Albistea entzun

Hezkuntza Legea

Ikastolek «desengainua» hartu dute Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroarekin

Jokin Bildarratzek egotzi die Ipar Euskal Herrian Parisekin bilera bat lortuta «baikor» daudela, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, «hamaika aldiz» bildu eta adostasunak lortu arren, «desengainua» hartu dutela: «Ulergaitza egiten zait».

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko ikasturte hasierako ekitaldian, gaur goizean, Bergaran
Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko ikasturte hasierako ekitaldian, gaur goizean, Bergaran Aritz Loiola / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2022ko irailak 24

Hasi dute 2022-2023ko ikasturtea Euskal Herri luze-zabaleko 113 ikastoletako 57.000 ikasle inguruk eta 5.000 langilek. Ongi etorria emateko, gaur goizean egin dute ikasturte hasierako ekitaldia, Bergaran (Gipuzkoa). Bertan izan dira ikastolen eta erakundeen ordezkariak, eta hitza hartu dute Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako foru diputatuak eta Gorka Artola Bergarako alkateak. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege berria izan dute mintzagai nagusi. Desengainua. Hitz horixe erabili du Tellituk Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroa ikusitakoan sentitu dutena adierazteko; Bildarratz, berriz, ekarpenak jasotzeko prest agertu da.

Tellituk Euskal Herriko hezkuntzan pil-pilean dauden gaiak izan ditu ahotan: Ipar Euskal Herriko euskarazko irakaskuntza eta Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako Eusko Jaurlaritza ontzen ari den Hezkuntza Lege berria. Hain zuzen, lehenengoari dagokionez, Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak eta Ipar Euskal Herriko parlamentariak Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin izandako bilkura aipatu du. Tellituren hitzetan, brebeta eta baxoa euskaraz pasatzeko eskubideaz aritu ziren, eta «baikor» bueltatu izana nabarmendu du: «Baikor itzuli dira, Brebetaren kasuan bederen, Baxoarena aztertzeko denborarik ez baitzuten izan». Borroka horretan ez dutela etsiko ziurtatu du.

Eta nola ez, Hezkuntza Lege berriaz ere aritu da Ikastolen Elkarteko lehendakaria: «Hezkuntza Legearen lehen zirriborroa ezagutu dugu duela egun gutxi, eta, egia aitortzeko, desengainua hartu dugu». Baina zergatik? Aletu ditu dokumentuari ikusten dizkioten abantailak eta desabantailak. Batetik, puntu positibotzat du lehenengo aldiz legez arautuko dutela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistema osoa, eta, gainera, begi onez ikusten ditu Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren sorrera, doakotasunaren «printzipioa eta helburua» jasotzea eta ikasleek derrigorrezko ikasketak amaitzerako hizkuntzetan lortu beharko duten maila zehaztea.

Alabaina, desegokitasunak ere zerrendatu ditu Tellituk, esaterako, ikastetxe publikoen eta itunpekoen arloan: «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartuko diren ikastetxeek ez dituzte eskubide eta betebehar berdinak edukiko, eta, horrela, publiko-pribatu dikotomiari eusten zaio». Gainera, esan duenez, ez dute gustuko egin dieten definizioa: «Ikastolok ez gara identifikatuak sentitzen itunpeko ikastetxe pribatu titulupean agertzen den definizioarekin. Ez daude islatuta gure izaera herritar-komunitario eta kooperatiboa, ezta gure antolatzeko modua ere. Gu izaera publiko desberdin bat dugun sare propio bat gara, Euskal Herri osoko sarea». Gainera, Euskal Herriaren eta euskal curriculumaren aipamenik ez egin izana ere txarretsi du, baita euskara maila lortzeko baliabideak zein izango diren ez aipatu izana ere.

Legearen baitan, beste gai gatazkatsu batzuei ere heldu die Tellituk; hain zuzen, doakotasunari eta segregazioari. Doakotasunarekin bat egiten dutela azaldu du, baina baliabide gehiago beharko dituzte: «Ikasle eta familia guztiei hezkuntza eskubidea bermatze aldera doakotasun printzipioa eta helburua aurrerapausoa iruditzen zaigun arren, ez da inon aipatzen nola burutuko den hori, zeintzuk izango diren hori ziurtatzeko administrazioak jarriko dituen baliabideak». Bitartean, orain arte gisan segituko dute: «Doakotasunarekin ados bagaude ere eta gure konpromiso sakona hori bermatzea bada ere, epeak betetzen ez diren bitartean eta beharrezko ekarpenak ez ditugun bitartean, ikastolok gure finantzaketa estaltzeko beharrezkoak diren kuotak mantendu beharko ditugu, betiere doakotasunarekin konpromiso sakona izanda». Segregazioari dagokionean, hasierako proposamenekin eta helburuekin bat datozela esan du —planifikazioarekin eta udalen parte hartzearekin, alegia—, baina zehaztasun gehiago galdegin ditu.

Bildarratzek banan-banan erantzun die Tellituk jorratutako gaiei. Batzuekin eta besteekin neurgailu desberdina erabiltzea egotzi dio, Ipar Euskal Herrian eta Hezkuntza Legearekin izan duten jarrera alderatuta. Azaldu du Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin bilera bat egin, bertara eraman zituzten bi gaietako bat landu eta oraindik erantzunik jaso ez badute ere, «baikor» daudela; aldiz, Eusko Jaurlaritzarekin bestelako jarrera dutela: «Jaurlaritzak eta ikastolek hamaika lan bilera izan ditugu, hamaika gai jorratu ditugu azken bi urte hauetan, ikastolei diru laguntza gehiago emateko akordioa onartu dugu, datozen urteetarako finantzaketa bermatu dugu eta legearen oinarriak mahaigainean jarri ditugu, besteak beste. Baina hemen, hori dena elkarrekin landu ondoren, desengainua hitza entzun behar izan dugu, eta niri ulergaitza egiten zait».

Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusien hezkuntza akordiotik eratorritakoa da berriki publiko egin duten zirriborroa, Bildarratzek azaldu duenez. Orduan beste balorazio bat egin zutela gogorarazi dio Tellituri: «Hauxe esaten zenuten: ‘Laburbilduz, egiten den proposamenak ikastolen behar eta nahi guztiak ez ase arren, hasieran esan dugun bezala, epe luzeko ikuspuntua mantenduz, bizi dugun momenturako egokia dela deritzogu. Hurrengo hilabeteetan garatu beharko da orain arte esandakoa, eta denbora izango dugu denon artean behar diren zehaztapen eta ekarpenak egiteko. Bitartean, jarrai diezaiogun hasitako bideari, adostu dezagun gure hezkuntza sistemaren norabidea, bakoitza bere lubakitik aterata eta elkarlanari lehentasun osoa emanez’».

Aurreproiektuaren zirriborroaren edukiak ere izan ditu aipagai sailburuak, besteak beste, goraipatu du ikaslea «erdigunean» jartzen dutela, segregazioari aurre egiteko neurriak jasotzen dituztela, ikasleen irteera profila ere markatzen dutela, udalen garrantzia jasotzen dutela, doakotasun «printzipioa eta helburua» ere badagoela eta euskara hezkuntza sistemaren erdigunean kokatzen dutela. Beste «elementu esanguratsu bat» ere badago, Bildarratzen irudiko; Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa, alegia. Doakotasunari dagokionean, nabarmendu du hezkuntza akordioan jasota dagoela hezkuntzak doakoa izan behar duela eta kuotarik ezingo dutela kobratu. Administrazioa bere partea betetzen ari dela esan du: «Orain arte ikastoletako familiek jasaten zituzten gastu asko administrazioak bere gain hartzen ditu jada, ikasleek jasotzen duten hezkuntza ez ezik, beste elementu asko ere bai: hezkuntza profesionalen soldatan beren osotasunean, baliabide zehatz batzuk edota gailu teknologikoak Jaurlaritzaren ardura bihurtu dira, familien mesedetan». Ikastolei bidea «elkarrekin» egingo dutela ziurtatu die Bildarratzek.

Elkarlanerako deia

Desadostasunak desadostasun, ikastolak ekarpenak egiteko prest eta Hezkuntza Saila entzuteko gertu agertu dira. Tellituk galdu ezin den aukeratzat du gaur egungo abagunea, eta Eusko Jaurlaritzari nahiz alderdi politikoei zuzendu zaie: «Ikastolen izenean, ausardia eta adorea eskatzen dizuet, onartuko duzuen legea Euskal Herrirako hezkuntza sistema propioa eraikitzeko urrats erabakigarria izan dadin». Jarrera «eraikitzailearekin» daudela ziurtatu du, eta elkarlanerako prest agertu da.

Ildo beretik, Bildarratzek azaldu du orain eragileek zirriborroari ekarpenak egiteko unea dela. Eta lanean jarraitzeko prest daude: «Baikorra naiz, eta zuhurtziaz jokatzen jarraituko dugu. Aukera paregabea daukagu XXI. mendeko hezkuntza eraldatzaile bat aurrera eramateko, euskal hezkuntza sistema propio baterako urrats esanguratsua egiteko».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

ERAGILE, EGILE ETA ORDEZKARI

Julen Aperrribai

Duela 25 urte sortu zuten Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, euskararen normalizazio prozesua bizkortzeko eta euskalgintzako erakundeak bateratzeko. Hizkuntza politiketara begirako akordio sozial zabalak, plangintzak eta proposamen zehatzak eragiteko gaitasuna izan du hasieratik. Adostasunok galgatu egin dira sarritan pauso berean: maila sozialetik maila politikora eramateko unean.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Adostasun politikoek edukia behar dute; ez gaude argazkien garaian»

Maite Asensio Lozano

Lema uztera doala, azken urteetan egindako aurrerapausoak gogoratu ditu, baina aitortu du arazo batzuk «kronifikatzen» ari direla. Hartara, hizkuntza politika «sendoak» eskatu ditu.
Atzo Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako agerraldia; Iratxe Retolazak eta Leire Vargasek irakurri zuten adierazpena. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

Imanol Magro Eizmendi Arantxa Iraola

Euskalgintzako hainbat pertsona ezagun batu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak; adierazi dute euskara eta euskal kultura behar dituela ardatz Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legeak

Osakidetzako krisia areagotu du beste arduradun baten dimisioak

Ion Orzaiz

Kargua utzi du Adolfo Begiristainek, Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariordeak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.