GERRA UKRAINAN

Putinek Europari eskatu dio Errusia «errespetuz» tratatu dezala

Kazakhstanek eta Serbiak ez dituzte aitortuko Ukrainan okupatutako lurretako galdeketen emaitzak. Errusiaren aliatuek eskatu diote Kremili errespetatzeko estatuen «lurralde batasunaren printzipioa». Putinen inguruko agintariek errekrutatzean gertatzen ari diren «hutsegiteak» salatu dituzte.

Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Alesandr Lukaxenko Bielorrusiakoa, gaur, Sotxin. EFE
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 26a
12:32
Entzun

Arrakala batzuk ikusten hasi dira Ukrainako gerraren testuinguruan Errusiaren aliatuek Moskuri orain arte erakutsi dioten babesean. Kremlinek hauspotuta, galdeketa batzuk egiten ari dira Ukraina hegoaldean eta hego-ekialdean partzialki okupatuta dituen eremu batzuetan, eta bozketa horien azken helburua da Errusiak lur horiek anexionatzea, 2014an Krimearekin egin moduan. Serbiak nabarmendu du ez dituela «erreferendum» horien emaitzak aitortuko, eta Kazakhstanek ere Errusiaren jarrera zalantzan jarri du, eta «estatuen lurralde batasunaren printzipioa» errespetatzeko eskatu.

Errusiak Europan dituen aliatu gertukoenetako bat da Serbia, eta Nikola Selakovic Atzerri ministroak adierazi du Donetsk eta Luhansk herri errepubliketan, eta Zaporizhia eta Kherson eskualdeetan egiten ari diren bozketak ez datozela bat «subiranotasuna, mugen bortxaezintasun printzipioa eta lurralde batasunaren politika» ulertzeko duen moduarekin. Kazakhstanek ere «lurralde batasunaren printzipioa» aldarrikatu du, eta ez du galdeketetako emaitzak aitortzeko asmorik, Atzerri Ministerioaren bozeramaile Aibek Smadiyaroven arabera. Elkarrizketarako deia egin du, eta nabarmendu «eskualde mailako edo munduko egonkortasuna» mantentzea dela beren helburu nagusia. Errusiaren bazkide nagusietako bat da Kazakhstan, eta biak OKDB Segurtasun Kolektiboko Itunaren Erakundea aliantza militarreko kideak dira, Sobietar Batasun ohiko beste lau errepublikarekin batera: Tajikistan, Bielorrusia, Armenia eta Kirgizistan. Bihar da galdeketa horietan bozkatzeko azken eguna.

Txinak agertu izan duen antzeko jarrera dauka Kazakhstanek. Hala, Pekinek gerrari buruz zalantzak dituela esan zion Xi Jinping presidenteak Vladimir Putin Errusiakoari, duela bi aste, SCO Shanghaiko Lankidetza Erakundearen goi bileran. Foro berean, Narendra Modi Indiako lehen ministroak adierazi zion Kremlineko buruari ez dela gerrarako garaia.

Mongoliara, 3.000 bat

Eta Errusia barruan ere arrakala horiek nabarmenago ikus daitezke, Putinek lehengo astean iragarri zuenetik gerrarako 300.000 erreserbista mobilizatuko dituztela. Batetik, horren kontrako protestak egin dituzte herrialdearen luze zabalean, eta horietan 2.000 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte, OVD-Info gobernuz kanpoko erakundeak emandako informazioaren arabera. Gainera, errekrutatzea dela eta Errusiatik alde egiten ari dira herritar ugari. Finlandiak jakinarazi zuen ostiralean Putinek iragarpena egin zuenetik bikoiztu egin dela Errusiatik hara iristen ari den errusiar kopurua. Sare sozialetako bideoetan auto ilarak ikus daitezke Georgiako, Finlandiako, Kazakhstango eta Mongoliako mugetan, eta, AFP berri agentziak jaso duenez, Mongoliako mugazainek adierazi dute «areagotu» egin dela herrialdera ailegatutako errusiarren kopurua: asteazkenetik 3.000, eta horietatik 2.500 gizonezkoak. Sergei Tsekov Errusiako Senatuko kideak esan du Errusiako mugak ixteko, hala «militarra izateko adinean» daudenei atzerrira joatea «debekatzeko».

Joan den asteazkenean Putinek mobilizaziorako deia egin zuenean, Sergei Xoigu Defentsa ministroak zehaztu zuen «gaitasun militar bereziak» dituztenak edo borrokan eskarmentua zuten 18 eta 35 urte arteko gazteak deituko zituztela. Baina hedabide askok frogekin erakutsi dutenez, eskarmenturik gabekoak ere deitzen ari dira. Horregatik, Putinen gertuko aliatu batzuk kontra azaldu dira. «Gehiegikeria horiek guztiz onartezinak dira. Erabat zuzena da erreakzio indartsu bat eragitea gizartean», idatzi du Telegramen, Valentina Matviyenko Senatuko presidenteak. Eskatu die Errusiako eskualdeetako gobernadoreei bermatu dezatela mobilizaziorako deia «zehaztutako irizpideen arabera» egitea, «inolako hutsegiterik gabe». Ildo beretik mintzatu da Duma edo behe ganberako presidente Viatxeslav Volodin, Telegramen: «Akatsak egiten badira, beharrezkoa da horiek zuzentzea».

Arma nuklearren erabileraz

Errusiako Gobernuak gaur adierazi du AEBetakoarekin hitz egin duela arma nuklearren erabileraz. Joan den asteazkenean, mobilizaziorako deia egitearekin batera, Putinek iradoki zuen arma nuklearrak erabiltzeko prest legokeela bere herrialdea defendatzearren. Hurrengo egunean hori bera berretsi zuen Kremlinek, eta AEBek jakinarazi zuten «ohar pribatuak» bidali zizkiotela Moskuri, eta ohartarazi zein ondorio edukiko lituzkeen arma nuklearrak erabiltzeak. Jake Sullivan Etxe Zuriaren Segurtasun Nazionalerako aholkulariak atzo ahoratu zuen horrek «ondorio katastrofikoak» edukiko lituzkeela Errusiarentzat, AEBen «erantzun erabakigarri bat» eragingo lukeelako. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak gaur esan du auziari buruz «noizbehinka» hitz egiten dutela AEBekin. «Elkarrizketarako kanal horrek balio du, gutxienez, elkarri urgentziazko mezuak bidaltzeko norberaren jarreraren berri emanez».

Alesandr Lukaxenko Errusiako presidentearekin batzartu da Putin gaur, Sotxin, eta bilera hasi aurretik Europari eskatu dio Errusia «errespetuz» trata dezala. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen arabera, bestetik, jakinarazi diote Kharkiv eskualdeko Izium hirian beste bi hobi komun topatu dituztela. Han, hobi komun batean, laurehundik gora gorpu agertu ziren duela bi aste. «Esan didate ehunka pertsona daudela bi hobi horietan», azaldu zuen Zelenskik, atzo, AEBetako CBS katean egin zioten elkarrizketa batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.