan da eta. Legeak esaten du erakundeek lau urteko epea daukatela eman behar ez zuten diru hori itzultzeko eskatzeko, eta kasu batzuetan Lanbidek hamar edo hamabost urtera eskatu die. Baina, nahiz eta lau urte horien epe barruan egon, jendeari arazo larriak sortzen dizkiote; are gehiago adingabeak daudenean familian. Arartekoarengana jo genuen, eta erantzun zigun esanez Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzita zeukala praktika horiek ez direla egokiak, pertsonek fede onez uste dutelako diru hori eurena dela. Eurek ez dute jakin behar zenbat diru den eta zenbat ez; horretarako dago administrazioa. Administrazioari arreta gehiago eskatzen diogu.

Pentsiodunek ere jotzen dute zuengana. Zer motako laguntza eskatzen dute?

Bai, %26 dira. Alde batetik, guregana etortzen dira diru laguntzaren bat jasotzeko zer dokumentazio behar duten galdetzera. Bestetik, ikusi izan dugu pertsona batzuei gizarte diru laguntzak ukatu izan dizkietela esanez dokumenturen bat falta zaiela, baina ez zein. Horren aurrean ez dute jakiten zer egin, eta gugana jotzen dute. Batzuetan, bost hilabete itxaroten egon eta gero laguntza eskatzen digute. Nola liteke gizarte larrialdietarako laguntza bat eskatu eta bost hilabetera ematea?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.