Lan gatazkak

Metalgintzako negoziazioak: Nafarroan akordioa gertuago dago; Bizkaian, urrun

Nafarroako metalgintzako patronalak UGTren eta CCOOren eskaintzak aztertuko ditu. Bizkaikoak, berriz, ez du aldatu lan ituna berritzeko eginiko azken eskaintza.

Metalgitzako langile bat jardun betean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko irailaren 26a
13:46
Entzun

Bilera eguna zen gaur Euskal Herriko metalgintzan. Nafarroako eta Bizkaiko lan hitzarmenak negoziatzeko bilerak egin dira, eta Iruñeko eta Bizkaiko juntadizoek doinu oso ezberdina izan dute. Nafarroan, patronalak astebeteko epea eskatu du CCOOren eta UGTren eskaintzak aztertzeko, eta, bi sindikatu horiek gehiengoa dutenez, baliteke akordioa gertu egotea. Bizkaian, berriz, FVEM enpresarien elkarteak ez du aldatu bere azken eskaintza, eta ez da egon negoziatzeko tarterik. Litekeena da sindikatuek borroka dinamikaren bat aktibatzea.

Iragan astean Arabako metalgintzako patronalak lurraldeko lan ituna berritzeko akordioa lortu zuen LABekin, CCOOrekin eta UGTrekin. Gaurko bilerak aurrenekoak ziren haren ondoren, eta akordio giroa kutsatzen zen ikusteko lehen aukera zen. Bi bilerak amaituta, Nafarroan akordioak gertuago dirudi. Patronalak (APNEM eta ANEM) sei urterako akordioa nahi du, baina UGTk eta CCOOk eginiko eskaintzak aztertzeko prest dago, biak bost urtekoak. Bi sindikatu horiek launa ordezkari dituzte mahaian, ELAk adina. LABek, berriz, hiru ditu; beraz, UGTrekin eta CCOOrekin sinatuta nahikoa luke onartzeko. 35.000 langileri eragiten die itunak.

Nafarroako UGTk %20ko inguruko soldata igoera proposatu du bost urterako, eta gero KPIaren bilakaeraren arabera berrikustea. CCOOren eskaintza, berriz, lehen hiru urteetako bakoitzean %5 igotzea da, hirugarrenaren ondoren KPIra egokitzea, eta hurrengo bi urteetan KPIaren araberako igoerak. ELAk eta LABek esana dute KPIaren araberako igoerak nahi dituztela, eta subrogazioa bestelako beste eskubide batzuk. Era berean, uste dute trabak jarri behar zaizkiela ituna erortzeko aukerari eta gehiegizko malgutasunari. Hurrengo bilera urriaren 4an izango da, eta ez litzateke harritzeko izango akordioa gertu egotea.

Ordu erdiko bilera Bilbon
Bilboko bilerako giroa oso ezberdina izan da. Sindikatuen —ELA, %40; CCOO, %25; LAB, %21,5, eta UGT, %13— eta FVEMen arteko bilera ordu erdikoa izan da. Sindikatuek jakinarazi dutenez, FVEMek ez du aldatu soldatak eguneratzeko bere azken eskaintza: %3,25eko igoera 2022an, %3koa 2023an, eta %2,5ekoa 2024an. Kopuru horiek Arabako akordioan onarturikoetatik oso urrun daude, eta ez dirudi adostasuna lortzea erraza izango denik. Urriaren 13an berriz bilduko dira bi aldeak. Bizkaiko metalgintzako lan itunak 52.000 langileri eragiten die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.