Ekoizpen ekologikoa

Elikagai ekologikoen kontsumoak ez du atzera egin

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nekazaritza lurren %4,6 erabiltzen dira nekazaritza ekologikorako. Helburua 2030. urterako Europako nekazaritza lurren %25 ekologikoa izatea da.

Nekazal landak, Berangon. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi iztueta olano
2022ko irailaren 23a
15:41
Entzun

«Ekologikoak gara, naturala delako». Hori da nekazaritza ekologikoaren kontsumoa sustatzeko Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak hautatu duten eslogana. Datorren astetik aurrera jarriko du abian kanpaina, eta ekoizleak eta kontsumitzaileak praktika ekologikoaren aldeko hautua egitera bultzatu nahi ditu.

Gaur goizean aurkeztu dute kanpaina Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak eta Arantza Eguskiza Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko presidenteak. Europako Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Eguna dela-eta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nekazaritza ekologikoaren egoeraren inguruko datuak eman dituzte. Joera positiboa den arren, ohartarazi dute «bide luzea» dagoela egiteko.

2021ean erregistratutako datuek goranzko joera adierazten dute. Iaz, 2020an baino %8 handitu zen nekazaritza ekologikoaren errolda, eta %16 ekoizpen horretarako erabiltzen den lurren azalera. Gaur egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurren %4,6 erabiltzen dira nekazaritza ekologikorako.

Nekazaritza ekologikoaren hazkundea bereziki nabarmendu da Gipuzkoan, non 2022an %29 igo baita. Gipuzkoak du, halaber, eragile gehien; 294 profesional –guztira 711 kidek hartzen dute parte hiru lurraldeen ekoizpen ekologikoan–. Bestalde, adierazi dute alde nabarmenak daudela ekoizpen ekologikoaren azpisektoreen artean. Esaterako, barazkien eta fruta arbolen azalerak dira gehienak.

Orozek ziurtatu du goranzko joera mantentzen den arren oraindik ere kopurua oso txikia dela Europak 2030. urterako duen helburua kontuan hartuta, hots: Europako nekazaritza lurren %25 ekologikoak izatea. Ekoizleak eta kontsumitzaileak deitu ditu kontsumo ereduak eta praktikak aldatzera eta ekoizpen «natural, gertuko eta ingurumenerako onuragarriago» baten alde egitera.

Halaber, Eguskizak azpimarratu du «oso garrantzitsua» dela kontsumitzaileak ekoizpen ekologikoaren inguruan heztea. Hain zuzen, ekoizpen ekologikoa elikagaiak ekoizteko eredu bat da, zeinak osasuna, ekologia, arreta eta berdintasuna ardatz dituen. Kontseiluko presidentearen arabera, maiz «bio» etiketarekin agertzen diren produktuak «marketing hutsa» dira.

Produktua ekologikoa dela ziurtatzeko, Europako zigilu ekologikoa, eurohosto berdea, eraman behar du. Halaber, jakinarazi du Ekolurra dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoizten diren elikagai ekologikoak identifikatzen dituen zigilua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.