Hego Amerika

Berriro ireki dute Kolonbiaren eta Venezuelaren arteko muga, zazpi urteren ondoren

2015ean igarobidea itxia izan ostean, orain lurreko eta aireko merkataritza trukeetarako erabili ahal izango da bi herrialdeen arteko muga. Kolonbiako gobernu aldaketak aukera eman du bi lurraldeen arteko harreman diplomatikoak leheneratzeko.

Oinezkoak Francisco de Paula Santander zubian, Kolonbiaren eta Venezuelaren arteko mugan. RAYNER PEñA R. / EFE
maddi iztueta olano
2022ko irailaren 26a
12:34
Entzun

Gaurtik aurrera, posible izango da autoz Kolonbiaren eta Venezuelaren arteko muga igarotzea. Irekiera ekitaldi sinbolikoa egingo dute 09:00etan, Simon Bolivar zubian, hemengo 14:00ak aldera. Oraingoz, ez Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak eta ez Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak ez dute baieztatu ekitaldira joango direnik.

Azken zazpi urteetan, oinezkoentzako igarobidea izan da bi herrialdeen arteko muga. Madurok 2015ean debekatu zuen ibilgailuen joan-etorria, anbulantziak eta hileta orgak salbu. Gaurtik aurrera, ordea, merkataritza trukeetarako erabiltzea baimenduta egongo da Santanderko Iparraldeko departamentua (Kolonbia) eta Venezuelako Tachira estatua lotzen dituen mugan.

Hain zuzen, karga igarotzeko baimendu dituzten lehen bi zubiak aipatutako Simon Bolivar eta Francisco de Paula Santander izango dira. Bi horietan, baimenduta egongo da gauean karga alde batetik bestera igarotzea, hots; arratsaldeko 19:00etatik goizeko 06:00etara. Egunean zehar, oinezkoentzako pasabide gisa mantenduko dira.

Lurreko pasabideaz gain, airez ere lotuta egongo dira Kolonbia eta Venezuela. Gaur irtengo da Caracas eta Bogotaren arteko lehen hegaldia, eta Turpial Airlines lineak egingo du. Abenduaren 30era arte, 27 hegaldi antolatu dituzte, eta hegazkin konpainia gehiago zerrendara gehitzeko zain daude.

2.200 kilometro luze den mugako pasabidea Hego Amerikako aktiboenetako bat izan zen 2015ean itxi zuten arte. Esaterako, 2008an 7.000 milioi dolarretik gorakoa izan zen Kolonbiaren eta Venezuelaren arteko merkataritza trukea. Bi herrialdeen arteko tirabirak areagotu ostean, baina, azken urteetan behera egin dute datu horiek. 2020an erregistratu zuten orain arteko kopururik txikiena, hots: 222 milioi dolar.

Zazpi urteko etena

Madurok 2015ean igarobidearen gaineko debekua ezarri ostean, 2019an hautsi zituzten Kolonbiak eta Venezuelak beren arteko harreman diplomatikoak. Orduko presidente Ivan Duqueren gobernuak Juan Guaido oposizioko burua Venezuelako presidente gisa onartu izanak eragin zuen behin-behineko haustura hori.

Kolonbiaren gobernu aldaketarekin batera, baina, bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak adosteari ekin zioten berriro iragan abuztuan. Eman zituzten lehen pausoetako bat izan zen bi herrialdeetan enbaxadoreak izendatzea.

Kolonbiako Merkataritzako, Industriako eta Turismoko ministro German Umañak atzo adierazi zuen Kolonbiako Gobernuak «itxaropen eta fede handiz» hartuko duela mugaren irekiera. Hala ere, bi gobernuek adierazi dute lanean ari direla irekiera «progresiboa, produktiboa eta zoriontsua» izan dadin, «luzera begira ere» iraun dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.