Alderdiak

«Ez Sanchez, ez Feijoo: Euskadi» mezua aireratu du EAJk Alderdi Egunean

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, Andoni Ortuzar alderdiko burua eta EGIko Bea Berlanga mintzatu dira Forondako ekitaldian

Ortuzar, Forondan bildurikoei mintzatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2022ko irailaren 25a
16:45
Entzun

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezi «borondate politiko falta» leporatu dio Andoni Ortuzar EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteak gaur Forondan (Araba) eginiko Alderdi Egunean.

«Konpromiso askok jarraitzen dute bete gabe, denborak aurrera egiten du, eta emandako hitza bete behar da, guk Kongresuan eta Senatuan bozkatzen dugun bakoitzean egiten dugun bezala».

Espainiako politika bi bloke antagonistatan zatituta dagoela azaldu du Ortuzarrek, eta, hori dela eta, mugitzen denari alde horietako batera joatea leporatzen diotela. «Bada, argi baino argiago gera dadila EAJk alde bakarra duela: Ebro ibaiaren iparraldean dago, eta Euskadi deitzen da. Ez Sanchez, ez Feijoo».

Ohiko formatua berreskuratu du ekitaldiak, azken bi urteotan izurriak baldintzatu ostean. Jendetza bildu ahal izan du EAJk berriz ere.

Ortuzarren aurretik, Urkullu mintzatu da. Adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakundeen elkarlanaren fruituak dira, esaterako, «elikagaien eta energiaren prezioen igoera arintzeko hartuko diren neurriak».

Besteak beste, Ukrainako bandera bat erakutsi dute pantaila erraldoi batean, eta Ortuzarrek elkartasuna adierazi dio Errusiak inbadituriko herrialdeari.

Ortuzarrek esan du Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko buruak biltzeko eskatu ziola joan zen astean. Horrek zeresan handia eman du, eta EAJ Sanchezen gobernuari sostengua kentzeko eta PP eta Voxi emateko prestatzen ari ote den galdetu dute askok. «Guk, fatxekin, ezer ere ez. Ezer ere ez!”, esan du.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «herri akordioak» egiteko prest daudela gaineratu du, baina, EH Bilduk itunak egiteko prest dagoela esan izanaren helburua ezker abertzalearen «politika suntsitzailea» ezkutatzea dela esan du.

Berlanga Euzko Gaztediko kideak ohartarazpena egin die ezker abertzalearen gazte erakundeei: «Ernai eta GKS, argi entzun: kaleak ere gureak dira. Guztionak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.