Charles III.a buru duen koroak barkamena eskatu dio Zeelanda Berriko maori tribu bati

Ingalaterrako koroak kolonizazio garaian «bereizi gabeko» hilketak eta tribuaren lurren besterentze «masiboa» egin izana da arrazoi nagusia

Nanaia Mahuta, Zeelanda Berriko kanpo harremanetako ministroa. FABRICE COFFRINI / POOL
Isabel Jaurena.
2022ko irailaren 23a
12:00
Entzun

Ngati Maniapoto tribua Wellingtonen izan zen joan den asteazkenean, parlamentuan. Bertan, lege bihurtu zen tribuaren eskakizunen hitzarmena. Erabakia hartu bezain laster, abesteari —waiata erraten zaio tribuaren hizkuntzan— eta haka maorien dantza tradizionala dantzatzeari ekin zioten tribuko kideek. Neurri horren ondorioz, Charles III.a buru duen koroak barkamena eskatu behar dio tribuari, 105 milioi euro baino gehiagoko kalte ordaina eman, eta tribuarentzat kulturalki garrantzitsuak diren 36 leku itzuli. Izan ere, 1840tik 1907ra bitarte, Zeelanda Berria Erresuma Batuaren kolonia bat izan zen. Beraz, Ingalaterrako Koroak agintzen zuen Zeelanda Berriko tribuen gainean.

Hitzarmena 30 urteren borrokaren ondoren sinatu da. Arrazoien artean daude, bertzeak bertze, kolonizazio garaian koroak burututako «bereizi gabeko» hilketak eta tribuaren lurren besterentze «masiboa». Nanaia Mahuta Zeelanda Berriko kanpo harremanetako ministroak adierazi zuen erabakia «etorkizuneko aukera bihurtu» behar dela. Horrekin batera, Maniapoto tribuko kide den Tom Roa doktorearen erranetan, hitzarmena «historia liburuko kapitulu berri bat da». Izan ere, Ngati Maniapoto tribua indartsua eta independentea zen 1840an. Hurrengo hamarkadetan, ordea, beherakada nabarmena izan zuen, Ingalaterrako Koroak lurrak kendu zizkiolako eta erositako lurrak gutxiegi ordaindu zituelako.

Kolonizazio garaian gertatu ziren gehiegikeriak konpontzeko prozesu andana jarri ditu abian Zeelanda Berriak. Hitzarmen sistema, erraterako, 1975ean abiatu zen. Aurten 97 hitzarmen eskritura sinatu dira, eta bertze 73 lege bihurtu dira. Badira bertze 40 hitzarmen zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.