Bertsolari Txapelketa Nagusia

Alaia Martinek irabazi du lehenengo final-laurdena

Nerea Elustondo sailkatu da bigarren Getxon (Bizkaia) jokatutako saioan

Alaia Martin, gaurko saioa. BERTSOZALE ELKARTEA
Miren Mujika Telleria.
2022ko irailaren 24a
19:53
Entzun

Saio osoa jausi gabe egin ostean, finalaurrekoetarako sailkatzea lortu du zuzenean Alaia Martinek, 738 puntu bilduta. Eneko Lazkozen ordezko izango zela jakinarazi zion Bertsozale Elkarteak ostegunean, eta aurreneko egin du gaurko saioan. Elizondon (Nafarroa) arituko da urriaren 22an. Haren atzetik geratu dira, hurrenez hurren, Nerea Elustondo (695), Agin Laburu (685), Oihana Bartra (653,5), Unai Mendizabal (635) eta Peru Abarrategi (627). Hurrengo saioen zain egon beharko dute finalaurrekoetarako sailkatu diren edo ez jakiteko.

Ikusi gehiago:Erori gabe, goian eutsi dio saioari

Itxura polita hartu du Getxoko Muxikebarri aretoak (Bizkaia). Seiehun ikus-entzulerekin bete dira harmailak, goi eta behe. Bertan izan dira hurrengo saioetan ariko diren hainbat bertsolari ere, txapelketari traza hartzeko asmotan. Giroa guztiz lehertzerik ez dute lortu, ordea, bertsolariek, txapelketako lehen saioan.

Zortziko txikian, Martinen eta Mendizabalen bertsoaldiak jaso du txalo gehien. Hau zuten gaia: «Lagunak zarete. Badira urte batzuk arropak eskuz egiten ari zaretela. Ondoren, baita ingurukoentzat ere. Unaik beren sorkuntzak salgai jartzeko gogoa dauka. Alaiak, berriz, ez». Bideratuta eman die gaia Imanol Artola Felix gai emaileak. Eta bertso sorta ederrarekin erantzun diote horri. Mendizabalek eman zuen lehen erantzuna: «Ta gure lana besteei salgai/ gaur zertan ez jarri, ño!/ Hobe dirua gugana etorri/ Amantziorenera baino». Zera erantzun zion Martinek: «Hirurehun euron dago kuota/ juxtu lentejak jateko/ egun aberats izan behar da/ autonomo izateko».

Bartraren eta Elustondoren zortziko txikiko saioan ere izan dira ateraldi politak.

Abarrategik eta Martinek sorta biribila osatu dute hamarreko txikian. Elkarri erantzunez, saio bizia osatu dute. Hauxe dute gaia: «Bikotea zarete. Urteak dira lan egonkorra lortu, etxea erosi eta elkarrekin bizi zaretela. Peru, gaur Alaiak proposatu dizu lana uztea, etxea saltzea eta munduko beste txoko batean hutsetik hastea».

Hau izan dute bertsolariek nahi zuten doinu eta neurrian ganbarako lana osatzeko gaia: «Epaileen aurrera ekarri zaituzte. Esaten duzunak ez du zugan bakarrik eragingo». Saio hasieratik, erori gabe eta oinak lurrean eutsi zioten sei bertsolariek ganbarako lanari. Bide bertsutik jo dute Bartrak eta Elustondok, eta bi euskal presoren gorputzean jarri dira. Lapurreta bat irudikatu du, bestalde, Abarrategik, eta lekukoaren rolean kantatu. Mendizabalek, berriz, jai giroan lagun batekin autoan laguntzaile joan eta txirrindulari bat harrapatu eta bertan hil izana kantatu du. Laguna eta biak epailearen aurrean kokatu ditu. Honela amaitu du bigarren bertsoa: «Berak kartzelaz ta nik kontzientziz/ ordaindu beharko dugu».

Sei bertsolariak ederki aritu badira ere, entzuleen txalo zaparradak salatu du Martin aritu zela finen. Izan ere, bestelako bide batetik jo du oiartzuarrak. Aitaren bortizkeriaren ondorioz etxeko giroa ilundu zaion haur baten larruan aritu da kantari, eta epailearen galdera irmo batekin amaitu du lehen bertsoa:

Lehen borroka bakarra zen:
jantzi edo ez pijama
baina iluntzen joan zen
gure etxeko panorama
eta apurtu haurtzaro
zoriontsu baten plana.
Orain negarrari eusten
eduki behar dut lana
haur bat nola joaten da
epailetzar batengana?
Galdera klasiko batek
sortzen du niregan zama: (bis)
nor maite duzu gehiago
zure aita edo ama?

Bertso horretan bai, bertso horretan lehertu da aretoa. Berehala ase du hurrengo bi bertsoak entzuteko gosea; ez baita denbora asko pasatu bertso batetik bestera. Bertsoz bertso eta puntuz puntu egin du egoeraren argazkia. Bigarren bertsoan jarraipena eman dio galdera horrek haurrarengan eragin duenari: «Galdera bat egingo dit/ eta niregan glamourra/ puskatzen da dardar baten/ baitut oin azpiko lurra/ ama ta nik baitiogu/ nire aitari beldurra». Eta hirugarren bertsoan borobildu du Martinek ganbarako lana: «Baina amak ezin du izan/ beti mamu bat jarraika/ nahiz ta bihotz bihotzetik/ kontraesanekin maita/ aitari esango diot/ jada eztela nire aita». Bertsoaldi horrekin amaitu dira saioko bertso puntuagarriak. Martin irabazle izendatu dute. Hark, amaierako agurrean, entzuleari eskertu zion bertan egon izana.

Bihar, Arrasaten

Bihar Arrasateko Amaia antzokian (Gipuzkoa) izango da saioa, eta bertsolari hauek izango dira kantuan: Gorka Pagonabarraga, Iñaki Apalategi, Joanes lllarregi, Miren Amuriza, Saioa Alkaiza eta Xabier Silveira. Datorren larunbatean, berriz, Gotaine-Iribarnen (Zuberoa) izango da final-laurdena, eta han arituko dira bertsolari hauek: Eneko Lazkoz, Ane Labaka, Julio Soto, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran eta Patxi Iriart.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.