Europako funsak

Hego Euskal Herriak 2.135 milioi jaso ditu Next Generation funtsetik

Espainiako Gobernuak azaldu duenez, 2.800 onuradun izan dira.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria Gasteizen gaur eginiko aurkezpenean. BERRIA
jokin sagarzazu
2022ko irailaren 23a
13:14
Entzun

Espainiako Gobernuak 2.135 milioi euro bideratu ditu Europako Batasuneko Next Generation funtsetik Arabara, Bizkaira, Gipuzkoara eta Nafarroara, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak eta Jose Luis Arasti Nafarroan duenak jakinarazi dutenez.

Diruaren zatirik handiena Suspertze eta Erresilientzia Funtsaren (RFF laburdura, ingelesez) bitartez banatutakoa da: 1.561 milioi euro. Horietatik, 1.113 milioi Hegoaldeko erakundeek kudeatu dute: 778 milioi Gasteizko gobernuak, eta 335 milioi Iruñekoak. Horri batu behar zaizkio Espainiako Gobernuak berak exekutatutako sailak: 448 milioi euro.

Diru hori nagusiki ekonomiaren eraldaketa digitalerako eta trantsizio energetikorako erabili behar da. Horri batu behar zaio Next Generation funtsen beste programa handia, React EU izenekoa. Diru horiek aurretik ordaindu ziren, eta pandemiak osasunean, hezkuntzan eta beste programa sozialetan egindako gastu gehigarria finantzatzeko baliatu ziren. Hego Euskal Herriak 574 milioi eskuratu zituen: 426 milioi Jaurlaritzak, eta 148 milioi euro Nafarroako Gobernuak.

Ekoizpen sarera

Funtsen banaketa azaltzeko prentsaurreko bana antolatu dute Espainiako Gobernuko ordezkariek.

Donostian, Itxasok azaldu du 60 deialdi baino gehiago ebatzi direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta ia 2.000 onuradun izan direla; horien artean, 215 tokiko erakunde eta erakunde publiko, 1.260 enpresa eta ikerketa zentro, 275 fundazio eta elkarte baino gehiago eta 155 pertsona baino gehiago. «Inork ezin du zalantzan jarri Europako funtsak eraginkortasunez hedatzen eta ekoizpen sarera transferitzen ari direla», azpimarratu du Itxasok.

Zehaztu duenez, Jaurlaritzak bereziki honako arlo hauetan inbertitu du diru hori: etxebizitzan, mugikortasun iraunkorrean, energia berriztagarrien sustapenean, hezkuntzan eta lanbide heziketan, gizarte babesean eta digitalizazioan.

Horrez gain, gogorarazi du euskal enpresa batzuek Madrilgo ministerioek kudeatutako proiektu estrategikoen deialdietan parte hartzen dutela; adibidez, ibilgailu elektrikoarenean eta energia Berriztagarri eta hidrogenoarenean. Deialdi horietako batzuk behin-behinean ebatzi direla azaldu du. Hala, jakinarazi du Mercedesek 159,3 milioi euro jasoko dituela (% 58 kredituen bidez eta % 42 zuzeneko laguntzen bidez), Sapak 25,2 milioi, Irizarrek 24 milioi eta Fagorrek zazpi.

Iruñean, Arastik azaldu du 45 laguntza deialdi dagoeneko ebatzi direla, eta horien bitartez 800 eragilek jaso dutela dirua: 165 tokiko erakundeak eta erakunde publikoak izan dira; 390, enpresak eta ikerketa zentroak; 25 fundazioak eta elkarteak; eta 200 norbanakoak.

Iristeko dauden laguntzetako asko PERTE deitutako programen bitartez banatuko ditu Madrilek. Horietako bat, ibilgailu elektrikoarena ziur aski urrian ebatziko dela iragarri du Arastik. Garrantzi handia du programa horrek Euskal Herrian, ibilgailu elektrikoen garapenean enpresa asko dituelako (VW, Mercedes, Irizar, Basquevolt, Gestamp...).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.