Eduki babestua

Ibarran bada mundu bat

Guraso etorkinek osatutako batzorde bat da aurtengo Kilometroak festaren berrikuntzetako bat. Uzturpe ikastolako kideek ezinbestekotzat jo dute haien ekarpena.

Munduko Gastronomiak Ibarran azokak herritar ugari bildu zituen herriko plazan. UZTURPE IKASTOLA
2022ko irailaren 23a
13:16
Entzun

Zalantzarik gabe, 2022ko Kilometroak egitasmoko talde bitxiena izango da Kulturaniztasuna Batzordea izenekoa. Hamar hizkuntza ala gehiago biltzen ditu, eta gaztelania dute elkarri ulertzeko balio diena. Ibartarrak izateaz gain, zera dute amankomunean gehienek: seme-alabak Ibarrako Uzturpe ikastolan dauzkate. Euren ekarpena ezin ere egin nahi zuten euskararen festa handirako.

«Egungo edozein eskola bezala, gurea ere geroz eta pluralagoa da», azaldu du Uzturpeko langile eta batzordekide Ixiar Urkolak. Ibartarrak azpimarratu duenez, ikasleen %17 beste herrialde batetik iritsitakoak dira. Nigeriatik etorritakoak bizi dira Ibarran gaur egun, bai eta Pakistan, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Honduras, Ukraina eta beste leku batzuetakoak ere.

Kulturaniztasun Batzordeko kideak iazko neguan elkartu ziren lehendabizikoz, te eta pasta dastaketa baten inguruan. Handik gutxira, afari-merienda bat izan zuten aitzakia elkar ezagutzen jarraitzeko eta, bide batez, egitarau bat osatzeko. Iragan maiatzean, esaterako, nazioarteko gastronomiaren erdigune bilakatu zuten Ibarrako plaza: Nigeriako arroz pikantearekin hasi, eta Hondurasko entxiladekin jarraitu; handik Marokora, hango pastel gazi-gozoekin, eta kuskusarekin, edo Nikaraguako quesadillas izeneko horiekin… Eta zergatik ez hartu tarte bat benetako kakaoa dastatzeko? Nikaraguarrek zioten euren «txanpona» izan zela hainbat mendez. Ziurrenik, Saharako tea ezaguna egiten zaizue; ez, ordea, ukrainar pontxiki gozoak. Hein handi batean, munduari bira eman ahal zitzaion Ibarrako plazatik atera gabe. Ederra izan zen.

Taldea Ibarrako plazan ere elkartu zen, beste batean, munduko maparik pluralena -zehatzena- margotzeko. Aldi berean, Uzturpeko DBHko ikasle talde bat buru-belarri ari da podcast sorta bat osatzen: bertan bildu nahi dituzte euskararen mundura iritsi berri direnen bizipenak eta sentimenduak. Marilet Floresenak, besteak beste. Langabeziak behartu zuen Nikaraguako bere etxea atzean uztera. «Nire anaia Euskal Herrian zegoen; beraz, aukera errazena iruditu zitzaidan», dio 39 urtekoak. Honainoko bidean, baina, gorriak pasatu zituen nikaraguarrak. «Ezin nuen imajinatu Parisko aireportuko mafia baten biktima izango nintzela Europara iritsi bezain pronto…», gogoratu du. Euskara ikastea garrantzitsua dela deritzo, eta eskolak hartzen ari da. Elezza Nakh, Mendebaldeko Saharakoa, 2005ean iritsi zen Tindufetik (Aljeria mendebaldean). «Hasaniera da gure hizkuntza eta, euskararekin gertatu bezala, identitate ikur nagusietako bat da guretzat», dio sahararrak. Haren umeek «hasaniera bezain ongi» menderatzen dute euskara; harro dagoela dio. Ali Rajab, berriz, Pakistandik dator, Punjab eskualdetik, hain zuzen. «Han ez dago bizitzerik; ez dago lanik, ez justiziarik, ez berdintasunik… Garbi neukan atzerrira joan beharko nuela bizitza duin bat izateko», dio gizonak. «Paperik gabe» iritsi zen Europara. Moskun hasi eta sekulako odisea izan zen hura: mugak gauez zeharkatu zituen hainbatetan, mendian zehar nahiz autoen maleteroetan ezkutatuta… «Giza trafikatzaileen mende beti», gaineratu du. Dagoeneko 20 urte eman ditu gurean, eta, gaur egun negozio txiki bat dauka Tolosan, kebab jatetxe txiki bat. «Hemen jaioak dira nire bi umeak, eta pozik ikusten ditut. Horixe da inportanteena», dio ibartarrak.

Uzturpeko irakasle eta batzordekide Ixiar Amondarainek argi du: «Harreman sare bat sortzea dugu helburu nagusi elkar ezagutzen jarraitu ahal izateko. Azken finean, euskararen festa aukera ezin hobea da gizarte honen partaide sentitu ahal izateko», diosku Izaskungoak. Patricia Chavarria hondurastarra bat dator.

«Kaletik nindoala ikusezina sentitzen nintzen: inork ez ninduen begiratu ere egiten. Baina hori aldatu egin da orain».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.