Albistea entzun

Italiako bozak

Europako eskuin muturrak beso zabalik hartu du Meloniren garaipena

«Merezitako garaipena» lortu duela adierazi dute haren aliatuek. Bestalde, hauteskundeen emaitzak «tristeak eta kezkagarriak» direla adierazi du Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordeak.

Italiako parlamenturako hauteskundeen jarraipena.
Italiako parlamenturako hauteskundeen jarraipena. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Julen Otaegi Leonet -

2022ko irailak 26

Italiako eskuin muturraren gorakada nahikoa eta soberakoa izan da parlamenturako hauteskundeak irabazi eta gobernua eskuratu dezan. Botoen %43 inguru eskuratu ditu koalizio eskuindarrak, behin-behineko emaitzen arabera. Giorgia Meloni FDI Italiako Anaiak alderdi ultraeskuindarrak gora egin du bozetan —botoen %4 eskuratu zituen duela laur urte; orain, laurdenak baino gehiago—.

Ikusi gehiago: Ultraeskuindarrak buru dituen gobernu bat aldarrikatu du Melonik

Europan, beso zabalik hartu du eskuin muturrak Meloniren garaipena. Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroa ez da batere berandutu, eta gauerdian bertan zoriondu du FDIko burua, lehen emaitzen berri izan bezain laster. Alderdi biak ala biak daude ECR Europako Kontserbadore eta Erreformisten koalizioan Europako Parlamentuan. Talde komunitarioko eztabaidei begira, Melonik argi du zeintzuk izango diren bere aliatuak.

Marine Le Pen Frantziako RN Batasun Nazionalaren buruzagi ohi eta Asanbleako diputatua ere gogobeteta agertu da Italiako bozen emaitzarekin. Meloni eta Lega alderdiko buru Matteo Salvini zoriondu ditu Le Penek, «Europako Batasuna antidemokratiko eta harroputz baten mehatxuei aurre egiteagatik». Italiarrek «gobernu abertzale eta subirano» bat aukeratu dutela ere gehitu du mezuan.

Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek ere FDIko burua goratu du sare sozialetan; «merezitako garaipena» lortu duela adierazi du. Orbanen Fidesz alderdiko kideek ere izan dute tarterik eskuin muturreko koalizioa zoriontzeko. «Gure helburuak komunak dira: bakea eta familiei laguntzea, [eta] gure mugak babestea», adierazi du Szilard Nemeth alderdiko presidenteordeetako batek. Balazs Orban lehen ministroaren politika zuzendariak ere ohartarazi du «inoiz baino gehiago» lagundu behar dituztela «ikuspegi komun bat» dutenak.

Espainiako Vox alderdiak ere bide beretik jo du, eta komunikatu baten bitartez adierazi du «Italiak nazio aske eta subiranoen Europa berri baterako bidea finkatu» duela. Antzera mintzatu da Juan Guaido Venezuelako oposizioko liderra, Meloni zorionduz. Halaber, Guaidok eskerrak eman dizkio FDIko liderrari Venezuelaren askatasuna «babesteagatik».

Balantzaren beste aldea

Italiar ultraeskuinaren garaipenak Europako hautsak errotu ditu, eta, aliatuak bezala, bestelako iritzidunak ere izan dira. Espainian ere, gobernuko presidenteorde Yolanda Diazek esan du emaitza «tristeak eta kezkagarriak» direla. Dena dela, ez du etsi; «alboan beharko dugu Italia Europa sozialago eta demokratikoago bat eraikitzeko, Hungariaren eta Poloniaren bideari jarraitu ez diezaion», erantsi du. Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek FDIren garaipena gaitzetsi du, eta haren ondorioez ohartarazi: «Populismoak beti hauspotzen dira, eta beti berdina dute amaiera: hondamendia. Iraganera itzultzearen aldeko apostua egiten dute».

Frantzian, Elisabeth Borne lehen ministroak azaldu duenez, «erne» izango dira giza eskubideak errespetatu daitezen bai Italian, bai Europako Batasuneko kide diren estatuetan. Are gehiago: abortu eskubidea nabarmendu du eskubideen artean. Horrez gainera, ez du ezer esan parlamenturako hauteskundeen inguruan.

Bestalde, Europako Batzordea neutral agertzen saiatu da. Eric Mamer bozeramaileak azpimarratu du ez dagokiola batzordeari Italiako kanpainaz iruzkinik egitea. Haren lana gobernuekin elkarlanean aritzea dela azaldu du, eta oraingoan ez dela «desberdina izango». Talde komunitarioko eztabaidei dagokienez, iritzi dio «hauteskunde hauetan Europari buruzko epaiketa moduko bat ikustea muturreko sinplifikazioa» dela.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»
Karakalpakstango 22 ekintzaileren kontrako epaiketaren hasiera, joan den astelehenean, Uzbekistango Bukhara hirian. ©BERRIA

Karakalpakstango protesten epaiketa hasi du Uzbekistanek

Gorka Berasategi Otamendi

Hogei urte arteko zigorrak eskatu dituzte 22 auzipetuen kontra. Manifestariek salatu zuten presidenteak eskualde autonomoaren subiranotasuna ezabatu nahi zuela konstituzio erreforma batekin
Macron eta Putin, joan den otsailaren 7an, Moskun. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidentearen arabera, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen badu aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...