Alderdiak

Borrokarako deia egin du Sortuk, «kalean zein erakundeetan»

Irailaren 27a dela eta, ekitaldi bat egin du alderdiak Tolosan

Arkaitz Rodriguez, gaurko ekitaldian. JUAN HERRERO / EFE
2022ko irailaren 25a
16:02
Entzun

Ziurgabetasun garaian «itxaropen aktiboaren bandera jasotzea» ezinbestekoa dela esan die Arkaitz Rodriguez Sorturen idazkari nagusiak militanteei. Nehork ez dio Eguri itxaropena kenduko ekitaldian bildu ditu alderdiak bere jarraitzaileak, Tolosan (Gipuzkoa), Txiki eta Otaegiren fusilaketen urteurrenaren harira. Asteartean beteko dira 47 urte frankismoaren azken exekuzioetatik.

Txiki eta Otaegi ekarri ditu gogora Sorturen idazkari nagusiak bere hitzaldiaren hasieran. «Europako edozein herrialdetan omenaldi instituzionalak egingo lizkiekete Txiki eta Otaegiri, baina hemen kriminalizatu egiten dute haien memoria, frankismoarekiko haustura demokratikoa oraindik egin ez den seinale», adierazi du.

Gaurko egoerara ekarri du haria Rodriguezek. Besteak beste, klima larrialdia, aberastasunaren banaketaren arrakala gero eta handiagoa, erregai fosil merkeen amaiera eta inboluzio politikoaren mehatxua aipatu ditu. Eta gaineratu du horri guztiari aurre egiteko ezinbestekoa dela burujabetza.

Egoeraren erantzuleen artean, Ibex-35a, arma industria, putre funtsak, Iberdrola, Petronor, eta «elite ekonomikoa» aipatu ditu. Horiek azken hamarkadotan ezarritako politika neoliberalak salatu ditu.

Alternatiba badagoela esan du. Duela bost hamarkada Txiki eta Otaegiren belaunaldiek abiaturiko «berpizkunde kultural eta sozialari» berriz ekiteko eskatu du. «Herri hau zutik eta martxan jarri beharra dago. Erronka sozial eta ekonomiko kolosalei aurre egiteko eta mezu bat bidaltzeko eskuin erreakzionarioei. Ez gaituzue geldituko! Ezin izan zenuten eta ezin izango duzue!».

Ernairen «aternatiba»

Ane Alava mintzatu da gero, Ernai gazte antolakundearen izenean. Eustakio Mendizabal Txikia militantea ekarri du gogora. «Gazteak ziren herri hau iluntasunetik atera eta matxinada bat abiatu zutenak; gazteak ziren debekuen gainetik lehen ikurrinak atera zituztenak; herriarentzako alternatibak sortzeko espazioak zabaldu zituztenak; gaztetxeak sortu zituztenak; feminismoa lehen lerrora ekarri zutenak; sexu askapenaren aldeko borroka abiarazi zutenak... Gazteak ziren, eta gaur ere gazteak gara».

Orain ere eraldaketa gazteek ekarriko dutela adierazi du: «Gazteak gara nazio bulkada berria hauspotuko dugunak, euskararen aldeko borroka indartuko dugunak, larrialdi klimatikoaren aurrean alternatibak borrokatuko ditugunak».

Rodriguezek bezala, alternatiba badagoela berretsi du Alavak. «Egungo egoera irauli behar dugu, eta ziurgabetasun garai honek exijitzen duen epe luzeko begirada eskaini. Eta horretarako, guk, ezker abertzaleak, badugu proiektua».

Ikusi gehiago:Omenaldia egin diote Katalunian Txikiri, Guardia Zibilak fusilatu zuen lekuan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.