Eduki babestua

Aro berriko lehen Kilometroak

Egun bakarra ardatz zuen Gipuzkoako ikastolen festa atzean uzteko asmoa zegoen aspaldi. Pandemiak, alabaina, lehen saiakera zapuztu zuen; beraz, aurtengoa dugu eraberritutako ekitaldia.

Joan den martxoan Ibarran bertan egindako Kilometroak Txikia festan ateratako taldeko argazkia. UZTURPE IKASTOLA
2022ko irailaren 23a
12:59
Entzun

2015ean, Mikel Egibarrek Kilometroak egitasmoko koordinatzailea izateko proposamena jaso zuen. Gorputz Hezkuntzako irakasle ohiak zera jaso zuen ere: Kilometroak berritzeko prozesu parte hartzailea abian jartzea. «Gogoz heldu nion ardurari, eta ia bost urte erabili ditugu Gipuzkoako ikastoletako eragile guztien artean ondorioak adosteko», diosku Egibarrek, Ibarrako Uzturpe ikastolatik. Kilometroak euskal jendartean duen dimentsioa azpimarratu nahi du koordinatzaile orokorrak, «1977an abiatu urte bat ere kale egin gabe ospatutako festa horrena». Gizartea, alabaina, aldatu da, eta, horrekin, Kilometroak ospatzeko era.

«Kilometroak indargabetuta sumatu genuen, eta honek gogoeta sendo bat eskatzen zigun. Jaiak nortasun aldarri bat egiteko balio behar zuelakoan geunden. Aldi berean, kulturaren papera ere aldatu behar zen: kontsumitu baino, esperimentatu behar da», azaldu du Egibarrek.

Zarautzen 2019an ospaturikoa izan zen «eredu zahar» horretako azkena; gero pandemiak jo eta bete-betean harrapatu zituen 2020 eta 2021ekoak (Amasa-Billabona-Zizurkil eta Goierri). Hauek biak burutu ziren, baina askoz modu xumeagoan. Gauzak honela, Ibarrakoa dugu Egibarren taldeak marrazturiko lehengo jaialdi berria.

2022ko Kilometroakeko koordinatzaile Josu Ozaita ibartarra izan du gertuko lankide urte oso batez. Kilometroak «kilolitroak» bilakatu zela dio, «horrek denoi sortzen zizkigun kontraesan guztiekin». Honela, «eguna» heldu bitarteko mugarrien artean hamaika ekitaldi antolatu dira: herri kirolak eta bertso saioak; eskultura erakusketa bat (EHko 41 eskultorek hartu dute parte); nazioarteko gastronomia aire zabaleko azoka, munduan zehar digitalki zabaldutako egitasmoa… Horiei eta beste askori ere eutsi diete 200 boluntariok sortutako talde bat. Haiei esker baino ezin izan dira ekintzok burutu.

«Ez da makala 500 ikasle dituen eskola txiki batentzat», dio ibartarrak.

Herriko eskola bakarraren komunitateak lan ikaragarria egin du, eta ez da erraza izan inondik ere. 2021eko udan, birusaren hedapena kontrolpean zegoelakoan, egutegi estu bat osatu omen zuen Ibarrako Uzturpe ikastolako taldeak. Zailtasunak zailtasun, EHtik mundura zabaltzen ari den bat egitasmo bat jarri zuten abian. Infinitu irribarra izenekoak irribarretsu ageri diren pertsonen argazkiak bildu eta mapa digital batean kokatzen ditu, planeta osoko irribarreen atlas moduko bat osatuz. Kilometroak jaiari atxikimendua emateko aukera erraza dela diote arduradunek, «egun bakar hartan biltzen zen jendetza horren bolumena eta indar erakustaldia birtualki erakusten duena». Helburu ekonomiko bat ere badu: argazki horien inguruan, publizitatea txertatuz eta bidalketa egiten den unean, borondatezko diru ekarpen bat eskatzen da.

Interneten nabigatu gabe ere, herrian bertan aukera badago ia mundu osoko jendea ezagutzeko. Nigeriatik etorritakoak bizi dira Ibarran egun, bai eta Pakistan, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Honduras edota Ukrainatik iritsitakoak ere, besteak beste. Haien ekarpena baliatzeko asmoz, Kultur-aniztasuna Batzordea eratu da. Urkolaren hitzetan, Uzturpe ez da inoiz hain aberatsa izan.

Askoz gehiago dago. Milimetroak egitasmoak, esaterako, Tolosaldeko beste ikastetxeetako ikasleekin harremana sustatu du hainbat topaketen bidez, eta, bide batez, Ibarra eta ibartarrak ezagutarazi. Egitasmo bera gauzatzen aritu dira Oarsoaldean, Oreretako ikastola baita hurrengo urteko Kilometroak jaiaren antolatzailea. Ibartarrei gonbita egin zieten, eta Uzturpeko hogei lagun ziren haiekin elkarlanean: Picassoren Gernika obraren bertsio eguneratua zirriborratu ostean, apirilaren 26an bat egin zuten Oarsoaldeko lagunekin maisulanaren neurri bereko beste bat margotzeko.

Azken hauek berrikuntza agerikoenak izan arren, makina bat ekitaldi, ospakizun eta festa izan da urte osoan. «Eguna» ospatzea besterik ez da falta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.