Osasuna

Datorren astean hasiko dute gripearen aurkako txertaketa Hegoaldean

Zahar etxeetan hasiko dira; hortik aurrera, beste taldeetara zabalduko dute txertaketa. Koronabirusaren aurkako txertoekin batera jarriko dituzte. 

Gripearen aurkako txertaketa kanpaina, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko irailaren 23a
13:34
Entzun

Aurki hasiko dira Hego Euskal Herrian gripearen eta koronabirusaren aurkako txertaketa kanpainarekin. Irailaren 26an ekingo diote lau lurraldeetan dosiak jartzeari. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzako Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren arabera, datorren astelehenean hasiko dira txertoak ematen, eta zahar etxeetako egoiliarrak eta langileak izango dira lehenak. Aste baten buruan, urriaren 3an, talde zaurgarrienekin jarraituko dute —60 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoren bat dutenak, haurdunak—.

Bestalde, Nafarroan ere zahar etxeetan hasiko dute kanpaina. Ondoren, urriaren 10ean, talde zaurgarrienak txertatzeari ekingo diote. Helduenetatik hasi eta 60 urtera artekoekin amaituko dute, adinaren arabera, Santos Indurain Osasun kontseilariak zehaztu duenez. Talde horien parte ez direnak txertatzea, berriz, ez dago aurreikusita.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, biztanle guztiei bideratu diete kanpaina. Pertsona zaurgarriek ordua eskatu ahal izango dute irailaren 26tik aurrera, Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun zentrora deituz. Gainerakoek azaroaren 1era arte itxaron beharko dute txanda eskatzeko.

Gripeari dagokionez, Indurain kontseilariak zehaztu du uda osoan aurretik ikusi gabeko patroi epidemiologiko bat egon dela: «Gripe kasu gehiago egon dira, eta, duela hiru aste, gripeagatik ospitaleratze gehiago egon ziren koronabirusagatik baino». Horren harira, txertatzeko gonbita egin du, «kasu larrienetan oso eraginkorra baita». Gainera, zehaztu du jarriko dituzten dosiak aldaera berrietara moldatuta daudela. Dei bera egin du Sagardui sailburuak: Osakidetzaren helburua «zaurgarrienen osasun indibiduala bermatzea da, baina baita osasun kolektiboa bermatzea ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.