Musika

Pharoah Sanders jazz musikaren ikurra hil da

60 urteko ibilbidean, jazz musikaren adar ugari landu zituen saxofoi joleak, eta azken unera arte segitu zuen diskoak grabatzen

Pharoah Sanders, 2013an, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
mikel lizarralde
2022ko irailaren 24a
20:03
Entzun

Pharoah Sanders saxofoi jotzaile estatubatuarra gaur hil da Los Angelesen (AEB), 81 urterekin eta «bere familiak lagunduta», Luaka Bop zigiluak sare sozialetan jakinarazi duenez. 1960ko hamarkadan hasi zen musika jotzen, New Yorkeko freejazz eszenan, eta bere bizitzaren amaiera arte segitu zuen lanean, hala beste musikarientzat, nola bere proiektu propioak garatuz, baina beti proposamen berriak eta ez-konbentzionalak sortuz. Horren adibidea da iaz Floating Points musikari elektronikoarekin grabatu zuen disko laudatua: Promises.

Pharoah Sanders —Farrel Sanders zen bere benetako izena— 1940an jaio zen Little Rocken (AEB), baina 60ko hamarkadaren hasierarako New Yorkera lekualdatua zen. Berehala nabarmendu zen etxe orratzen hiriburuko jazz eszenan, eta bereziki, jazz aurreratuena bultzatzen zuten giroetan. Hain zuzen ere, han ezagutu zuen Sun Ra, eta azken horrek proposatu zion Pharoah izen artistikoa har zezan.

Lehen urte haietako une inportanteena 1965ean iritsi zitzaion Sanders gazteari, John Coltraneren boskotean sartu zenean. Coltrane 1967an hil zenera arte harekin lan egin zuen, eta besteak beste, Ascension (1965), Om (1965), Kulu Sé Mama (1965) eta Meditations (1965) diskoetan, guztiak urte berean argitaratutakoak, eta guztiak jazzaren kontzeptu tradizionalei izkin egiten zieten lanak. Hain zuzen ere, Sandersen jotzeko modu disonantea ezinbestekoa izan zen Coltraneren azken lan haietan.

Coltrane hil zenean haren alargunarekin, Alice Coltranerekin egin zuen lan, eta berehala segida eman zion bere bakarkako ibilbideari. Bere lan egiteko moduari eta soinuari bizkarra eman gabe: «Soinu iluna daukat», esan zuen elkarrizketa batean. «Gustatzen zait biribiltasuna, sakontasuna eta sentimendua duen soinu ilun hori». Eta gaineratu zuen: «Publikoa bidaia espiritual batera eraman nahi dut. Inarrosi nahi dut, asaldatu nahi dut, gero baretasun sentsazio batekin itzultzeko».

Bere ibilbidean Afrikako eta Indiako musikek ere berebiziko inportantzia izan zuten, eta bere hainbat lanetan bateko zein besteko musikariekin egin zuen lan.

Euskal Herrian ere izan zen Sanders; 2013an Donostiako Jazzaldian jo zuen, eta 2017an Getxo Jazzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.